Berri guztiak

Gogoetak ingurune atsekabegarri batean

Sarrera.

Erakunde publikoetatik eta hedabideetatik hainbat mezu helarazten dira, genero indarkeriaren (zentzu zabalean) biktima diren emakumeei gure gizartean barneratuta dagoen matxismoaren adierazpen izan daitekeen edozein ekintza salatu dezaten eskatzeko. “Salatu, ez zaude bakarrik” mezua baliatzen da, baina, errealitateak agerian uzten du gaur egungo hipokresia legislatibo eta soziokulturala. Genero indarkeriaren biktimek bizi duten egoera oso urrun dago ustez ematen den laguntza horretatik.

Biktimek ibilbide atsekabegarri bat egin behar izaten dute: beren portaera zalantzan jarria izaten da epaitegietan eta, gainera, gizartearen gaitzespena jasan behar izaten dute egoera horiek onartu izanagatik edo “garaiz salatu” ez izanagatik. Eta biktimak “garaiz” salatzen duenean, birbiktimizazio sekundarioa bermatuta dago: “zergatik zeunden bakarrik?”; “zure jokabidearekin probokatu zenuen erasoa?, ez al zenuen sumatu testuingurua desegokia zela?” eta, ez al zaizu arraroa iruditzen inguruko inork ez jakitea tratu txarrak jasaten zenituela?”… Aurreko guztiaz gain, hedabideetako tertuliak ere kontuan hartu behar dira, batzuetan, biktimak eta akusatuak prozesuan duten rola errespetatu beharrean (bigarrenaren jokabidea da epaitzen ari dena), biktimaren portaera zalantzan jartzen baitute, epaiketaren helburua aldatuz eta, beraz, genero indarkeriaren biktima izan den emakumearen gainean jarriz epaitutakoaren arreta fokua.

Delituaren Biktimaren Estatutua, aurrekonturik ez duen lege bat izanik, tramite hutsa baino ez da, Europaren zigorra saihestea helburu duena. Biktima ikusgai jartzeko proposamen estetikoarekin, protagonismo teoriko bat ematen zaio, baina gero kendu egiten zaio praktikan. Biktima salatzailea beldurraren pean bizi da etengabe, bere izena ezagutzera emango ote den, eta prozedura penalean alboratuta gelditzen da defentsa eskubide behin eta berriz erabiliaren mesedetan, ustez jarduera eremu infinitu bat eskaintzen duelako, biktima jasan izan duen delituaren egilekide bihurtzen duten iritziak barne.

Ikastaroan tratatutako gaiak.

Ikastaroan genero indarkerian adituak diren espezialista ugari bildu ziren (epaileak, fiskalak, abokatuak, biktimaren arreta, kazetariak…), eta agerian utzi zuten gaur egun behar desberdinak daudela emakumearen kontrako indarkeriaren eremuan.

Agerian jarri zen genero ikuspegia aplikatu behar dela bai auzia bideratzeko garaian, bai epaiketan.

Indarkeriaren biktima diren emakumeek behin salaketa egindakoan jasan behar izaten duten “kalbarioa” (bertaratuetako batzuk hala izendatu zuten) ere analizatu zen. Eta bistan jarri zen epaitegiarekin elkarlanean aritzen diren zerbitzuak hobetu behar direla, maila zibilean (talde psikosoziala, gizarte zerbitzuak) nahiz penalean.

Bereziki azpimarratu zen eremu pribatu batean erasotzailearen mende dauden biktimak babestu egin behar direla, kontuan hartuta indarkeria fisikoa ez ezik psikologikoa ere samingarria dela eta emakumearengan nahiz bikotearen seme-alabengan uzten duela arrastoa.

Bertaratu ziren hedabideek agerian jarri zuten albisteak oso era desberdinean tratatzen direla kontuan hartuta zer argitalpen motara zuzenduta dauden eta, hartzaile objektiboen arabera, biktimaren datuak gehiago ala gutxiago errespetatzen direla. Bistan jarri zen nahitaez bete beharreko kode bat sortu behar dela, Delituaren Biktimaren Estatutuan integratzeko.

Aho batez adierazi zen ezinbestekoa dela gai hauetan sakontzen jarraitzea.