Berri guztiak

UPV/EHUko Uda Ikastaroek 25 proposamen eskaintzen dituzte Bizkaian, era guztietako gaiak berrikasteko

Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroek 40. edizioa beteko dute aurten, eskaintza hibrido eta zabal batez. Hiru campusetan egingo diren urrez aurreko saioak online modalitatearekin uztartuko dira. Ikasi kontzeptuak, 40 urtez emandako ikastaroen ardatza izan denak, esanahi berezia hartuko du aurtengo edizioan, egoera berri batean bizi garelako non erreferenteak lekuz aldatu diren. Historikoki gizartearen behar eta ezagutza berrien isla eta are abangoardia izan badira ere, oraingo honetan ikastaroek berrikasteko jarrera hartu dute, zenbait gako aldatu egin baitira ingurune berri honetan.

Bizkaiko Campusean, Bizkaia Aretoa erdigunetzat hartuta, aurten prestatzeko, ezagutza zabaltzeko eta eztabaidatzeko 25 ikastaro eskaintzen dira. Bilboko askotariko eskaintzak hainbat ardatzi erantzuten dio, hezkuntzatik hasita ikaskuntza ororen oinarri gisa. Eta irakurketa izango da, hain zuzen, Bizkaia Aretoan egingo den lehen prestakuntza proposamenaren oinarria: “Irakurtzen ikasteko arlo guztietan: Nola hobetu ikasleen irakurtzeko gaitasuna”; era berean, GJHak bultzatu nahi dira literaturaren bitartez Haur eta Lehen Hezkuntzan “Haur eta Gazte Literatura eta Garapen Jasangarrirako Hezkuntza” ikastaroan.

Iraunkortasunak, hala ingurumenekoak nola ekonomikoak eta sozialak, askotariko hitzorduak ditu: hala, BC3k zuzendutako “Green deal: inflexio puntua klima krisiaren aurrean?” ikastaroa eskainiko da, zeinak ekonomia eta gizarte eraldaketa ere aztertuko baitu; eta, «Biomimesis», naturaren osagaien erabilera adimentsuari helduko diona, biodibertsitatea eraldaketa ekonomiko eta sozialerako motor gisa hartuta; ikastaro horrek espezialista asko bilduko ditu hitzaldietan, proiektuetan eta Bioarte erakustetan. Bizkaiko hiriburuan egingo dira, halaber: “Ekonomia Zirkularra eta haren aukerak”, Arkitekturako eta Hirigintzako Energia Eraginkortasunari eta Jasangarritasunari buruzko Europako Biltzarraren 12. edizioa, eta “Giza osasunaren eta gure planetaren osasunaren arteko loturak”, non gaixo dagoen planeta baterako terapiak izango diren hizpide.

Aurrekoari estuki lotuta, ESGak –aberastasun jasangarria sortzeko irizpideak– finantzen arloan abian jartzen ari den berrikuntzaren parte gisa aztertuko dira, baita enpresen eta erakundeen “Gizarte Kontabilitatearen Normalizazioa” ere.

Beste aztergai bat osatzen dute honako hauek: “Ikerketa klinikoaren alderdi etikoak COVID-19aren pandemian: esperientzia eta ikasitako lezioak”, “Prozesu kirurgiko pediatrikoaren humanizazioa”, zelula amak etorkizuneko medikuntza pertsonalizatuaren oinarri gisa, eta osasun arretaren hizkuntza kudeaketari eta planifikazioari buruzko “Osasuna eta Hizkuntza IV: Ikerketatik ezagutzara”.

Aurten, “Justizia gako feministan” ikastaroaren hirugarren edizioa izan dugu; oraingoan, pornografia, prostituzioa eta indarkeria matxista izango ditu hizpide, txapon beraren hiru aldeak beren errealitate gordinean.

Kulturaren arloan, eskaintza benetan anitza dugu. Atzo, Kultura, Komunikazio eta Garapenerako Topaketa 2021 amaitu zen, eta bertan, Kubako, Senegaleko eta Euskadiko erakundeen eta pertsonen sareak sortu ziren.

“Euskararen mugak antzinako Baskonian” ikastaroak sekulako arrakasta du. Lehen argazki batean, orain dela 2.000 urteko hizkuntza egoeraren berri ematen du, Akitaniatik Soria iparraldera. Bigarrengoan, orain dela 1.000 urtekoan, euskara Errioxa Garaira iritsi, eta Burgosko iparraldetik hedatzen da.

Itsasmuseoak ere hitzordua du Bilboko UPV/EHUko Uda Ikastaroekin. Haren arduradunen iritziz, une gako bat ari gara bizitzen itsas ondarerako, eta gure gizartea haren balioa aitortzen eta hura berreskuratzeko eskatzen hasita dago; beraz, beharrezkoa da haren kontserbaziorako oinarri zientifiko bat ezartzea.

Argitazpen artistikoari aplikatutako LED teknologiaren egungo egoera azaltzea, haren zehaztapen teknikoak sakon aztertuta, eta kontserbazioaren ikuspegitik duen balioa agerian uztea, hori da, hain zuzen, Guggenheim Museoak hirugarren ediziorako proposatzen diguna.

Eta osasun egoerak Bilbon egon daitezen ahalbidetzen badu, London College of Communication-eko (UAL) irakasleak Zorrotzaurreko sormen uhartean egongo dira, ikastaro bat emateko UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen lankidetzaz. Arte bisuala, argazkilaritza gehienbat, egiten duten sortzaileei eta artistei eskainiko zaie, eta uharterako erantzun bisualak bilatuko ditu, garaian garaiko koherentziari erreparatuta: iragana, oraina eta etorkizuna. Ikastaroak aurrez aurrekoa izan behar du, gehienbat praktikoa delako.

Ikastaroen presentzialtasuna orokorra izango da hitzordu akademiko horietan guztietan; dena dela, zuzenean online parte hartzeko aukera ere eskainiko da.

Bizkaiko Campusaren uda ikastaroen eskaintza 2000. urtean hasi zen, “Bilbo, arte eta kultura” topaketekin. Azken bi hamarkada hauetan, nabarmen igo da ikastaroen eta ikasleen kopurua, baita horien nazioarteko hedapena ere.