Nazioarteko kongresua Gernika(k) / Guernica(s): Trauma historikoaren birsemantizazioak

Eka. 13 - 14. Eka, 2024 Kod. L01-24

Azalpena

Deialdi honen bitartez, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) MHLI (IT1579-22) ikertalde kontsolidatua Gernikan, 2024ko ekainaren 13 eta 14an, Nazioarteko Kongresua ospatuko dela iragartzera dator, Gernika(k)/Guernica(s). Trauma historikoaren birsemantizazioak izenburupean. Kongresuaren ardatz izango dira Gernikako bonbardaketaren errepresentazio kulturalen eta Pablo Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialen inguruko hausnarketak.

Kongresuan parte hartuko duten hizlarien zerrenda oparoan argi antzematen da giltzarri den diziplinarteko planteamenduaren isla. Hain zuzen ere, jakintza arlo askotako adituak arituko dira hizlari: besteren artean, ikerketa politiko eta historikoetan espezializatutako Stefanie Schüler-Springorum (Technische Universität Berlin); historialaria eta Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko zuzendaria den Xabier Irujo Amezaga; Euskal Literatura garaikideko espezialista den Mari Jose Olaziregi Alustiza (UPV/EHU; MHLI Ikertaldeko zuzendaria eta Ikertzaile Nagusia); Artearen Historian, Ikasketa Kulturaletan eta arte komisariotzan jakitun den Jorge Luís Marzo (BAU, Centre Universitari de Disseny Barcelona) eta baita MNCARSko “Repensar Guernica” proiektuko kide den Rocío Robles Tardío arte historialariaren (Universidad Complutense de Madrid) pareko adituak ere. Horiez gain, aditu gonbidatuak izango dira MHLI ikertaldeko kanpo kolaboratzaile hauek: Dolores Vilavedra (Universidad de Santiago de Compostela), Maitane Ostolaza (Université de Perpignan), Iker González-Allende (University of Nebraska), Estibalitz Ezkerra (University of Colorado) eta María Oianguren (Gernika Gogoratuz).

Bai key speakers edo hizlari nagusien zerrendak, bai haiek eskainiko dizkiguten hitzaldi sortak asmoa du etorkizuneko parte-hartzaileek era askotako ikuspuntu, metodologia eta ikerketa arloak elkarrizketan jarri eta elkartrukatzeko abagunea sortzea. Gernika, gertakizun eta oroimen gune den neurrian, Santnerren hitzetan, «tai gabe eguneratzen da eta bizirik dirau», edo Roberto Calassoren hitzetan, isla edo oihartzun eran dirdiratuz, durundi eginez errepikatzen da «ezin konta ahala bizitzetan». Azken buruan, Warburgen esanei jarraiki, nola gertaerak hala artefaktuak, badute post-bizitza tankerako bat, geruza askokoa, dela ikonografikoa, dela artistikoa, dela oroimenezkoa, dela politikoa. Beraz, ikergaiak eskatzen duen diziplinartekotasuna da kongresu honek ahalbidetu eta sustatu nahi duena.

Nazioarteko Kongresuan, Gernikako Bakearen Museoaren eskutik, oroimen gune eta gatazka lekuak zeharkatuko dituzten bisita gidatuak egingo dira. Gainera, Bakearen Museoan bertan MHLIko artearen historialariek komisariatutako aldi baterako erakusketa izango da ikusgai, zeinak kongresuaren gaiarekiko harreman estua izango duen. 

Interesatuei gonbita egiten diegu beren proposamenak bidaltzearekin batera (euskaraz, gaztelaniaz ala ingelesez) parte har dezaten anbizio handiko truke akademiko honetan. Ondoko gai nagusien inguruan ardaztuko dira ekarpenak:

1: Gernika, oroimen gune (lieux de mémoire). Gernika bezalako oroimen guneen gaurkotasun nabarmenak, Zeitgeist anti-memoriaren zein egia likidoaren etengabeko mehatxupean, eskatzen du berrikuspen akademikoa eta diziplina guztietako espezialisten elkarlana. Ardatz tematiko hau Gernikan ardaztuko da, memoria(k) sortzeko gune edo memoria eztabaidatuen zein lehian dauden memorien jatorri gisa. Gernika oroitzeko eta oroitua izateko gaitasuna duen gune gisa. Gernika Mahnung gisa; ohartarazpen gisa, ez bakarrik bere historia kontatu edo bere trauma oroitzapen kolektiboan hedatzen duen oroitzapen bizia izanik, baita antzekoak izan daitezkeen gertakarien abisu gisa ere.

