Berri guztiak

Emozioen bitartez gurasoak bere seme/alaben alde arrazionalarekin konekta daitezke

0-3 urte arteko fasea erabakigarria da haurraren garapen emozionalean, horregatik haurraren eta bere oinarrizko zaintzaileen arteko harremanek garrantzi handia dute. “Zenbat eta zaintzaile gehiago hobeto, baina batez ere kalitatezkoak izan behar dira”. Atxikimendua enpatia emozionalaren eta gertutasun fisikoaren bitartez lantzen da, haurrari pertsona hori beti edukiko duela transmititzeko helburuarekin, behar duenerako eta behar duen oro: “Atxikimendua emango didan pertsona batengatik ez naizela kezkatu behar baldin badakit, zoriontsu izango naiz”.

Nahiz eta pertsona baten garapenean garai goiztiarrena erabakigarria den, psikologoak nabarmentzen du atxikimendua edozein adinetan landu daitekeela, “sehaskatik ospitale geriatrikora arte”. Ondoan dituzun pertsonen baitan dago: “enpatikoak izatea, komunikatzen jakitea eta sentitzen duzuna, kezkatzen zaituena edo gainezkatzen zaituena kontatzea errazten dutenak”. Izan ere, “edonork bere bizitza bideratu eta oreka berreskura dezake lagunarte ona baldin badu”.

Erresilientzia gaitasun hau argitzeko, psikologoak bizitzaren metafora bat egin du ostrarenarekin. “Ostra lasai asko dago bere hondarrezko ohatzean eta bat-batean gorputz arrotz bat sartzen zaio barruan. Ostraren erantzuna gorputz hori nakarrez biltzea da perla bat sortu arte. Pertsonei berdina gertatzen zaigu. Bat-batean, familiako, laneko, osasuneko ezbehar batek eraso egiten digu eta ostrak bezala egin dezakegu: Arazoari aurre egin lehen baino indartsuago ateratzeko eta gure aurreko oreka emozionala berreskuratzeko”.

Emozioak baztertu ezin ditzakegun gorputzaren mezuak dira. “Gutxiesten baditugu analfabeto emozionalak izango gara eta informazio baliotsua galduko dugu gure adaptaziorako. Baina gainera, ukatzen baditugu, gorputzak azkenean somatizatu egingo ditu eta gau eta egun gure atzetik ibiliko diren pentsamendu itsaskorrak bihurtuko dira”.

Emozioak alde batera utzi diren mundu batean bizi gara, “baina gorputzak ez du hain erraz ahazten”. Lehenengo pausua gorputza entzutea da: Zer ari zait gertatzen? Zer esaten dit? Gakoa kontzientzia emozionala esnatzean datza emozioak esaten ari direna kokatzeko, izendatzeko eta kudeatzeko. Zentsura emozionala saihestu behar da: huts egitearen beldurrak emozio hauek ezkutatzea eragiten du.

Psikologoak gurasoei gomendatu die mundu emozionalaren bitartez beren seme-alabekin enpatia sentitzeko ondoren arrazoiak uler daitezen: “konektatu zure seme-alabaren eskuin-hemisferioarekin zure eskuin-hemisferioa erabilita, horrela emozionalki konektatuz, ondoren ezkerreko hemisferioarekin konektatzeko, hemisferio arrazionalarekin”. Jolasaren eta ipuinen bitartez emozioak izendatzen irakasten zaie: “arnasketa urduria baduzu, ondoeza sabelean, horrek esan nahi du zapuzturik zaudela partidua galdu duzulako”.

Azkenik gurasoei gogorarazi die beren seme-alaben eredu direla eta beren emozioak erakusteak ez duela eragingo seme-alabek haiekiko errespetua galtzerik, kontrakoa, emozioak azaltzeko, ulertarazteko eta kudeatzeko egindako esfortzua ikusiko dute. Eta batez ere, beren eredu diren pertsonak beti hor edukiko dituztela transmitituko zaie.