Berri guztiak

Krisiak aprobetxatu behar dira aldaketak egiteko

Garai korapilatsuak dira, ziurgabetasun handikoak, eta ona da zalantzak eta ziurtasunak partekatzea, ZERO igorpenen bide horretan, jasangarritasunerantz. Oso garrantzitsua da jakitea non gauden eta nora goazen. Eztabaida handiegirik sortu beharrik ez duten puntuak dira, baina arazoa sortzen da beste galdera batzuk planteatzen ditugunean: noiz eta nola egin bidaia hori.

Victor Viñuales soziologo eta Ecología y Desarrollo Fundazioaren (ECODES) kofundatzaile eta zuzendariak azpimarratu du oso bestelakoa izango dela deskarbonizazioranzko bidaia egutegi oso desberdinak planteatzen baditugu. Uneei buruzko eztabaida dago, eta ahots batzuek diote, helmugara heldu behar bada ere, ez dela komeni “horren azkar” joatea. 


Noiz kontzeptua oso lotuta dago nola-rekin, eta “oso arreta txikia jartzen da nola horretan, ez baita azaltzen ez legeetan ez planetan. Kopuruak aipatzen dira, helmugak proposatu, baina ez da esaten horiek nola lortu”.

Nola zehazten duten 10 faktoreak


Urte honetan bertan, Espainian, maiatzeko bero bolada goiztiarrak eta ondorengo harri-erauntsiek uzta hondatu zuten. Gaztela-Mantxan, suteen aurkako dotazioak ez zeuden prest, ez zelako horrelako arriskurik espero hilabete horretan. “Krisietan, espero ez genituen erabakiak hartu genituen, COVIDaren osasun alarman gertatu zitzaigun bezala. Krisiak aprobetxatzea. Egin dugu halakorik?”

Victor Viñualesek dio Europar Batasuna ohartu dela oso arriskutsua dela energiaren alorrean “herrialde konplikatuen” (Errusia) mende egotea eta askoz seguruagoa dela gure eguzkiaren eta haizearen mende egotea. Krisiak aprobetxatu egin behar dira aldaketak egiteko.

Ezin izango da trantsizio energetikorik egin aldi berean ez bada egiten bidezko trantsizio sozial bat. Nozituko den kaltearen pertzepzio errealak ez die eragingo soilik meatze zona geografikoei, eta “jaka horiak” askotarikoak izango dira. Ulertzen eta onartzen dira garraiolarien protesten ondorioz erregaien prezioa jaisteko hartutako neurri politikoak, erregai fosilen ibilbide orrian aurreikusitakoaren guztiz aurkakoa bada ere. Trantsizio sozial mailakatu bat behar da, trantsizio klimatikoari egokitua. Bestela, azken hori gelditu egingo da.


Nekazaritza izango da sektore kaltetuenetako bat, ezingo duelako lanean jarraitu “aitona-amonen esanen” arabera ereiteko edo uzta biltzeko garaian. Ez dago ziurtasunik eta fenomeno atmosferikoak errepikatu egin daitezke ustekabean. Zabaldu egin behar dugu sektore zaurgarrien nozioa, eta administrazio publikoaren tradizioa hautsi, soil-soilik erreakzionatzen duena kaleetan manifestazioak daudenean eta ez prebentzio planen bidez. Victor Viñualesek galdera bat planteatzen du adibide gisa: Inor pentsatzen ari da zer gertatuko den errekuntzako ibilgailuak konpontzeko tailer mekanikoekin? Inork aztertu du zer egin eski estazioekin? .


Etnosferak baldintzatzen ditu gure ekintzak, gure sentimenduak, pentsamenduak, ametsak edo ideiak biltzen dituen kontzeptu horrek. Gure kultura ohiturak dira.  Viñualesek beste galdera bat egiten du: badago inbertsiorik pandemia ondoko berreskuratze planetan gizartearen itxaropena berreskuratzea bezalako xede ukiezinetarako? Trantsizio normatiboari eta teknologokoari dagokienez, urratsez hitz egin daiteke.  Aldiz, trantsizio kulturalean atzeratuta gaude, eta horrek determinatzen du dena. 
Ohiturak eta usadioak, asko alda lezaketenak auto baten jabe izateko beharraren gure pertzepzioa, erabilera guztiz zentzugabea duen baliabide bat izanik kasu askotan. 