2: Gernika, esanahi politikoa. Ardatz tematiko honetan jasoko dira gertakizun traumatikoaren garrantziari bonbardaketaren esangura sinbolikoaz eta Gerra Zibileko testuinguruan betetako lekuaz haratago erreparatzen dioten proposamenak. Hortaz, Tatort gisa jorratuko da Gernika («krimenaren gertaleku», bai hilketa kultural, bai giza hilketa legez). Halaber, 1936-1939ko gatazka aise gainditu duen sorgune modura erreparatuko zaio gaiari, narrazio politiko eta identitario desberdinen sorgune izan den locus modura, beraz.

3: Gernika, dispositibo artistiko. Alor honetan, berriz, Artearen Historiatik ez ezik, Kultura Ikasketetatik, irudien historiatik zein ikonografiatik abiatutako hausnarketa orori egingo zaie leku. Gogoeta horrek ez du oinarritzat gertaera politikoa edo oroimen gune fisiko ala sinbolikoa hartuko, Picassoren artelana baizik; hots, koadroaren nazioarteko oihartzuna. Bere biziraupenari erreparatuko zaio une oro aldatzen ari den narratiba eta diskurtso antibelizista gogoratzeko gai den tresna gisa, indarrean egotea eta bizirik irautea lortu duena etengabe garatu eta mugagabeki egokituz ‒bere post-bizitzan, Warburgek emaniko zentzuan, eta hertsiki lotuta ikusizko arte adierazpenekin zein luzaroan irauteko eta gaurkotasunari eusteko ahalmenarekin‒.

4: Gernikaren birsemantizazioak. Aurreko puntuarekiko hartu-eman estuan, Picassoren Guernica-ri biziraupenetatik heltzea da xedea. Horretarako, dispositibo artistikoak ikono bilakatzeko eta noiznahi zein nonahi, isla edo oihartzun modura berragertzeko duen ahalaz hausnartuko da; gatazkek edo aldarrikapen sozial, politiko, zibil, kultural eta identitarioek markatutako beste leku batzuetan duen presentziaz, preseski.

5: Beste Gernika(k). Azterketa konparatua planteatzen duen zeinahi hurbilketa da hari nagusia. Beti ere kasu bizkaitarretik abiatuta onartuko dira, batetik, Euskal Herri mailan ‒Otxandio, Durango‒ sakontzen duten proposamenak eta, bestetik, Gerra Zibilean espainiar Estatuan edo Euskal Herrian gertatutako operazio militarren, zigorren edo terrorismoen testuinguru jakinaren koordenada tenporal eta geografikoak gainditzen dituzten planteamenduak ere.

6: Gernikaz haratago: oihartzunak, Iberiar Penintsulan. Eremu tematiko honetan bestelako proposamenak bilduko dira ‒batik bat literaturatik eta horri lotutako Memoria Ikasketetatik datozenak, baina zabalik dago beste hurbilketa batzuk aurkezteko aukera‒, Gernikak dirdiratzeko eta durundi egiteko duen gaitasunari buruz hausnartze aldera. Aipatu Calassiar zentzuan, asmoa baita Gernika(k) berragertzeko eta bizirauteko duen ahalmenaz, edo, bestela esanda, euskal eremua gainditzen duten espazio literarioetan «beste bizitza» batzuk bizitzeko duen ahalaz gogoetatzea. Bereziki ongietorriak izango dira, alde horretatik, Gernikako gertakizun traumatikoaren oroitzapenaren presentzia ardatz duten planteamenduak, baita memoria(k), adierarik zabalenean, beste literatura iberiar batzuetan pizteko gai d(ir)en elementu gisa ere.

