Berri guztiak

Ezagutza kolektiboa eraikitzeko gonbidapena EHUko Uda Ikastaroetan

✓ Zaintzatik eraikitako etorkizun inklusibo eta berritzailea mintzagai Uda Ikastaroen 45. edizioan.

✓ Zabaldu da EHUko Uda Ikastaroetan izena emateko epea.

Ziklo berri bati hasiera emanez, gaur aurkeztu da Bilbon, BBVA Fundazioaren egoitzan, EHUko Uda Ikastaroen 45. edizioa. Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak eta Idoia Otaegui Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak 2026ko prestakuntza programari buruzko argibideak eman dituzte.

Ekainaren hasieratik irailaren amaierara bitartean, guztira 133 Uda Ikastaro eta 29 workshop programatu dira. Jarduera kopuruari erreparatuta, Donostia, Bilbo, Baiona eta Gasteiz izango dira gune nagusiak. Era berean, lurraldean zehar presentzia zabaltzeko helburuari eutsiz, eskaintza beste hainbat udalerritara ere iritsiko da, besteak beste Aramaio, Ataun, Beasain, Bermeo, Gernika-Lumo, Irun, Lesaka, Oñati, Ordizia eta Zaldibiara.

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak nabarmendu duenez, “aukeratutako leloak badu guretik asko. Eman ta zabal zazu leloari jarraitzen dio, gu gara zu ere bazarelako eta kolektibotasun horrek egiten gaitu handi. Indibidualismoa gailentzen ari dela diotenen aurrean, Uda Ikastaroek gutasuna azpimarratu nahi dute, pentsatuz, elkarrekin pentsatuz, hausnartuz, alegia, denon artean, bidea egiteko eta esku artean ditugun erronka handiei erantzuteko. Bakarkako ideiak taldean garatzen direnean aberastu egiten baitira, eta horregatik ere gizarteak dituen kezkei erantzuteko proposamenak batu dira 45. edizio honetan”.

UIK, ezagutza partekatzeko eta gogoetarako bilgunea

EHUren Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) urteetan zehar pilatutako esperientziari eta ezagutzaren arloan diharduten askotariko erakunde eta profesionalekin eraikitako lankidetzari esker, Uda Ikastaroak gizartearen erronka nagusien inguruko dibulgazio, eztabaida eta gogoetarako erreferentziazko gune bihurtu dira. Urtero, ikuspegi anitzeko eta kalitatezko prestakuntza-programa eskaintzen da, egungo gai nagusiei erantzuteko helburuz.

Lankidetza estrategikoak giltzarri dira UIKren jardunean; horren erakusgarri da Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta BBVA Fundazioaren konpromiso sendoa, proiektuaren garapena eta jarraikortasuna bermatzeko.

Idoia Otaegui UIKko Zuzendari akademikoak azaldu duenez “aurtengo kanpainaren bidez mezu sinple baina oso esanguratsu bat helarazi nahi dugu: ideiak, partekatzen direnean, ez dira galtzen, kontrakoa baizik, hazi eta eraldatu egiten dira. Izan ere, ezagutzak benetako zentzua besteekin partekatzen denean hartzen du, galdera berriak sortu eta bide berriak irekitzeko gai den esperientzia kolektibo bihurtzen denean. Uda Ikastaroak horretarako espazio pribilegiatua dira: elkargune bat, non askotariko pertsonak batzen diren, bakoitzak bere ikuspegia, galderak eta esperientzia ekarriz, pentsamendu indibiduala ezagutza kolektibo bihurtzeko. Horregatik, Descartesen esaldi ezaguna berrinterpretatu dugu, eta horrela sortu da aurtengo leloa: Pentsatzen duzulako gara.

Hori dela eta UIKk, beste behin, askotariko publikoari zuzendutako programa aberatsa aurkeztu du. Helburua argia da: gizarteko eragileak elkartu eta ezagutza mota desberdinak gurutzatzea. Belaunaldi ezberdinetako ikasleak, akademikoak, zientzialariak, enpresariak, profesionalak, administrazioko ordezkariak eta beste hainbat arlotako pertsonak gune berean biltzeko gonbita da UIKrena, ezagutza partekatzeko eta elkarrekin ikasi eta hausnartzeko.

