Berri guztiak

Eskerrik asko Ricardo!

Funtsean, UPV/EHUn egin zuen ibilbide luzean, Ricardo Echepare UPV/EHUko Uda Ikastaroen eta Donostiako IITUEren zuzendaria izan zen. Horrez gain, Irungo alkatea izan zen, haren jaioterria, eta Kultura diputatua, Gipuzkoako Foru Aldundian. Donostiak Urrezko Danborra eman zion, 2002. urtean, haren ekarpena aitortzeko. Hunkituta jaso zuen aitortza hura, eta bereziki harro zegoen horretaz.

Ricardo Echepare 80ko hamarkadaren hasieran Euskal Herriko Unibertsitatea martxan jarri behar izan zuten gazteen belaunaldiko kidea izan zen. Gizarte gorabehera handiko garai liskartsu hartan, Ricardok ezagutza azpiegiturak sortzeko eta finkatzeko bi egitasmo handitan parte hartu zuen, eta arrakastaz bideratu zituen biak, eta horregatik oroituko dugu beti.

1981ean, Uda Ikastaroak bultzatu zituen, erabat sinesten zuelako unibertsitate hedakuntzako programa handinahi bat, UIMPen ikusi zuenaren antzekoa, baliagarria izango zela unibertsitate sortu berri hura gizarteari hurbiltzeko. Aitortu zuenez, erakundearen buru egindako ibilbide luzean, ez zuen sekula pentsatu proiektu hark halako dimentsio eta irismen soziala lortuko zuenik. Fundazioaren zuzendari izan zen garaian, Ricardok lortu zuen Uda Ikastaroak nahitaezko hitzordu bat izatea garaian garaiko pertsonaia akademiko, intelektual, artistiko eta politiko nagusientzat. Uda Ikastaroen 40. urteurrenaren ospakizunen harira egin zitzaion omenaldian aitortu zuenez, Miramar Jauregian sortu zen giro kulturalak benetako pasioa eragiten zion eta karguan igarotako denboran une atsegin asko izan zituen, eta gogorarazi zigun ere gure erakundearen ezaugarri nagusia pertsonak direla. 

Berriki idatzitako Donostiako IITUEren historia batean, hango zuzendaria izan baitzen 1979-1992 eta 1995-2002 urtealditan, María Luisa Otañok aipatzen du, ingeniaritzako irakasle gisa egindako lana albo batera utzita, haren kudeaketa zuzendari gisa gakoa izan zela erakundearen garapenerako. Eskolaren gidaritzan egon zen urte horietan izandako lorpen nagusien artean, komeni da aipatzea ikasketa planen berrikuntza sustatu zuela eta horrela lortu zela, hain zuzen, D-IITUEn 1982ko Plana egitea, lau mailatan egituratuta. Zuzendari gisa egindako bigarren etapan, titulu berriak ezarri ziren ikastegian. Alabaina, gogoratzen zaio, batez ere, D-IITUE berria lortu zuelako 2003-2004 ikasturtean, titulu zaharrak eta berriak eraikin berri bakarrean bilduta eta eskola Ibaetako Unibertsitate Campusean erabat integratuta. 

Horixe da Ricardo Echepareren kudeaketa argiak eta konprometituak utzitako legatua, lehendik eraikitakoaren gainean eraikitzeko inteligentzia instituzionala izan baitzuen, horrela kota berrietara iristea lortuta, azkar eta etenik gabe. Uda Ikastaroen Fundazioan maitasun handiz oroitzen dugu, taldeen sortzaile eta kudeatzaile aparta gisa, arazoei aurre egitean erabakitzeko ahalmen handiarekin, eta benetako senarekin, gaiak eta pertsona interesgarriak aukeratzeko unean. 

Unibertsitateari eta Uda Ikastaroei egin diezun ekarpen bikainagatik eta zure gizatasun handiagatik, gogoan izango zaitugu beti.