Berri guztiak

Uda Ikastaroen aurkezpena Donostian

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak babestu eta homologatzen du, eta Cristina Uriarte sailburuak azaldu zuen zergatia: "Egiaz sinesten dugu etengabeko prestakuntza funtsezkoa dela kalitatezko irakaskuntza eskaintzeko”. Aldatu egin dira irakasteko eta ikasteko moduak, eta aurrera egin behar da, ekitatea, balioetan oinarritutako hezkuntza, aniztasunaren babesa eta aukera berdintasuna oinarrizko zutabetzat sustatuz. Hori kontuan hartuta, sailburuak zenbait ikastaro azpimarratu zituen, hala nola hizkuntza nahasmendu eta dislexia kasuetako ebaluazioa nahiz esku-hartzea jorratuko dituena. Era berean, Bizikasi ekimena dibulgatzeko ikastaroa ere gomendatu zuen Cristina Uriartek. Bizikasi ekimena bullyingari aurre egiteko proiektu bat da, eta hezkuntza komunitate osoa inplikatuko du, prestakuntza, tresna didaktikoak eta aholkularitza eskainiz.

Eusko Jaurlaritzaren Irakurketa Plana ere izango da aztergai "Irakurketa Plana Ikastetxean: irakurri ikasteko, irakurri gozatzeko” ikastaroan. Cristina Uriartek gogorarazi zuen irakurketa eta idazketa direla metodoak eraldatzen dituen irakaskuntza ororen bizkarrezurra.

XXI. mendeko ikaskuntzako oinarrizko konpetentziak, “Visual Thinking” eta antzeko tresna digitalak erabiliz eskolatzearen hasieratik (“Haur Hezkuntza, bizitzako oinarrien etapa”), eta hezkuntza zientifikoaren balioa aipatu zituen hezkuntza sailburuak hemendik gutxira bere sailak STEAM estrategia berria abian jarriko duela iragartzeko.

Ikastaroen zuzendari gisa, Carmen Agouések azpimarratu nahi izan zuen Uda Ikastaroen erronka gaurkotasun handieneko gizarte kezkekin erlazionatutako gaiei heltzea izaten dela, eta komunitate zientifikoaren topaketak sustatzea, esperientziak, aurrerapenak eta ikerketa ildo berriak partekatu ahal izateko biltzar zientifiko ugarien bidez. Era berean, joera teknologiko berriek gizartean duten eraginaren gainean elkarrizketa, eztabaida eta gogoeta egin nahi izaten dira, eta aliantzak ezartzen lagundu, eragileen artean sareak sortu.

Programaren testuinguruari dagokionez, honako hauek nabarmendu nahi izan zituen zeharkako lerro nagusi gisa: XXI. mendeko hezkuntza, iraunkortasunaren balioa, kultura demokratikoa, demografia eta zahartzea, genero ikuspegia eta nazioarteko nahiz Europako eremua.

Agustín Erkizia Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak aipatu zuen ikastaroek gaur-gaurko gaietara zabaltzen dutela unibertsitatearen ikuspegia. Beti egin izan dute hori, baina aurtengo edizioan aldaketei erreparatzen dien iparrorratz bilakatu dira. Ikuspegi akademikoa duen iparrorratz bat.

Irizarren langileen arloko zuzendari den Roberto Iñiguez de Osoñok gogora ekarri zuen “El Viaje de la Vida” zikloak pertsonak hartzen dituela ardatz, Irizar talde industrialak bere lan filosofian eta eginkizunean egiten duen moduan.