Berri guztiak

Adimen artifiziala emakume eta seme-alabekiko indarkeria matxistaren aurka

Adimen artifiziala, hau da, tresna informatikoen, plataformen, sare sozialen eta gainerako gailu informatikoen erabilera, oso lagungarria izan daiteke arriskua balioesteko, biktimak gertatu litezkeen arrisku adierazle batzuk erakusten dizkigu, eta beraz, dagozkion prebentzio eta babes neurriak har daitezke. Espainian, justiziak emakume eta beren seme-alabekiko indarkeriaren biktimen kasuan erabiltzen du VioGén sistemaren bitartez.

Ivana Mª Larrosak Biktimologiari buruzko Nazioarteko 17.  Sinposioan azaldu zuenez, “balorazio osoko sistema da, genero indarkeriaren arloan eskumenak dauzkaten erakunde publikoak biltzen dituena eta ezinbestekotzat jotzen den informazio interesgarri guztia jasotzen duena". 


Pertsonen arrisku maila eta, ondorioz, har daitezkeen neurriak gogorarazten dituen datu sistema batean txertatzen dira erasoei edo beldurrei buruz egon daitezkeen aurrekari guztiak.


VioGének prebentzio funtzioa du, eta abisuak, alertak eta alarmak igortzen ditu “Informatika bidezko Jakinarazpen Automatizatuen Azpisistemaren” bidez, biktimaren osotasuna arriskuan jar dezakeen gertaeraren bat detektatzen denean. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeak eta haien seme-alabak azkar eta osorik babesten ditu lurralde nazionaleko edozein tokitan, dagozkion babes neurrien bidez.


 “Kasu batzuetan ez dago inolako salaketarik ez eta arrisku txikiko zantzurik ere, baina batzuetan emakumearen heriotza dakar. VioGén sisteman egindako berrikuntzaren helburua da zeozer arraroa ikus dezaketen gizarte edo osasun zerbitzuek inguruabar horren berri ematea epaitegiari, ministerio fiskalari edo poliziari, modu horretan sistema aktibatu eta babes neurriak aplikatu daitezen. Sistema indibidualizatuta dago kasu bakoitzean, eta beraz, egoera bakoitzak biktima eta erasotzaile jakin batzuk biltzen ditu.


Fitxak aldizka berrikusten dira arrisku mailak alda daitezkeelako. VioGén sistemaren Arriskua Baloratzeko Polizia Protokolo Dualeko sistema adimendun berrian, hasierako arrisku mailak ez hautemantzat, txikitzat eta ertaintzat jotako kasuak gainbegiratzen dira hala badagokio formula matematiko baten bidez (algoritmoak erabiliz) arrisku maila handi eta ertainetan birsailkatzeko, sistema aplikatu ondoren lortutako emaitzaren arabera. Eta hain zuzen ere, puntu horretan agertzen da adimen artifiziala arriskua baloratzeko tresna egoki eta baliozko gisa, batez ere hasieran arriskurik ikusi ez arren babes agindurik edo bestelako neurririk hartu ez eta azkenean biktimaren heriotza eragin zuten kasu larrienak galarazteko, hau da, muturreko indarkeriaren “balizko” kasu horiek detektatzeko. 


Guztira 35 arrisku adierazle jasotzen ditu multzo handietan bilduta. Lehenengoa, bikotearen indarkeria historiari buruzkoa.  


Bertan, salatutako gertakarietatik nahiz aurreko gertakarietatik eratorritako indarkeria deskribatzen da, eta indarkeria psikologikoa nabarmentzen da (mehatxuak, irainak, laidoak eta umiliazioak). Aldi berean, indarkeriaren larritasun maila eta maiztasuna kontuan harturik, gertakari edo jokabide horiek berriz ere sailkatu daitezke: arinak (oso-oso noizbehinka gertatzen dira), larriak (etengabeak dira denboran edo hirugarrenen aurrean gertatzen dira), edo oso larriak. 


Indarkeria fisikoaren kasuan, kasu arinak (atzamarkadak), larriak (arreta medikoa eta/edo zaintza medikoak eskatzen dituztenak, baina ez ospitaleratzea) eta, azkenik, oso larriak, biktimaren bizia arriskuan jartzea ekarri dutenak (labankadak, auto harrapaketak, itoarazteak edo asfixia) bereizten dira.


Halaber, indarkeria sexualeko inguruabarrak txertatu dira sisteman; erasotzailearen ezaugarriak, haren profil erasokorraren eta delitugilearen adierazleak; biktimarenak eta adingabeekin lotutako inguruabarrak. 

Espainiak 2011n sinatutako Istanbuleko Hitzarmenari esker, berariaz dago jasota adingabeen (semeak eta alabak) babesa. Zuzeneko biktimatzat hartzen dira. Balorazioa batera egiten da kontuan izanik bizi diren ingurunea. Adingabeei egindako mehatxuak edo “emakumeak seme-alaben bizitzaren eta osotasunaren aurrean duen beldur soila” aintzat hartzen dira.


Ivana Larrosak zioenez, “sistemak funtzionatzen du, eraginkorra da, eta algoritmo berriekin bideratutako aldaketaren ondorioz, askoz ere gehiago dira arrisku txikiko kasuak. Hedabideetan azalduko ez diren kasuak dira".


Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko 8/2021 Lege organikoa aldatuta, Ivana Larrosak gogorarazi zuen arrisku adierazle berriak sartu direla, hala nola ama indarkeriaren biktima izatea, aiten aldetik tratu txarrak jasanik; gurasoen edo adingabeen tutoreen aldetik arreta fisikoa edo psikikoa ez jasotzea; haurrak eta nerabeak genero indarkeriaren biktimatzat hartzea, edo adingabea etxeko indarkeriaren edo genero indarkeriaren edozein egoeraren eraginpean egotea.
    
Kasua aintzat hartzeko, nahikoa da anai-arreba bat egotea arrisku edo babesgabetasun egoeran deklaratuta, salbu eta familiaren inguruabarrak nabarmen aldatu badira.


Azken batean, drama asko isilik galarazten duen tresna da.