7: Gernika(k), hezkuntzan: ardatz honetan bilduko dira iraganeko gertakari traumatikoak didaktikatik lantzen dituzten proposamenak, eta baita hezkuntzak memoriaren transmisioan eta gizarte demokratikoen eraikuntzan izan duen garrantzia aztertzen dutenak ere. Espresuki izanen dira ongietorriak, proposamen didaktiko berritzaileak gune izanik, memoriaren eta artearen arteko elkarrizketa aztertzen duten kasu azterketak.

Irakurri gehiago

Helburuak

Kongresuaren ardatz izango dira Gernikako bonbardaketaren errepresentazio kulturalen eta Pablo Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialen inguruko hausnarketak. Bai key speakers edo hizlari nagusien zerrendak, bai haiek eskainiko dizkiguten hitzaldi sortak asmoa du etorkizuneko parte-hartzaileek era askotako ikuspuntu, metodologia eta ikerketa arloak elkarrizketan jarri eta elkartrukatzeko abagunea sortzea. Zenbait hitzaldi hautatu prestigiozko argitaletxe batean (SPI, Q1) argitaratuko da.

Proposamenak aurkezteko epemuga

  • Hitzaldien proposamenak 2024ko otsailaren 29a baino lehen bidali behar dira: hitzaldiaren izenburua, zein gaitan ardazten den eta 250 hitz inguruko laburpena, euskaraz edo gaztelaniaz (biek ala biek ingelesezko itzulpena izan behar dute) edo ingelesez (kasu honetan, euskarazko edo gaztelaniazko itzulpena gehitu behar zaio), ohar bibliografiko laburrarekin batera (10 lerro, gehienez) (txantiloia: https://acortar.link/U5D6TE), kongresuaren webgunean eskuragarri jarritako plataforma bidez (inprimakia: https://n9.cl/xkyg5).
  • Batzorde antolatzaileak berrikusi ondotik, kongresuaren zuzendaritzak emango du onarpen erabakiaren berri 2024ko martxoaren 15a baino lehen.
  • Hitzaldiak (15 minutukoak) euskaraz, gaztelaniaz ala ingelesez eskainiko dira; ez da aldibereko itzulpen zerbitzurik egongo; horregatik, aurkezpenerako ikus-baliabideak (PPTa, kasu), erabili gabeko beste bi hizkuntzetarik batean proiektatu beharko dira.

 

Argitalpena

  • Hautatutako hitzaldiak prestigiozko argitaletxe batean (SPI, Q1) argitaratuko dira.
  • Argitaragai diren lanak aurkezteko epemuga: 2024/09/02.
  • Argitaratzekotan, arau editorialak bete beharko dituzte lanek; arauok kongresuaren webgunean zintzilikatuko dira, aurki (https://mhli.net/gernika/).
  • Proposamenak miguel.venegas@ehu.eus eta ana.gandara@ehu.eus helbideetara bidali behar dira.

 

Izen emateak. Epeak:

  • Hizlari gisa izen-emateko epea: 2024/03/15-2024/05/20
  • Entzule gisa izen-emateko epea: 2023/12/01-2024/05/20

 

Gogoan hartzeko epeak

 

  • 2023/12/01: entzuleentzako izen-ematearen hasiera.
  • 2024/02/29: komunikazio proposamenak aurkezteko epemuga luzatua.
  • 2024/03/15: hitzaldiaren berrespena jasotzeko epemuga.
  • 2024/03/15: hizlarientzako izen-ematearen hasiera.
  • 2024/04/29: kuota murriztuetarako epemuga.
  • 2024/05/20: entzuleek izen-emateko epemuga.
  • 2024/09/02: argitaratzeko artikuluaren proposamena bidaltzeko epemuga

 

Antolakuntza batzordea

  • Ana Gandara Sorarrain (MHLI. UPV/EHU)
  • Mari Jose Olaziregi (UPV/EHU)
  • Miguel Rivas (UPV/EHU)

Batzorde zientifikoa

  • Jesús Alonso Regalado (City University of New York)
  • Gorka Mercero Altzugarai (University of Liverpool)
  • Iratxe Momoitio Astorkia (Fundación Museo de la Paz de Gernika)
  • Francesc Montero Aulet (Universitat de Girona)
  • Joan Oleza Simó (Universitat de Vàlencia)
  • Xavier Pla i Barbero (Universitat de Girona)
  • Joan Ramon Resina (Stanford University)
  • Jacqueline Urla (University of Massachusetts, Amherst)
  • Ulrich Winter (Philipps Universität Marburg)

