Berri guztiak

2018. Edizioaren Uda Ikastaroen balantzea

Aurtengo edizioan hainbat foku izan ditugu.

Alde batetik generoaren gaia izan da aztergai, hainbat ikuspuntutatik landu dena: zinematografikotik (We Mean), literariotik (Ni princesas ni madrastras), politikotik (Demokrazia eta sexua bateragarri?), sanitariotik (Feminizidioa) edo juridikotik (Emakumeak, biktima idealak).

Beste fokuetako batek natura izan du ardatz. bc3ren klima aldaketari buruzko ohiko ikastaroak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak klima aldaketak lurraldean duen inpaktuari buruz antolatzen duen ikastaroa ez ezik, beste ikuspuntu batzuk ere barneratu dira aurten: elikadura jasangarria, bertako elikagaiak, eskola eta elikadura burujabetza, eta heziketa naturan eta naturarekin.

Kulturari dagokionez, hainbat topaketa egin dira, hala nola Kirmen Uriberen lanen analisia, Joan Mari Torrealdairi omenaldia Zentsurari eta Literaturari buruzko Biltzarrean, edo Mariasun Landaren eta Luisa Etxenikeren lantegiak. Horiez gain, Guggenheim museoak antolatutako ikastaroa, eta Ekainberrik (bere hamargarren urteurrenean) ospatutako Europako erreplika interesgarrienei buruzko ikastaro arrakastatsua ere aipatu behar dira. Azpimarratzekoa da ere Victoria Ontziari buruzko Nazioarteko Biltzarra, Juan Sebastián Elcanok munduari eman zion lehen biraren V. mendeurrenaren atarian.

Ikuspegi politikotik, ikasgeletara ekarri ditugu egungo procés catalán eta Euskal Herriko prozesua, konstituzioaren erreformen eta horretarako erresistentzien analisia eginez. Euskal Herriak Espainiarekiko duen mendekotasunaren kostua, Euskal Herriaren nazioarteko harremanak XXI. mendean, lurraldeen Europa (erkidegoko agintariek argiro oztopatzen dutena), gobernuen gardentasuna, “Gipuzkoa Eraikiz” plana, eta metodologia berriei esker (Blockchain, adibidez) kudeaketa publiko orotan zabaltzen diren gardentasun aukerak.

Gaur egun ezkutuan jarraitzen duten arazo sozialek ere pertsona asko erakarri dituzte: haurrenganako sexu abusuaren gai beldurgarria, amatasun subrogatu polemikoa, suizidioa, edo Espainiako Gerra Zibileko eta nazioarteko beste gatazka batzuetako hobi komunak.

Gure gizartearen zahartzea eta horren ondorio ekonomikoak; ikuspegi sanitariotik, ahultasunaren lehen sintomek, narriadura kognitiboak, tratu onak, eta adinekoen eskubideen zaintzak azkeneko urteetan errepikatzen ari den beste jarduera arlo bat osatzen dute, inpaktu sozial handia du eta.

Aurtengo Uda Ikastaroak ez dira bukatu oraindik. Irailaren 24an “geoEuskadi: Kartografia eta Informazio Geografikoa” biltzarra egingo da Miramar Jauregian, eta Lesakan “Hizkuntzaren garapenaren alderdi soziolinguistikoak haurtzaroan” ikastaroa ospatuko da. Karlos Santamaria zentroan Espainiako Nanofotonika Biltzarra (CEN2018) egingo da. Urrian, berriz, Idiazabal Gaztaren III. Nazioarteko Biltzarra izango dugu Ordiziako Barrena jauregian, eta Gasteizko Villa Suso jauregian "Lurzoru degradatuen berreskuperapenean joera berriak III“ ikastaroa. Aurrez aurreko ikastaroak dira guztiak, baina, horiez gain, online-ko 12 ikastaro daude antolatuta udazkenerako.

Urriaren 8an zabalduko dugu 2019rako ikastaroak proposatzeko epea. Analizatzeko edo eztabaidatzeko gai interesgarriak dauzkaten pertsonei zabalduta egongo da deialdia. Proposamenak azaroaren 17ra arte jasoko dira. Ikusten duzuenez, ez gara gelditzen.

Ohar honetaz baliatu nahi dugu Edizio guztian zehar eskaini diguzuen arreta eskertzeko. Zuen laguntzari esker, Uda Ikastaroetan izaten ditugun gizartearen erronken inguruko eztabaidak gizarte osoari zabaldu ditzakegu. ESKERRIK ASKO ETA DATORREN URTERARTE!

2018. ediziokoko datu kuantitatiboak