Berri guztiak

Donostia Sustainability Forum 2026: jasangarritasunaren agenda martxan

Orain arteko laguntzaileei Kutxa Fundazioa batu zaie, proiektuaren sendotze eta hazkunde fase berri bati bide emanez

Donostia Sustainability Forum (DSF) egitasmoak 2026ko lehen sei hilabeteetarako jarduera irekiak aurkeztu ditu, jasangarritasunaren inguruko hausnarketa, ezagutza eta ekintza sustatzen jarraitzeko helburuarekin. Urtez urte sendotzen ari den foro honek herritarrentzat, profesionalentzat eta erakundeentzat irekitako espazio parte-hartzaile gisa berresten du bere izaera, Donostia eta Gipuzkoan trantsizio ekologiko eta sozialaren inguruko elkarrizketa estrategikoa bultzatuz.

Urtarriletik ekainera bitartean, DSFek hainbat jarduera ireki antolatu ditu, ikuspegi diziplinartekoa eta gaurkotasuneko erronka nagusiak ardatz hartuta: hiri-plangintza, itsas ekosistemak, hondakinen kudeaketa, osasun globala edo bioetikaren ikuspegia bezalako gai estrategikoak landuko dira, betiere zientziaren eta ezagutzaren dibulgazio zorrotza oinarri hartuta.

2026ko lehen seihilekoko jarduera irekiak

Urtarrilak 22La renaturalización de las ciudades para la adaptación al cambio climático
Salvador Rueda, hiri-ekologoa eta Ecología Urbana y Territorial fundazioko presidente eta zuzendaria.

Otsailak 5:  Sentinels of the Sea: Understanding Marine Mammal Health Through Strandings Data
Rebecca Von Hellfeld, Aberdeeneko Unibertsitateko ikertzailea.

Martxoak 12Residuos: No quisiéramos verlos, pero están aquí
Iñaki Susaeta, Ihobe-ko ingurumen-teknikaria.

Martxoak 26Arrak ar eta arrainak eme: ingurumena eta sexua urazpian
Ibon Cancio, PIE-EHUko Zelulen Biologiako irakaslea.

Apirilak 23: Cultura oceánica y escuelas azules en Euskadi
Maria C. Uyarra, AZTI senior researcher.

Maiatzak 7Un planeta, una salud, un microbioma: un enfoque holístico frente a la resistencia a los antimicrobianos 
Itziar Alkorta, EHUko Biokimikako eta Biologia Molekularreko katedraduna.

 

Saio guztiak herritar orori irekiak eta doakoak dira, eta aurrez-aurre zein online jarraitu ahal izango dira aurrez izena emanda. Ordutegiari dagokionez saio guztiak 18:00etan hasiko dira. Egitasmoari buruzko informazio osoa www.donostiasustainabilityforum.eus atarian da eskuragarri.

Kutxa Fundazioa, bultzatzaile sarea indartuz

2026 honetan, Donostia Sustainability Forum egitasmoak urrats garrantzitsua eman du: Kutxa Fundazioa proiektuaren bultzatzaile eta babesle sareari batu zaio.

Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako proiektura batzeko Kutxa Fundazioak hartutako erabaki honek DSFen ibilbidea sendotu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko oinarri sendoagoa eskaintzen du, tokiko eragileen arteko lankidetza indartuz eta jasangarritasunaren inguruko ekimenak hedatzeko gaitasuna handituz.

Kutxa Fundazioak Gipuzkoako gizartearen ongizatea sustatzera bideratzen du bere jarduera, iraunkortasuna, ezagutza eta gizarte-kohesioa indartzen dituzten ekimenak bultzatuz. Donostia Sustainability Forum ekimenarekin bat egitea ikuspegi horren baitan kokatzen da, eta lurraldeko erronka ekologiko eta sozialei aurre egiteko analisia, kontzientzia eta parte-hartze aktiboa sustatzen dituzten espazioak sortzeko erakundearen konpromisoa sendotzen du.

Kutxa Fundazioak proiektuaren bultzatzaileen sarean parte hartzeak aurrerapauso koherentea dakar bere jarduera-ildo nagusiekin, berrikuntza, jasangarritasuna eta komunitate-garapena uztartzen dituzten proposamenak babestean oinarritzen baitira. Lankidetza honen bidez, fundazioak irtenbide eraldatzaileak eta epe luzerakoak bultzatzeko gai den tokiko ekosistema sendotzen laguntzen du, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko Donostia eta Gipuzkoako gaitasun kolektiboak indartzen ditu.

Zer da Donostia Sustainability Forum?

Donostia Sustainability Forum 2020an sortu zen, Donostian eta Gipuzkoan jasangarritasunaren inguruko eztabaida estrategikoa sustatzeko asmoz. Hasieratik, DSFek helburu argia izan du: ezagutza zientifikoa eta esperientzia praktikoa herritarrengana hurbiltzea, tokiko eta nazioarteko adituen ahotsak Donostiara ekartzea eta jasangarritasunaren kultura indartzea, ikuspegi kritiko eta eraikitzaile batetik.

EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) 2020an sorrera bultzatu zuenetik DSFek dozenaka hitzaldi ireki eta ikastaro antolatu ditu, nazioarteko eta tokiko hizlari erreferenteekin eta egitasmoaren arrakastaren oinarrian, hasieratik lagundu duten babesle eta bultzatzaileen konpromisoa egon da. Orain, sare horri Kutxa Fundazioa gehitu zaio, etapa berri bati hasiera emanez.

Herritar guztiei gonbidapena

Donostia Sustainability Forumek dei egiten die herritar guztiei 2026ko lehen seihilekoan antolatutako jarduera irekietan parte hartzera. Jasangarritasunaren erronkak kolektiboak bait dira, eta irtenbideak ere hala eraiki behar dira: elkarrizketatik, ezagutzatik eta lankidetzatik.