José Antonio Lozano: Hizkuntza-eredu handiak ez dira izango adimen artifizial orokorra garatzeko marko egokiena
Irailaren 24an José A. Lozanok Ricardo Echepare bigarren konferentzia eskaini zuen, “Adimen artifizial orokorra: mito, helburu ala mehatxu?” izenburupean. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Konputazio Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedradunak eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroko zuzendari zientifikoak ikuspegi kritiko batetik aztertu zuen adimen artifizial orokorraren kontzeptua.
Zer da adimen artifiziala eta zer ez da? Sarritan ordenagailuen munduan garatzen den edozein berrikuntza adimen artifizialtzat jotzen dugu, baina benetan hala al da?
Ez, egia esan ez. “Adimen” hitzak gehiegizko dimentsioa hartu du eta gauza askotarako erabili izan da, adimentsuak ez direnentzat ere. Adibidez, boligrafo adimentsua edo iturri adimentsua. “Adimentsu” terminoa oso zabal erabilia da, baina adimen artifizialak definizio nahiko adostua du. Adimen artifizialeko sistema batek zenbait ezaugarri izan behar ditu, edo gutxienez horietako batzuk. Eta, jakina, software gehienek ez dituzte ezaugarri horiek betetzen.
BCAMen sorrera Euskadirentzako apustu estrategikoa izan zen, matematika aplikatuaren alorrean erreferente izateko. Erronka liluragarria duzue aurretik.
Bai, erronka konplexua da. Zentroak hamazazpi urte bete ditu jada eta denbora luzea daramagu bikaintasuneko ikerketa egiten. Gainera, Ministerioak Severo Ochoa akreditazioa eman digu lau deialdi jarraitan, eta oso harro gaude, izan ere, Euskadin hori lortu duen lehenengo zentroa gara.
Azken urteotan, eta bereziki 2025ean, etengabe entzuten dira adimen artifizialaren aurrerabideari buruzko albisteak.
Ez nuke esango azken urteetako kontua denik. Duela urte batzuk hasi zen boom mediatikoa eta, egia esan, nekagarria bihurtu da, gai honetan ikertzen 25 urte baino gehiago daramatzagunontzat bereziki. “Boom” hori enpresa teknologiko handiek eta haien zenbait arrakastek piztu dute. Uste dut gehiegizko booma dela eta hitzemandako asko ez direla beteko.
Hizkuntza-ereduak nahikoa al dira adimen orokorra garatzeko, edo bestelako ikuspegi erradikalak behar dira?
Nire iritzia emango dizut, irakurri dudanaren eta beste adituen iritzien arabera: ez. Hizkuntza-ereduek ez dute ahalbidetuko adimen artifizial orokorraren garapena, muga asko dituztelako. Gauza harrigarriak egiteko gai dira, baina mugatuak dira. Adibidez, Meta konpainiako Yann LeCunek dioenez, hizkuntza-eredu batek hamar ber hamalau byte inguruko informazioarekin ikasten du. Haur batek, lau urte dituela, ikusmenaren bidez antzeko kopurua jasotzen du. Horrek erakusten du behar dugun dimentsioa askoz handiagoa dela.
Beste alderdi bitxi bat da garunak lanean dagoenean 20 watt gastatzen dituela, baina hizkuntza-eredu bati kontsulta bat egitean sistemak megawatt-ak kontsumitzen ditu. Horrek argi erakusten du adimen artifizial orokorrerako bidea ez direla hizkuntza-ereduak.
Hizkuntza-ereduek hurrengo “token”-a aurreikusten dute, hurrengo hitza alegia. Hitz bakoitzaren probabilitate-banaketa dute eta horren arabera aukeratzen dute. Giza adimena, berriz, ez doa hitzez hitz; gauzak bere osotasunean sortzeko gai gara. Horregatik, nire ustez, hizkuntza-eredu handiak ez dira izango adimen artifizial orokorra garatzeko marko egokiena.
Uste duzu adimen orokorrak derrigorrez gorputz fisiko bat behar duela, mundu errealarekin interakzio zuzena izateko?
