Berri guztiak

Suizidio baten aurrean familia errudun senti daiteke

Gizaki guztiek sentitzen dute atsekabea pertsona maite bat hiltzen denean, batez ere suizidio baten ondorio denean. Halere, ez dituzte denek behar psikologiko berak izaten, ezta baliabide pertsonal eta sozial berak eskuragarri izan ere. Hurbileko baten heriotza estresaren iturri da, baina askok, egoera horri aurre egiteko, erresistentzia emozional bat daukate. Atsekabe erigarria sortzen da banakoak dolu-prozesuan emozio negatiboak pairatzen dituenean (tristura, haserrea, errua, nahasmendua) eta, oso biziak eta iraunkorrak izanik, eguneroko bizitza oztopatzen dutenean. Kasu horietan, tratamendua goiz hasi behar da sintomak kroniko bihur ez daitezen. Autolaguntza-taldeak lagungarriak izan daitezke era osagarrian, batez ere atsekabe erigarria sentitzen dutenak gizartean isolatuta badaude.

Ez dago esperientzia garratz horri aurre egiteko edabe magikorik, baina badaude prozesu hori arintzeko lagungarriak diren jarraibideak. Lehenik eta behin, gogoratu behar da bakoitzak bere denbora behar duela eta bere eran biziko duela dolua, zeina ez den seguruenik beste batenaren berdina izango. Eta, bigarrenik, denbora, sentitutakoa adieraztea, gizartearen eta familiaren babesa, eguneroko bizitza berrekitea eta jarduera atsegingarrietan parte hartzea nahikoa izan daitezke ondoez emozionala hein batean gainditzeko. Oso positiboa da sufrimendua onartzea eta hari gainjartzea. Azken finean, esperantza eta hobetzeko nahia biziraupenaren eta kontserbazioaren giza senaren parte dira.

Kasu batzuetan, aldiz, pertsona bakoitzaren (nortasun zaurgarria, aurretik beste norbait galdu izana, etab.), egoeraren (bat-bateko heriotza edo heriotza bortitza, seme-alaba baten heriotza, etab.) eta gizartearen (beharrezko babesik ez izatea) zirkunstantziek pertsona maite baten heriotzak sorturiko egonezin emozionala dolu patologiko bihurtzen dute, zeinek bizitza oztopatzen duten. Kasu horietan, esku-hartze profesionala behar izaten da, psikologikoa eta/edo medikoa.

Suizidioaren ikerketan erronka handiak daude heldu diren urteetarako: a) arrisku handiko pertsonak identifikatzea eta, diagnostikorako erreminta aproposen bidez, suizidio-arriskua zuzen estimatzea; b) esku-hartzerako estrategia egokiak sortzea betiere ebidentzian oinarrituta; c) programa espezifikoak diseinatzea bai gazte eta nerabeentzat, bai adinekoentzat; d) neurri zehatzak hartzea batez ere zaurgarrienak diren pertsonentzat, arrisku-faktoreak gutxitzeko hala (alkohol- eta droga-abusua, gizarte-bazterkeria, depresioa eta estresa); eta e) prebentziorako programa psikohezitzaile erangikorrak proposatzea suizidatzeko saiakera bat izan dutenen senideentzat (Osasunaren Mundu Erakundea, 2014).

Bukatzeko, berebiziko garrantzia du haur eta nerabeen familietan eta eskoletan lehen mailako prebentzioa egiteak (esate baterako, eskola-jazarpenaren edo amodio-arazoen alorrean). Baldintza gabeko babes afektiboa eskaini behar da, nerabeek ohitu behar dute beharrezko denetan laguntza eskatzera, eta emozio eta egoera negatiboei aurre egiten irakatsi behar zaie (nerabeek dramatizatzeko joera handia dutelako azken finean). Bestalde, hauxe da ekidin beharreko beste kontu garrantzitsu bat: askotan errepikatzen den arazoa, hala nola errendimendu akademiko baxua edota drogen kontsumoa, solasaldietako mintzagai bakarra izatea. Esan gabe doa, estrategiak ardatzean izan beharko lukeen beste gako bat da seme-alabekin jarduera atsegingarriak bizitzea maiztasun handiz.