Berri guztiak

Hamahiru proposamen, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Arabara hurbiltzeko

Jasangarria izatea ingurumena errespetatzea, sozialki arduratsua izatea eta ekonomikoki bideragarria izatea bada ere. Ardoari buruzko ikastaroak (Guardia) hamar urteko historia bete du jada, eta aurten jasangarritasunean eta kalitate markatan jarriko du arreta, bereziki nabarmenduz Mahastiaren eta Ardoaren Nazioarteko Erakundearen (OIV) 14. Batzar Nagusian hartutako akordioak. Klima aldaketa EAEko mahastietan izaten ari den eragina, upeltegiko hondakinen kudeaketa edo FITOVID (mahastizaintzan fitosanitarioen erabilera murriztea) programa aztertuko dira.

Agurainen, berriz, “Zientzia eta Berrikuntza Produkzio Ekologikoan” izeneko topaketa egingo da. Bertan azpimarratuko dutenez, jarduera hori ez da mugatzen azalera txikietara edo jarduera zaharkituetara, eremu guztietan aplikatu baitaiteke, baita laborantza estentsiboan ere. Ikerketan eta jakintza zientifikoetan lortutako aurrerapenak zabaldu nahi dira, eta nekazari, abeltzain eta kolektiboen arteko eztabaida sortu, bertako barietateen defentsan. Gai ugari izango dira hizpide, hala nola izurrien kudeaketa, gaixotasunak produkzio ekologikoan, haziak, abeltzaintzaren kudeaketa, txandakako artzaintza…

Askotariko profesionalen talde zabal batek lurzoru hondatuen lehengoratzean, landaketen fitoerremediazioan, hondakin organikoen ustiapenean, eta ekonomia zirkularrean edo biofindegi berdean izandako azken berriak ekarriko dituzte (Olarizuko etxaldea).

Horrez gain, hiri berroneratzearen arloan izandako azken esperientzien berri emango da. Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrak hiri, industria eta komunitate birgaitze esperientzia ugari bilduko ditu kongresu batean. Zaharkituta geratzeko arriskua duten arloetan izandako esku hartzeak, “paisaia naturala” versus “paisaia kulturala” dikotomiaren aurrean bien arteko sintesia defendatuta. Paisaiak egituratzen dituzten elementu guztiak baloratzea, aldi berean.

Informazio geoespacialak, BigData bezalako iturri berriekin, plangintzarako, osasunerako edo turismorako tresnak egitea ahalbidetzen du gaur egun. Gasteizko Letren Fakultatean egingo den ikastaroan, hizketagai izango dira bai delituaren mapak polizia eta kriminologiaren arloan, bai desberdintasun geografikoak osasun adierazleetan, bai atlasa eta klima aldaketaren agertokiak.

Udalek hirietako hezkuntza desberdintasunak konpentsatu ditzakete? Udalerriak bere biztanleen arteko desberdintasunak konpentsatu ditzake? Horrelako galderak planteatuko dituzte Gasteizko Udal Hezkuntza Zerbitzuak sustatutako ikastaroan.

Hiriburu horretan, Europako INNUENDO ikerketa proiektua azalduko da, nazioarteko partzuergo bat, WGS genoma ikertzen duena zaintza epidemiologikoetan.

Osasunaren arloan, pediatrak eta endokrinologoak haur-gazteen obesitatea eta sindrome metabolikoa aztertzeko elkartuko dira, gantz kontsumoa, edari azukredunak edo sodio ekarpenaren mugak azpimarratzeko. Epidemiatzat hartutako gaitz horren perspektiba terapeutikoak edo etorkizuna azalduko dira.

Bateriak edo super-kondentsadoreak nola funtzionatzen duten erakutsi, eta energia biltegiratzeko euskal I+G+B azaldu nahi dira beste ikastaro batean, biltegiratze hori beharrezkotzat jotzen baita planetaren biziraupenerako.

Uztailaren 10etik 14ra, Gasteizen, politikako eta nazioarteko harremanetako adituak elkartuko dira berriro, eta aztergai izango dituzte, besteak beste, ekonomia akordioak, hala nola TTIP eta CETA, EBren nazioarteko jardueraren errealismoa eta idealismoa, diplomazia pluralak, diskurtso berriak edo munduko ekonomia krisia, eta nazioarteko kontratuak.

Valentin de Foronda Gizarte Historiako Institutuaren XXIII sinposiumean, nazioarteko topaketa bat egitea proposatzen da aurten. Gizarte aurreikuspeneko esfera publikoa eta pribatua landuko dira, eta ongizate estatua deritzonaren eraikuntza aztertuko da, XIX. mendeaz geroztik, lan harremanetan izandako inplikazioak aintzat hartuta.