Zaintzatik eraikitako etorkizun inklusibo eta berritzailea aztergai

Gaur egungo erronkei erantzunez, Uda Ikastaroek askotariko gai esanguratsuak bilduko dituzte, ziklo estrategikoen arabera egituratuta. Aurtengo edizioan, Kultura eta Artea, Gizartea, Osasuna, Hezkuntza, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa, Zientzia eta Teknologia eta Iraunkortasuna izango dira ardatz nagusiak.

Programa osoari erreparatuta, 2026ko Uda Ikastaroek ikuspegi integratzailea eskainiko dute, pertsonak eta haien bizi-baldintzak erdigunean jarriz. Horrela, zaintza ulertuko da garapen-ereduaren oinarri gisa, gizarte bidezkoago eta berritzaileago baterantz aurrera egiteko giltza moduan.

Testuinguru honetan, egungo eta etorkizuneko erronkak modu bateratuan landuko dira, besteak beste, ingurumen-krisia, eraldaketa teknologikoa eta adimen artifizialaren inpaktua aztertuz. Aldi berean, ongizateari lotutako gaiak jorratuko dira, hala nola osasuna, inklusioa, genero-berdintasuna eta bizitza-luzeraren ondorioak.

Era berean, gobernantza-ereduen, demokraziaren eta justizia-sistemen egokitzapena aztertuko da, ikuspegi global eta lokalak uztartuz. Azkenik, kultura, hezkuntza eta komunitatea funtsezko tresnatzat hartuko dira, loturak sendotzeko eta gizarte kohesionatuago eta eraldatzaileago baterantz bidea egiteko.

2026ko edizioa osatzen duten ziklo nagusiak eta bakoitzean topa daitezkeen ikastaroei buruzko laburpena duzue segidan:

Kultura eta Artea

Kultura zikloak bederatzi ikastaroz osatutako eskaintza anitza aurkezten du, ondarea, sorkuntza garaikidea eta kulturaren inguruko hausnarketa ikuspegi askotatik jorratuz. Horien artean, euskal historiaurrearen eta mitologiaren oinarriak sakontzen dira Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta euskal Mitologiara IV ikastaroan, eta azken bi hamarkadetako euskal zinemaren bilakaera eta etorkizuneko erronkak aztertzen dira Aupa Etxebestetik Maspalomasera: euskal zinemak 20 urte (2005-2025) ikastaroan. Halaber, kultur kudeaketari lotutako gaiak lantzen dira Creación y produccion de un Festival o programación musical. Como afrontar los cambios y retos actuales de la industria musical ikastaroan, musika-proiektuak garatzeko gakoak eskainiz. Bestetik, arte garaikidearen kontserbazioari buruzko ikuspegi berritzaileak jorratzen dira El proyecto para la conservación del Bosque de Oma. Experiencia y desarrollo metodológico ikastaroan.

Gizartea

Gizartea zikloak hogeita zazpi ikastaroz osatutako eskaintza zabala biltzen du, egungo gizarte-erronka nagusiak ikuspegi anitz eta osagarrietatik lantzeko. Besteak beste, Derechos y Ciudadanía ante un mundo en crisis ikastaroak krisi globalek giza eskubideetan duten eragina aztertzen du; Kontzientzia-eragozpenetik bake-hezkuntzarak bizikidetzaren eta bakearen kulturaren eraikuntza jorratzen du; eta Europa eta Hego Globala multilateralismo inklusibo berri baten erronkaren aurrean proposamenak nazioarteko harremanen eta egungo erronka geopolitikoen inguruan sakontzen du. Halaber, Komunitateak ekinean: gizarteratzeko praktikak ikastaroak gizarte-kohesioa indartzeko bideak aztertzen ditu, eta Voluntariado sostenible: claves para transformar el futuro desde Euskadik herritarren konpromisoaren garrantzia azpimarratzen du. Oro har, zikloak prestakuntza-eskaintza anitza eta eraldatzailea eskaintzen du, analisi kritikoa eta gizarte-eraldaketa sustatuz.

