Berri guztiak

‘Sin Ellas No Hay Futuro’ erakusketa Donostiara iritsiko da udan

Haurdunaldia edo jaiotza osasun larrialdi arriskutsua bihur daiteke; baita, gaixotasun bat, lesio bat edo sexu eraso baten ondorioak ere. Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen ospitaleetara egunero iristen dira bizia mehatxatzen duten baldintza medikoak dituzten emakumeak. Beste askok, milioika mundu osoan, behar dutenean ez dute mediku bat ikusteko aukera izaten, edo beranduegi izaten da ospitalera iristen direnean.

Chantal, Sylvie, Marlin, Yvonne edo Ednaren kasuan, obstetrizia larrialdi batek edo erditze txar batek fistula bat eragin die, edo senarrek bortxatu dituzte, edo bortxaketaren ondorioz haurdun gelditu dira, edota GIB (Giza Immunoeskasiaren Birusa) dute eta euren haurrei transmititzeko beldur dira.

Emakumeek euren gain daramate krisi egoeran dauden gizarteen zama. Guztia arriskatzen dute, baita euren burua ere, distantzia luzeak oinez eginez, beren haurrentzat sendagaiak eta txertoak lortzeko, edo gaixo badaude mediku bat ikusteko. Haien borroka eguneroko borroka da; oso gutxitan dute erabakitzeko boterea, medikuarengana joatea ere ez baitago euren esku.

Orain beraien istorioak ezagutzeko aukera izango dugu, EHUko Udako Ikastaroen baitan. Miramar Jauregian egingo da uztailaren 10etik irailaren 15era bitartean, Mugarik Gabeko Medikuan erakundearen erakusketa hau, sarrera irekia eta doakoa da.

‘Sin Ellas No Hay Futuro' erakusketak Martina Bacigalupo, Patrick Farrell, Kate Geraghty eta Sydelle Willow Smithen argazkiak eta bideoak biltzen ditu eta MSFk lan egiten duen testuinguruak erakusten dizkitue, hala nola, Burundi, Papua Ginea Berria, Malawi eta Haiti. Emakumeen osasunarentzat eta bizitzarentzat diren bost mehatxu barne hartzen dituzte, horiek pairatzen dituzten emakumeen lekukotasunaz baliatuz. 

Gainera, EHUko Udako Ikastaroetako saio bakoitzaren hasieran, erakusketa honen inguruko bideo labur bat proiektatuko da eta, horrez gain, jarduera irekien barruan, Mugarik Gabeko Medikuak mahai-ingurua antolatuko du krisi eta gatazka eremuetan emakumeen osasunerentzako diren mehatxuak eztabaidatzeko.

LEKUA: Miramar Jauregia (Donostia)

DATA: 2018ko uztailaren 10etik, irailaren 15era

SARRERA: Irekia eta doakoa