Batzorde exekutiboa

  • Izaro Arroita Azkarate (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Mikel Ayerbe Sudupe (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Amaia Elizalde Estenaga (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Miren Ibarluzea Santisteban (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Garbiñe Iztueta Goizueta (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Andere Larrinaga Cuadra (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Ismael Manterola Ispizua (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Pio Perez Aldasoro (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Mikel Onandia Garate (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Beñat Sarasola Santamaria (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)

Idazkaritza teknikoa

  • Nerea Eizagirre Telleria (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Maialen Fernandez Martinez (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Nagore Fernandez Zabala (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Leire Iruretagoiena Goikoetxea (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Ainhoa Urzelai Vicente (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)
  • Ane Miren Villagran Arrastoa (Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU; MHLI)

 

Lekuak

Hitzaldiak eta komunikazioak Gernika-Lumoko Elai Alai Zentroan eta Euskal Herria Museoan izango dira, egitarauan zehaztuko diren egun eta orduetan.

Biltzarrean ikusgai egongo diren HIRU ERAKUSKETAK Gernikako Bakearen Museoan, Euskal Herria Museoan eta Elai Alai Zentroan egongo dira (ikus ordutegia behin-betiko egitarauan).

Kongresuaren itxiera Gernikako Juntetxean izango da. Bertan, bisita gidatua eta hitzaldi bat eskainiko dira.

Informazio gehigarria

Irakurri gehiago

Jarduera nori zuzenduta

  • Publiko orokorra
  • Unibertsitateko ikaslea
  • Unibertsitarioak ez diren ikasleak
  • Irakasleak
  • Profesionalak

Antolakuntza

  • UPV/EHU

Lankidetza

  • Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco
  • Bizkaiko Foru aldundia
  • Gernika Gogoratuz
  • Mineco
  • Gernikako bake Museoa

Zuzendariak

Ana Gandara Sorarrain

MHLI. UPV/EHU

(Sunbilla, 1986) Euskal Filologian Lizentziatua eta Literatura Konparatua eta Literatura Ikasketetan doktorea (EHU, 2015). Irakasle Atxikia da EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Elkarlanean aritu da Deustuko Unibertsitatearekin eta baita Mondragon Unibertsitatearekin ere. Materiarik gabeko ondare kulturalari eta baliabide sinbolikoei buruz aritu da ikertzen. Bertzeak bertze, Mikel Laboa Katedrarekin aritu da, Mikel Laboari buruzko bibliografia nagusia bildu, bere aritua gune duen monografia gauzatu eta, 2014an, doktorego aurreko beka jaso zuen. 1960-1990 bitarteko euskal kulturaren birmoldatzeari buruzko tesia defendatu zuen, 2015ean (“Euskal ondare kulturalaren moldatzea (1960-1990) egungo Euskal Kultur Sistemaren oinarri. Baliabide eta forma sinbolikoak”). Espresuki ardaztua da literaturan eta komunitateen ondare kultural metatuaren azterketan. Memoria Historikoa Literatra Iberiarretan (IT 1046-16) ikertalde kontsolidatuko partaidea da.

Mari Jose Olaziregi Alustiza

UPV/EHU, IRAKASLE KATEDRADUNA

Mari Jose Olaziregi Alustiza (Donostia, 1963) Euskal Filologian doktore eta literatura irakasle katedraduna UPV/EHUn. Atzerriko hainbat unibertsitatetan irakatsi du, hala nola, Center for Basque Studies-en (2007-9) (University of Nevada, Reno, AEB), Universität Konstanz (2009-10) (Alemania), University of Chicago (2015-6) eta CUNYren Graduate Centerren (2014-15; 2016-17; 2020-2021). Studies in Fiction Masterra burutu zuen Erresuma Batuko University of East Anglian. 2004tik Center for Basque Studies-eko Basque Literature Series sailaren zuzendaria da eta 2003tik Euskaltzain Urgazle. 2010etik 2016ra Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria izan zen. Lantzen dituen arloen artean, Euskal eta Iberiar Literaturaren Historia eta Kritika, Literatura Konparatua, Genero Ikasketak eta Ikasketa Kulturalak aipa genitzake. 11 liburu, editatutako beste 18, liburuetako 92 atal baino gehiago edo 81 artikulu aldizkari zientifikoetan ditu argitaratuak. Hainbat Unibertsitateko ikertaldetako kide da (“Celt”, “Liter21” eta “Lijmi” (Universidad de Santiago de Compostela), edo Red de Investigadores Memory and Narration (U. Aarhus). 2012tik MHLI Ikertalde Kontsolidatua zuzentzen du.