Osasuna

Osasuna zikloak hemezortzi ikastaroko programa aberatsa biltzen du eta osasunaren ikuspegi eguneratu eta integratzailea eskaintzen du. Narratiba eta osasuna: Nola sortu osasuna sortzen duten istorioak? ikastaroak, adibidez, praktika klinikoa hobetzeko kontakizunen indarra aztertzen du; Itsasgora. Osasun arloko berrikuntzaren olatu eraldatzaileak etorkizuneko joera estrategikoak jorratzen ditu; eta Salud mental del personal médico: clave para el bienestar social proposamenak profesionalen ongizatearen garrantzia nabarmentzen du. Era berean, minbiziaren ikuspegi integrala lantzen da Sociedades que conviven con el Cáncer: evidencia, experiencias y perspectivas ikastaroan, eta komunikazioaren rola aztertzen da Sendatzen duen komunikazioa: nola saihestu gatazkak eta hobetu pertsonaren segurtasuna saioan.

Ziklo paralelo gisa, psikologia alorraren baitan egungo osasun mentalaren erronka nagusiak landuko dira.

Hezkuntza

Hezkuntza zikloak hamazazpi ikastaroz osatutako eskaintza zabala biltzen du, egungo hezkuntza-erronkak ikuspegi berritzaileetatik lantzeko. Hezkuntza aniztasunetik justizia sozialera: identitatea, hizkuntza eta pedagogia eraldatzaileak bezalako proposamenek aniztasuna eta inklusioa erdigunean jartzen dituzte. Ildo beretik, Genero identitateak ulertzen ikastaroak identitateen eraikuntza aztertzen du, eta Conocer el cerebro desmontando mitosek neurozientziatik ikaskuntza-prozesuak hobetzeko gakoak eskaintzen ditu. Era berean, Sexu-hezkuntza eta pantailak ikastaroak ingurune digitalen erronkak jorratzen ditu. Laburbilduz, zikloak ikuspegi eraldatzailea eskaintzen du, pentsamendu kritikoa eta berrikuntza pedagogikoa sustatuz.

Zuzenbidea

EHUko Uda Ikastaroetako Zuzenbide zikloak guztira hogei proposamen biltzen ditu, ikuspegi eguneratu eta aplikatu batetik gaur egungo erronka juridiko eta sozial nagusiak jorratuz. Horien artean, nabarmentzekoak dira “Inclusión, derechos y apoyos de las personas con discapacidad" ikastaroa, desgaitasuna duten pertsonen eskubideen bilakaera eta inklusio osoaren erronkak aztertzen dituena; “El acompañamiento e intervención en el duelo: un compromiso social e Institucional”, galeraren aurrean sistema publikoen erantzun koordinatuan sakontzen duena; eta “Migraciones en Euskadi. Reto de inclusión y prosperidad”, migrazioaren egungo testuingurua eta gizarte inklusiboagoak eraikitzeko gakoak aztertzen dituena. Era berean, “La garantía de los cuidados basada en la igualdad de las personas y en los derechos humanos: su impacto en la organización social y en las políticas públicas” ikastaroak zaintzaren rola berriz pentsatzera gonbidatzen du, giza eskubideen eta politika publikoen ardatz gisa.

Ziklo paralelo gisa, kriminologiari buruzko ikastaro eskaintza interesgarria izango da.

Ekonomia eta Enpresa

Ekonomia eta Enpresa zikloak zazpi ikastaroko eskaintza biltzen du, garapen ekonomikoaren egungo erronkei ikuspegi praktiko eta diziplina anitzetik heltzeko. Horrela, Territorios vivos: servicios de proximidad que transforman el medio rural ikastaroak landa-eremuetan kohesio soziala eta bizi-kalitatea indartzeko zerbitzu berritzaileen garrantzia aztertzen du. Bestalde, Inteligencia Artificial para Directores Financieros de PYMEs proposamenak adimen artifizialak enpresa-kudeaketan eta erabaki estrategikoetan duen eragina lantzen du. Ildo berean, Fiscalidad: clave para transformar la industria ikastaroak zerga-pizgarriek berrikuntzan, trantsizio energetikoan eta lehiakortasunean duten rola aztertzen du. Azkenik, Ekonomia zirkularreko proiektuak lehen sektorean ikastaroak ekonomia zirkularraren aplikazio praktikoak hurbiltzen ditu, lehen sektorean aukera berriak eta lankidetza sustatuz.