Viñuales soziologoak gogora dakarkigu Oxfordeko etika zentroan sortutako kontzeptua: bioerremediatze morala (oxitozina dosi esanguratsuak hartzea besteenganako enpatia hobetzeko). Trantsizioa ez da blokeatuko teknologia faltagatik, besteenganako gure konfiantza ez handitzeagatik eta partekatzen ez jakiteagatik baizik.

Burua etorkizunean dutenek erabaki jasangarriagoak hartzen dituzte, berritzaileagoak; epe laburrari begiratzen diotenek, erabaki zuhurragoak eta ez horren proaktiboak. Katedral pentsamendu batekin jokatzen dutenen mentalitateaz ekin behar diogu (antzinako katedralak eraikitzen hasi ziren jakinik inoiz ez zituztela amaituta ikusiko). Oraingo gure jarduna oinarritzen da “hor konpon atzetik etorriko direnak” ideian, eta trantsizioaren aurkako zerbait da. “Gure seme-alabengan eta bilobengan pentsatu behar dugu. Gure arbasoek landatu zituzten zuhaitzen itzalaz gozatzen dugu. Gaur dakiguna jakinik eta gure egintzek dituzten ondorioak ezaguturik, epe luzera begiratuko lukeen konspirazio bat beharko genuke”.

Ezin dugu jarraitu aho batez hartutako nazioarteko akordioen erritmoan, eta alde batera utzi behar dugu denok batera joatearen ideia, motelenak beti atzeratzen dituelako lasterketan gainerako guztiak.   Berritzaileenekin, ausartenekin egin behar dugu aurrera, behintzat. Aldaketa sozialak imitazioz funtzionatzen du. Aurrean doazenek ekintza determinatzen dute. “Askotan, adostasuna dagoen lekuan ez dago berrikuntzarik”.

Ez dugu denbora askorik, bidezidorrak behar ditugu, edo behar duguna ikusteko beste modu batzuk. Aldaketa disruptiboak, xanpu solidoa erabiltzearena bezalakoak, plastikozko ontzirik ez erabiltzeko, edo ura erabiltzea hura fabrikatzeko, nederlandar gazte batek 2017an bere doktore tesian erakutsi zuen bezala (supermerkatuetan eros dezakegu jada).

Egokitzapena eta mitigazioa. Bietan egin beharko genuke indarra, onura zuzenak eta eratorriak izango lituzketen ekintzetan. Lehen uste genuen egokitzea ez zela horren premiazkoa eta orain ohartu gara guztiz premiazkoa dela. Nekazaritzan, geografian, arkitekturan, hirigintzan… zerbait egin beharko da.

Legeek bakarrik ez dituzte gauzak aldatzen. “Gurpil biziotsu batean gaudenean, ekintza bakar batek ez ditu gauzak aldatzen. Gurpil bertutetsu bat sortu behar da, eta arazoei ekin ikuspegi sistemiko batekin. “Mundua ez da aldatzen lege bategatik, teknologia berri bategatik edo kontzientziazio sozial bategatik. Irtenbidea etorriko da hainbat ekosistemaren eragin gurutzatutik”.


Sortu behar dugu elkarrizketan, elkarlanean eta erantzunkidetasunean oinarritutako kultura bat, non bakoitzak bere kuota aztertuko duen.  Hiria beti egongo da garbi bakoitzak bere espaloi zatia garbitzen badu. Gizartean ezartzea erantzunkidetasunaren eta lankidetzaren kultura.

Victor Viñualesek nabarmentzen du ere itxaropenaren garrantzia, iraultzaren motor gisa. “Lehen ez genuen ezer egiten ez ginelako klima aldaketaz jabetzen, eta orain ere ez dugu ezer egiten itxaropenik ez dagoelako. Itxaropena borondatearen ahizpa bikia da. Funtsezkoa da itxaropena kudeatzea”. Modu bat izan daiteke ekiteko eskala jaistea arazoei aurre egitean, baina itxaropena berreskuratuko dugu, egin dezakegula sinetsiko dugu. “Itxaropenarekin batera, determinazioa. Ez atsekaberik, baina ezta nagikeriarik ere”.