22.Abu.2019

Lur-zentimetro bat galtzea naturak 800 urtetan mantso-mantso egindako lana hondatzearekin pareka daiteke

Desertifikazioa ez datza basamortuak hedatzean eta areagotzean; lurralde baten kudeaketa txarraren ondorio da, kudeaketa horrek paisaia desitxuratu duelako eta basamortu bat gogora ekartzen digulako.

Javier Martínez Valderrama Ikerketa Zientifikoen Goren Kontseiluaren (CSIC) baitako Eremu Lehorren Esperimentu Zentroko kide da, eta Miramar Jauregian irailaren 9tik 11ra izango den “¿Son nuestras sociedades sostenibles? Gestión del Agua y Desertificación en un contexto de Cambio Global” ikastaroaren zuzendaria da. Haren aburuz, “basamortutzearen aurkako borrokaren lehentasuna prebentzio-lana da, jada hasitako prozesua arintzeko estrategien gainetik. Horren arrazoia zera da, oinarrizko zerbitzu ekologikoak asko kaltetzen direla behin arazoa lehertu denean, eta konponketa izugarri garestia eta konplexua dela.

Adibide baten bidez errazago ulertzen da: lur-zentimetro bat galtzea naturak 800 urtetan mantso-mantso egindako lana hondatzearekin pareka daiteke, eta, argi ondoriozta daitekeenez, lurra bere ohiko egoerara bueltatzea ez da lan makala.

Halere, jada kalteturiko eskualdeen arazoa azkarrago konpontzeko ezinbestekoa da bi oinarrizko osagai hauek babestea eta bere onera ekartzea: ura eta lurra. Eremu lehorrak bertako espezieekin basoberritzeak bi aspektutan laguntzen du, alde batetik, landare-estalkiak lurra higaduratik babesten duelako, eta, bestetik, biomasaren metaketak oreka hidrikoa berreskurarazten duelako, bizia biltzen baitu inguruan. Isla emankor horiek ekosistema berpizteko oinarriak dira.

Testuinguru horretan, garrantzitsua da azpimarratzea “basamortua gelditzea” helburutzat duten basoberritze-politikak porrotera kondenatuta daudela. Hain zuzen ere, desertuaren alboetan hazkunde azkarreko espezieak erabiltzeak lurraldeko akuiferoak erabiltzera behartzen du, eta horien gainbehera da emaitza. Gainera, komeni da gogoratzea desertifikazioa ez datzala basamortuak hedatzean eta areagotzean; haatik, lurralde baten kudeaketa txarraren ondorio da, kudeaketa horrek paisaia desitxuratu duelako eta basamortu bat ekartzen digulako gogora.

Uraren erabileran aldaketa horiek ekarri zituzten politikak eta praktikak desaktibatzea da desertifikazioaren aurkako benetako borroka.

ORCID-ID - www.jmvalderrama.com