Ia ziur nago baietz. Enpresa teknologiko handiek adimen artifizial orokorraren definizioetan pertsonen jarduera kognitiboak soilik hartzen dituzte kontuan, fisikoak alde batera utzita. Baina gu izaki fisikoak gara. Orain zu ikusten zaitut, nola zauden antzematen dut, zure aurpegiera… eta mundu fisikoaren nozioa daukat. Ikasitakoa, neurri handi batean, ingurune fisikoarekin elkar eragitearen ondorioa da. Testua sortzea askoz errazagoa da mundu fisikoa ulertzea baino. Adimen artifizial orokorra garatu nahi bada, mundu fisikoa simulatzea edo harekin interakzio zuzena izatea ezinbestekoa da.
Zein neurritan uste duzu eragingo diola adimen artifizialak enpleguari?
Nik uste dut ez dela alarma pizteko garaia. Izan ere, azken hilabeteetan enpresa batzuek kaleratutako langileak berriro kontratatzen hasi dira. Bestalde, iraultza orok —industrialak zein ordenagailuen agerpenak— lanpostu batzuk suntsitu zituen, baina beste batzuk sortu ere bai. Gaur egun badaude duela hogei urte existitzen ez ziren lanpostuak. Beraz, lan batzuk sistema automatikoek ordezkatuko dituzten arren, beste batzuk sortuko direla uste dut. Espero dut batak bestea konpentsatzea.
Beranduegi al da adimen artifiziala ongizate komunaren alde garatzeko eta ez soilik etekin ekonomiko eta botere pribaturako?
Ez, inoiz ez da beranduegi, eta gizarte bezala saiatu behar dugu. Sistema gehienak esku pribatuetan garatzeak arriskuak ditu, helburu nagusia irabazi ekonomikoa delako. Hori aldatzeko, legeak ezarri eta eredua eraldatu behar da, zaila bada ere. Azken finean, halako ereduek konputazio-ahalmen ikaragarriak behar dituzte, enpresa gutxi batzuen esku daudenak. Horretan jardun behar dugu, eta ez dut uste beranduegi denik, nahiz eta zaila izan.
Adimen artifizialaren onurak erabilera desegokiaren arriskuak konpentsatuko al ditu?
Beti bezala, erabileraren eta noren esku dagoenaren araberakoa da. Ez da beste teknologietatik bereizten. Energia atomikoaren adibidea jar daiteke: erabilera desegokia izan zuen. Beraz, arriskuak onurak konpentsatzen al ditu? Zaila da erantzutea. Garrantzitsuena arrisku horiek mugatzea da, baina onurak ez ezabatzea, izan ere, oso baliagarriak izan daitezke.
Zer ekarriko du Ikerbasqueko eraikin berrian IBM Quantum System Two ordenagailuaren abiarazteak?
Nire ustez, ordenagailu kuantikoa Gipuzkoara, Euskadira, etortzeak apustu sendo bat adierazten du teknologia berri baten alde. Ekosistema berri bat sortuko da, ikerketa kuantikoan eta bere aplikazioetan, baita adimen artifizialaren esparruan ere. Horrek ereduak azkartzeko aukera eman dezake. Baina uste dut aurrera egiteko, eredu eta algoritmo matematikoak aldatu behar direla. Konputazio kuantikoa aukera izan daiteke algoritmo edo eredu berriak pentsatzeko, eta ohiko konputazioarekin ezinezkoa dena errealitate bihurtzeko.
Etxeko ordenagailutik zientzia-fikzioko pelikula baten moduko tresnetara sarbidea badugu, zer egin dezakete enpresa handiek beren baliabideekin guk ez dakiguna?
Gauza asko egin ditzakete. Adibidez, komunikabideetan eragin dezakete, eta hori da gehien kezkatzen nauen gaia. Herrialde askotako azken hauteskundeetan sistema hauek gezur eta desinformazioa zabaltzeko erabili dira, sinesgarri bihurtuz. Horrek demokraziarengan duen eragina benetan kezkagarria da.