Hizlariak

Iker Gonzalez Allende

Iker González-Allende irakasle katedraduna da, bai Hizkuntza eta Literatura Modernoetan (Leland J. eta Dorothy H. Olson), bai Hispaniar Ikasketetan, Estatu Batuetako Nebraska-Lincoln Unibertsitatean. Espainiako Gerra Zibilaz gain, erbestea, migrazioak, euskal kultura, genero ikasketak eta sexualitatea nahiz idazketa autobiografikoa ditu ikergai nagusitzat. Zazpi liburu argitaratu ditu: Hombres en movimiento: Masculinidades españolas en los exilios y emigraciones, 1939-1999 (Purdue University Press, 2018) eta Líneas de fuego: Género y nación en la narrativa española durante la Guerra Civil (1936-1939) (Biblioteca Nueva, 2011) monografikoak; Ramon Belaustegigoitiaren Euzkadi en Llamas eleberriaren edizio kritikoa (Txalaparta, 2020); El mundo está en todas partes: La creación literaria de Bernardo Atxaga liburukiak (Anthropos, 2018, José Ángel Ascunce Arrietarekin elkarlanean); El exilio vasco (Universidad de Deusto, 2016); eta Pilar Zubiaurreren obraren edizio landu edo berrargitalpenak: Evocaciones: Artículos y diario (1909-1958) (Saturrarán, 2009), Epistolario de Pilar de Zubiaurre (1906-1970) (Tamesis, 2014).

Xabier Irujo Ametzaga

University of Nevada, Reno

Xabier Irujo (Caracas, 1967) Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-eko zuzendaria eta Genozidio Ikerketetako katedraduna da. Liverpooleko Unibertsitateko Manuel Irujo katedrako lehen ikertzaile gonbidatua, irakasle bisitari ibili da Massachusetts Amherst Unibertsitateko W. Douglass zein Boiseko Estatu Unibertsitateko E. Garmendia katedretan. Filologian, historian eta filosofian lizentziatua, doktorea da bai historian, bai filosofian. Hizlari aritutakoa da ia ehun unibertsitate, instituzio nahiz zentro kulturaletan noiz Ameriketan, noiz Europa mailan. Sei argitaletxe akademiko amerikar zein europarren batzorde zientifikoko kide da. Hogei liburutik gora eta artikulu ugari argitaratu ditu. Nazioarteko sari eta aitortzak jaso ditu. Euskal Herriko historia eta politika ditu azterkizun nagusi, beti ere, Genozidio Ikasketen argitan, sarraski fisiko eta kulturaletan sakonduz. Hamabost urte daramatza Gernikako bonbardaketa ikertzen, dokumentazio historikoa bilduz, tartean, Gernikako Dokumentazio Zentroarekin elkarlanean. Aipatzekoak dira Gernika: Genealogy of a Lie (Sussex, 2019); The Bombing of Gernika (Center for BS Press, 2018); Gernika. 26 de abril de 1937 (Crítica, 2017); Historia jurídica de la lengua vasca (HAEE, 2015).

Raquel Macciuci

Universidad Nacional de La Plata

Raquel Macciuci es catedrática de Literatura Española II en la Universidad Nacional de La Plata (Argentina) e investigadora del Centro de Teoría y Crítica Literaria de la UNLP. Es especialista en historia, memoria y exilio en la literatura española, y en los diálogos transatlánticos establecidos entre España y Argentina. Ha dirigido publicaciones como Entre la memoria propia y la ajena. Tendencias y debates en la narrativa española actual (2010), La Plata lee a España. Literatura, cultura, memoria (2009), Final de plata amargo. De la vanguardia al exilio. Ramón Gómez de la Serna, Francisco Ayala y Rafael Alberti (2006). Ha presidido numerosos congresos de prestigio internacional y ha dirigido proyectos de investigación subvencionados por diferentes organismos argentinos.

