Berri guztiak

Minbizia detektatzeko baheketa-proben ontasuna eztabaidaren erdigunean dago

Egun, bai Europan, bai Estatuko Osasun Sisteman, bai Euskadin, aplikaturiko baheketa egiaztatuak bularreko, zerbixeko, eta kolon eta ondesteko minbiziak detektatzera bideratuta daude. Halere, bestelako minbiziak detektatuko dituzten probak ikertzen ari dira, baina emaitzen eta aplikazioaren egokitasuna eta onargarritasuna baloratzeke daude oraindik.

Orain dela gutxi arte, zientzialariek, osasungintzako profesionalek eta proben onuraz gozatzen zuten biztanleek ere baheketa deiturikoak onartzen zituzten, eta parte-hartzea izan da Europa barruan eta kanpoan martxan jarri diren programen eztabaidagai nagusia. Halere, tumore horien joeren jarraipenaren harira (intzidentzia eta heriotza-tasa), hainbat azterketa baheketaren ondorio negatiboen inguruan hasi dira hizketan (positibo faltsuak, negatibo faltsuak, gaindiagnostikoa, gaintratamendua) eta, txertoekin gertatu den bezalaxe, polemika sortu da baheketen ontasunaren inguruan, maila profesional eta zientifikoan gehiago maila sozialean baino.

Hainbat dira osasungintzako profesionalek zein orokorrean jendarteak dituen zalantzak: zenbateko fidagarritasuna du proba honek?; ongi nago eta neure burua zaintzen dut, zertarako egin proba?; proba egin eta ez badut ezer ere, orduan zer?; ez zarete beharrezkoak ez diren probak egiten ariko, ezta?; partehartzaileek ezagutzen al dituzte baheketan parte hartzearen ondorioak?; eta zergatik ez dituzue beste minbizientzako probak egiten?

Isabel Portillo irailaren 9tik 10era izango den "Los cribados de cáncer a debate: Balance entre beneficios y efectos adversos" Uda Ikastaroaren zuzendaria da, eta adierazi du "informazioa eskaini beharko geniokeela pertsona orori gai honen inguruan, osasungintza publikoaren estrategia hori neurri justuan balioztatzeko". Estrategia horrek, azken finean, pertsona askori egin diezaieke on, baina gutxi batzuk ere kalte ditzake.

Horri guztiari beste giltzarri bat gehitu behar zaio: desberdintasuna. Hori ere kezka-iturri da. Generoa, bizilekua, maila sozioekonomikoa eta osasungintzarako sarbidea faktoretzat hartuta, ezberdintasunak daude; minbiziari aurre egiteko aukera gutxiago dituzte ezaugarri sozioekonomiko eta kultural apal edo xumeenak dituztenek. Ezbairik gabe, desberdintasunak gutxitzeko inbertitu behar da, informazioarekiko sarbideari, parte-hartzeari eta banakoek eta populazioak dituzten epe ertainerako eta luzerako ondorioei dagokienez.

Halabe, bere hitzetan, "ez diogu inoiz utziko errepikatzeari prebentzio onena eta eraginkorrena bizi-ohiturak hobetzean datzala, Minbiziaren Aurkako Europako Kodeari jarraiki. Laburki esanda, bizi-estiloan ohiturak aldatu behar ditugu; horrela, tabakoa, obesitatea eta elikadura osasuna hobetzeko edo mantentzeko giltzarriak izan daitezen".