Berri guztiak

Arazoa ezagutzen dugu jada: nor da konponbidea?

Klima-aldaketa gizadiaren arazo handienetariko bat da. Duela urte batzuk hasi zen komunitate zientifikoa ohartarazten 1,5 eta 2 gradu arteko tenperatura-igoerak bizitzaren eta heriotzaren arteko ezberdintasuna suposa dezakeela espezie askorentzat eta milioika pertsonen sufrimenduaren erantzule izan daitekeela, goseteen eta natura-hondamendien iturri izan baitaiteke.

Ingurumari horretan, funtsezko eraldaketa azkar bat behar dela gero eta naturaltasun handiagoz ikusten dugu. Berotze globala giza jardunaren ondorioa da eta aipatu eraldaketak, gutxienez, berotzearen ondorioak gutxitu behar ditu.

Basque Center for Climate Change (BC3) zentruak antolaturiko eskolan (“Transformation, Adaptation and Mitigation for a 1.5 degree Global Warming”),diziplinarteko gizarte zientziek egindako ekarpena  aurkeztu du Joan David Tàbarak, klima-aldaketari loturiko arazoak konpontzeko bidean. Zehatzago esanda, eraldaketa sozialean zentratu da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikerlaria. Tàbararen ustez, isurketek eta tenperaturak era asaldagarrian gora egiten duteneko testuinguruan, beharrezkoa da eraldaketa sakon bat egitea. Eraldaketa horren oinarrian konponbide eta estrategia iraultzaileek egon behar dute. Hots, egungo sistemak eta sistemaren baitan elkarri eragiteko erak eraldatu behar dute.

Bere hitzaldian, bere ustez eraldaketarako giltzarria den elementua aurkeztu du: Transformative Climate Science edo Zientzia Klimatiko Eraldatzailea. Elementu berri honek, hein batean, berotze globalaren arazoei aurre egiteko estrategia eraldatzen du, eta konponbideen eraginkortasuna ebaluatzean jartzen du bereziki arreta. Horrela, arreta arazoetatik konponbideetara pasako da. Ildo horretatik, Tàbarak azpimarratzen du gizarte prozesuak ikuspuntu ezberdin batetik behatu behar direla, hau da, aztertu behar da zein den konponbidea eta ez zein den arazoa.

Paradigma aldatzea ez da lan makala, eta hori arrakastaz egiteko ezinbestekoa da Positive Tipping Points edo inflexio-puntu positiboak kontuan hartzea. Inflexio-puntua klima-sistemekin lotzen den kontzeptua da, sisteman aldaketa sakonak eta atzeraezinak eragin ditzakeelako. Inflexio-puntu positiboak sistemen propietate gainerakor gisa ikusten ditu Tàbarak, baita giza gaitasun eta egitura-baldintzekin lotuta ere. Horiek ahalbidetuko dute eboluziorako konponbide iraultzaile azkarrak sortzea eta egungo dilema sozio-klimatikoari arrakastaz aurre egitea. Hori ez da berria, historian zehar ere era horretako aldaketak ikusi ditugulako, hala nola emakumeen parte-hartzea hezkuntzan, esklabotzaren eta haurren lanaren abolizioa…

Klima-aldaketaren kasuan, arazoaren garrantzia eta larritasuna dira, modu batean, egin beharreko eraldaketaren sakontasuna zehazten dutenak. Nolanahi ere, eraldaketa hori eraginkorra izango da ekonomian, erakundeetan eta legegintzan eragiten duenean. Zoritxarrez, interes gehiegi daude jokoan eta, hortaz, nahiz eta erronka oso handia izan, eraldaketaren aurkako erresistentzia handia dago.