Jorge Luís Marzo

Jorge Luis Marzo (Bartzelona, 1964) artearen historiagilea, Ikasketa Kulturaletan doktorea, arte komisarioa, ikus-entzunezko errealizadorea, Bartzelonako BAU-ko (Centre Universitari de Disseny) irakasle titularra eta GREDITS (Artea, Diseinua eta Eraldaketa Soziala jorratzen dituen) ikertaldeko kidea da. Espainia mailan ez ezik, Mexikon, Estatu Batuetan, Kanadan, Kolonbian, Ekuadorren, Italian eta Txilen ere jardun du lanean. Ikerketa proiektu ugaritan parte hartu du, dela erakusketa, dela ikus-entzunezko, dela argitalpen mailan; sarri askotan, irudien politikez hausnartuz. Marzoren argitalpenen artean aipatzekoak dira: La curva. Patologías prácticas (ICUB, Cátedra 2021-2024); Biennal 2064 (Bòlit, Virreina, CCCC, 2022-2023); Actuar en la emergència (RAER, 2021-2024); Las videntes. Imágenes en la era de la predicción (Arcàdia, 2021); Fantasma’77. Iconoclastia española (Tecla Sala, CCCC, RU, Solleric, 2020-2021); Iconografía post-millennial (Morsa, 2019); After Post-Truth (Artnodes, 2019); La competencia de lo falso. Una historia del fake (Cátedra, 2018); Espectros (Virreina, 2017); Fake. No es verdad, no es mentira (IVAM, 2016); Interface Politics (BAU, 2016, 2018); Arte en España (1939-2015). Ideas, prácticas, políticas.

Maitane Ostolaza Esnal

Maitane Ostolaza Esnal Espainiako Historia eta Zibilizazio Garaikideko irakaslea da Perpinyako Unibertsitatean. Historian doktorea, Florentziako (Italia) Europako Unibertsitate Institutuan defendatu zuen bere doktoradutza tesia 1999ean. 17 urtez Paris-Sorbona Unibertsitatean ihardun du lanean. Bertan, 2015ean, Euskal Ikasketen Programa jarri zuen martxan, Etxepare Institutuarekin lankidetzan. Bere ikerketak erlijioaren, hezkuntzaren eta modernizazioaren arteko harremanei buruzkoak dira, herri kultura XIX. mendean, Europako nazionalizazio prozesuak eta, azken aldian, ondare eta paisaiari buruzkoak, historia kulturalaren ikuspegitik landuak. Hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu, bai Frantzian, bai Espainian, besteak beste, paisaia eta ondarearen gaiarekin loturikoak. Azken argitalpena: Landscape and Identity in the Modern Basque Country, 1800 to 1936, London, Routledge, 2023.

Rocío Robles Tardío

Artearen Historiako irakaslea Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Castilla La Manchako Unibertsitatean ere eman izan ditu eskolak; 2017tik Artearen Historia garaikidea eta kultura bisuala (UAM-UCM-MNCARS) masterreko koordinatzaile akademikoa da. Un sitio para pensar. Escuelas y prácticas educativas experimentales de arte en el País Vasco, 1957-1979 (Artium Museoa eta Jorge Oteiza Fundazio Museoa, 2022) eta Encuentros con los años 30 (Museo Reina Sofía, 2012) erakusketak kokomisariatu ditu. Reina Sofía Museoaren Repensar Guernica proiektu digitalaren ikertaldeko kidea izan da hasieratik bertatik (2017). Liburu eta artikulu ugariren egile, Informe Guernica. Sobre el lienzo de Picasso y su imagen (Ediciones Asimétricas, 2019), Guernica erakusketaren (Musée national Picasso-Paris, 2018) katalogorako ekarpenak, Picasso y sus críticos I. Recepción del Guernica, 1937-1947 eta Picasso y sus críticos II. Los años comunistas (Ediciones La Central, 2012) antologiak edota Pintura de humo (Siruela, 2008) nabarmendu litezke, besteak beste. Reina Sofía Museoko Erakusketen Sailean jardun zuen beka-kontratu bati esker (2012-2014) eta Almine eta Bernard Ruiz-Picasso Fundazioaren ikerketa proiektuko kide da, 2021-2024.

