Berri guztiak

Komunitateen ongizatea bermatu ezin badugu, ezin ditugu orangutanak babestu

Erakundeak 250 orangutan baino gehiago erreskatatu ditu azken urteotan, baso-soiltzearen eta legez kanpoko trafikoaren biktimak izaten baitira, eta bertako komunitate indigenen osasuna, hezkuntza eta enplegua babesteko programa bat sortu du tximino handi horien ekosistemaren narriadura geldiarazteko. Lan hori dela eta, BBVA Fundazioaren Biodibertsitate Babesaren Mundu Saria jaso zuen Karmele Llanok.

Borneo, munduko hirugarren uharterik handiena dena, biodibertsitate zeharo aberatsa duen tokia da. Karmele Llanok azaldu zuenez, espezie guztien % 5 uharte horretan daude, karbono-hustutegi garrantzitsua osatzen duten oihanez estalita baitago. Oihan hauetan hiru orangutan espezie bizi dira. Duela milaka urte Asiako hego-ekialde osoan zehar hedatzen ziren, eta gaur egun Borneo eta Sumatra uharteak dira azken gotorlekuak. Azken 50 urteetan, orangutanen %65 desagertu da, eta, horrela jarraituz gero, 2025erako populazio guztiaren %80 galduko da. Borneon, zehazki, gaur egun 45.000 eta 52.000 ale artean geratzen dira.

Basoko gizakiaren gainbehera

Orangutana Asiako tximino handi bakarra da, eta hizkuntza indigenean “basoko gizaki” esan nahi du. Karmele Llanoren arabera, ikasteko gaitasun azkarra duen adimen handiko animalia da. Kumeak 7 edo 8 urtez egoten dira amekin, oihanean bizirauten lagunduko dieten portaerak ikasteko. Gainera, oso motel ugaltzen diren animaliak dira, eta eme bakoitzak kume gutxi batzuk izaten ditu bere bizitzan zehar.

Borneoko orangutanen gainbeheraren arrazoiak hainbat dira. Karmele Llanok habitataren galera aipatu zuen batez ere, Borneoko basoetan baso-soiltzeak eragin handia baitu. Nekazaritza-praktika intentsiboek (palmondoa landatzea adibidez), 5 minuturo basoaren futboleko hiru zelairen baliokidea izango litzatekeena galtzea eragiten dute. Horri baso-suteak gehitu behar zaizkio, klima-aldaketak gero eta ohikoagoak diren lehorteak larriagotzen baititu.

Basoak erretzen direnean edo plantazio bihurtzen direnean, gizakien eta orangutanen arteko gatazka sortzen da, orangutanak laborantzetan eta herrixketan sartzen hasten baitira janari bila, eta kalteak eragiten dituzte. International Animal Rescue Indonesiak erreskatatzen dituen orangutanetako asko, basapiztia moduan harrapatu zituzten. Kumeak animalia exotikoen legez kanpoko merkatuan saltzen dira eta egoera negargarrietan hazten dira, normalean kateatuta eta egurats gorrian. Zorionez, Karmele Llanoren arabera, kasu horien inguruko kontzientzia areagotu egin da. Duela gutxi urtero 20 bat orangutan erreskatatzen zituzten eta orain 1 edo 2 baino ez dira izaten.

Erreskatatzen dituzten animaliak International Animal Rescue Indonesiak kudeatzen duen zentrora eramaten dituzte. Egoera onean daudenean, basoetan askatzen dituzte, baina legez kanpoko trafikoaren biktima izan direnean eta kalteak jasan dituztenean, zentroan geratzen dira birgaitzeko. Normalean urte batzuk eman behar dituzte basoko eskolan naturan bizitzen ikasteko. Orangutan bakoitza ezberdina da, jasandako egoeraren arabera errekuperatzeko eta berriz animalia basati bezala bizitzen ikasteko garaia eta modua aldatzen dira. Karmele Llanok gaineratu zuenez, emeak azkarrago ikasi eta sendatzen dira.

Askatzen dituztenak parke nazional batera eramaten dituzte, non espeziea duela urte batzuk desagertu zen. Leku horren inguruan, populazio indigenak oso pobreak dira, bizitzeko modu tradizionala galdu dute, baina ez dira mundu modernora egokitu. Horregatik, International Animal Rescue Indonesiak helduentzako alfabetatze-proiektuak jarri ditu abian, emakumeei arreta berezia eskainiz, bai eta haurrentzako hezkuntza-proiektuak ere. Gainera, komunitate horietako 270 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana.

Karmele Llanok azaldu duenez, "Komunitateen ongizatea bermatu ezin badugu, ezin ditugu orangutanak babestu. Ekosistema beraren zati gara. Aurre egiteko denbora dugu oraindik, eta ekosistemetan, biodibertsitatean eta ingurumenean eragindako kaltea lehengoratu dezakegu". Beren tradizioen arabera bizitzeko aukera eman nahi diete, beren nortasunaren parte diren basoekin bat eginez. Horrela, komunitate horietan biziraupenerako teknikak sustatzen dituzte: labore berriak, akuikultura proiektuak eta haien baliabide naturalen erabilera jasangarria sortu dira, bizitza duina emateko helburuarekin.

Azkenik, International Animal Rescue Indonesiako arduradunak adierazi zuen komunitate horiek bizi duten egoeraren eta Borneoko habitat naturalaren galeraren errudunik handienak konpainia multinazionalak direla, batez ere olio palmondoa landatzen dutenak, ez baitute beren gain hartzen beren ekintzen gaineko erantzukizunik. Errealitate hori ezagutzera eman behar da Borneon lortzen diren lehengaiekin fabrikatzen diren produktuak kontsumitzen diren herrialdeetan.