Dolores Vilavedra

Universidade de Santiago de Compostela

Dolores Vilavedra (Vigo, 1963) literatura galegoko katedraduna da Santiago de Compostelako Unibertsitatean. 2019tik USC-eko EDIUS-eko Arte eta Humanitateen saila zuzentzen du. Instituto da Lingua Galegako FILGA ikertaldeko kide, “Cultura impresa en lingua galega” ikerketa proiektuan dihardu. Narratiba galego garaikidean espezialista, literatur kritikan eta itzulpengintzan ere aritzen da. Hainbat urtez zuzendu du Literatur Ikasketa Galegoen urtekaria (2002-2017) eta Diccionario da literatura galega (1999) koordinatu zuen. Nabarmentzekoak dira, halaber, Historia da literatura galega (1999), Sobre narrativa galega contemporánea (2000), A narrativa galega na fin de século. Unha ollada crítica (2010), edo gerraosteko idazleen gutunen zein literatura galegoko obra klasikoen edizioak. 36ko gerrari buruzko argitalpen ugari ditu. Histagra ikertaldearekin elkarlanean 1936 ¿Un novo relato? 80 anos entre historia e memoria Nazioarteko Kongresua antolatu ondotik, 1936. Un nuevo relato argitalpena koeditatu zuen. Consello da Cultura Galegako Hizkuntza eta Literatura saileko koordinatzaile ohia, 2015tik Osoko Bilkurako kide da; Batzorde Exekutiboko idazkaria ere izan da (2019-2022). Gainera, RED-EDIT-eko argitalpen galegoen arduraduna da.

Stefanie Schüler-Springorum

Stefanie Schüler-Springorum, historialaria, 2001-2011 bitartean Hanburgoko Historia judutar-alemaniarraren Institutuko Zuzendaria; 2011tik Berlingo Antisemitismoaren Ikerketa Zentroko Zuzendaria, 2012tik Berlingo Judutar Ikasketetako Selma-Stern Zentroko Kozuzendaria eta 2020tik Gizarte Kohesioari buruzko Ikerketa Zentroko adar berlindarraren Zuzendaria. Ikerketa arloak: Judu, alemaniar eta espainiar Historia, generoaren Historia, Historia militarra eta biolentziaren Historia. Azken argitalpenak: German Jewish Gender History (Berghahnen argitaratzear 2024an, 2014ko alemanierazko liburuaren itzulpena); Football and Discrimination. Antisemitism and beyond, Londres 2021 (ed. P. Brunssenekin); Four Years After: Antisemitism and Racism in Trump's America (ed. N. eta M. Zadoff, H. Paulekin batera), Múnich 2020; Gender and the Politics of Anti-Semitism, in: American Historical Review 123 (2018), 1210-1222 orr., La Guerra como Aventura. La Legión Cóndor en la Guerra Civil Española 1936 - 1939, Madrid (Alianza) 2014.

Matrikula prezioak

Hizlarien kuota orokorra: 100€ 2024/04/29ra bitarte (ikasle eta langabetuek 50€), data horretatik aurrera 150€.

Hitzaldirik eskainiko ez duten entzuleen kuota orokorra: 110€ 2024/04/29ra bitarte (ikasle eta langabetuek 40€), data horretatik aurrera 150€ (ikasle eta langabetuek 60€).

Izen-ematearen fitxa, bai eta informazio xeheagoa, kongresuaren webgunean argitaratuko da (ikus dokumentuaren amaierako QR edo esteka).


Matrikula2024-04-29 arte2024-06-13 arte
100,00 EUR150,00 EUR
50,00 EUR150,00 EUR
110,00 EUR150,00 EUR
40,00 EUR60,00 EUR

Kokalekua

Elai-alai, Euskal Herria Museoa, Gernikako Bakearen Museoa eta Gernikako Batzar Etxea

Bizkaia

43.31502305837115,-2.6786387472865387

Elai-alai, Euskal Herria Museoa, Gernikako Bakearen Museoa eta Gernikako Batzar Etxea

Bizkaia