Zientzia eta teknologia

Zientzia eta Teknologia zikloaren baitan hamaika ikastaroko eskaintza topa daiteke. “Sistemas Urbanos de Drenaje Sostenible” ikastaroak hustubide sistema horiek gure herri eta hirietan nola integratu eta kudeatu aztertuko du. Bestalde, “Gizartearen konputazioa eta informatikaren sozializazioa” proposamenak azken hamarkadetako eraldaketa digitalak gizartean izan duen eragina hausnartzera gonbidatzen du. “Taller de Medición Ambiental: IA para la Protección y Evaluación del Medio Ambiente” ikastaroak, berriz, adimen artifizialaren bidez ingurumenaren neurketa eta kudeaketa hobetzeko aukerak lantzen ditu. Era berean, “Hiri - Logistikaren Transformazioa: Teknologia eta Eredu Arrakastatsuak” ikastaroak hiri-mugikortasunaren eta logistika jasangarriaren etorkizuna aztertuko du. Oro har, zikloak zientzia, teknologia eta gizartea uztartzen dituen eskaintza anitza eskaintzen du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko gakoak emanez.

Iraunkortasuna

Iraunkortasunaren zikloak ingurumen-erronka nagusiak ikuspegi anitzetatik lantzen dituen prestakuntza eskaintza zabala biltzen du, hamalau ikastaro dira guztira. “Nekazaritza ezaren kostua eta zerbitzu ekosistemikoak” ikastaroak zerbitzu ekosistemikoen balioa eta nekazaritza-jarduerarik ezaren ondorioak azpimarratzen ditu; “Herritarren parte-hartzea ozeanoaren zaintzan: sentsibilizaziotik ekintzara” ikastaroak, berriz, herritarren zientziaren bidez ozeanoaren babesean eragile aktibo izateko bidea sustatzen du. Baso-suteen arriskua eta prebentzioa “Incendios forestales ¿cómo afrontarlos? II” ikastaroan jorratzen dira, klima-aldaketaren testuinguruan duten eragina aztertuz. Bestalde, “Alimentos, Territorio y Clima” ikastaroak elikadura-sistemaren trantsizioa lantzen du, ekoizpena, kontsumoa eta lurraldea lotuz.

UIKk iraunkortasunarekiko konpromiso irmoa berretsiz, ikastaroen eskaintzaz harago, 2020an martxan jarritako Donostia Sustainability Forum (DSF) foro iraunkorraren baitan jarduera irekiak ere antolatuko ditu, herritar guztiei zuzenduta.

Ziklo nagusiez gain, interesdunek Arkitektura eta Hirigintza, Historia, Kirola, Komunikazioa eta Hizkuntzalaritza eta Literaturaren alorreko ikastaro eskaintza osagarria ere aurkituko dute programan, egungo errealitatea ikuspegi zabalago eta anitzago batetik lantzeko aukera emanez.

UIK munduan

UIKrentzat, nazioarteko ikuspegia funtsezko ardatza da ezagutzaren transferentzian, tokiko jakintza mundu mailako eztabaidekin konektatzeko eta lankidetza-sare sendoak eraikitzeko. Atzerriko aditu eta ikasleen parte-hartzeak balio erantsia ematen dio jarduerari, eta ildo horretan kokatzen da aurtengo programazioa, gero eta profil eta jatorri anitzagoko parte-hartzaileak erakarriz.

Horren adibide dira, besteak beste, “Los grandes retos actuales de la Unión Europea (VI edición)” ikastaroa, Europako proiektuak gaur egun dituen erronka politiko eta juridiko nagusiak ikuspegi globaletik aztertzen dituena, nazioarteko adituen ekarpenarekin; eta “Giza Eskubideen defentsarako erronkak eta estrategiak kriminalizazio eta errepresio garaian” nazioarteko topaketa, mundu mailako testuinguruan giza eskubideen defentsaren erronkak jorratzen dituena, ikuspegi feminista eta justizia globalaren markoan.

Era berean, “Cursos de Derecho Internacional y Relaciones Internacionales de Vitoria-Gasteiz” ikastaroek nazioarteko zuzenbidearen eta harremanen inguruko eztabaida akademiko eta praktikoa sustatzen dute, gaur egungo gizarte globalaren testuinguruan; eta “Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XVI. Euskara oholtzetan: musika, hizkuntza, nazioartea” ikastaroak euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa lantzen du, bereziki musika eta hizkuntzaren arteko harremanetik abiatuta, mundu osoko testuinguru akademikoekin konektatuz.

Oro har, proposamen hauek UIK nazioarteari irekitako erreferentziazko gune gisa sendotzen dute, ezagutza partekatzeko, aliantzak sortzeko eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko, nazioarteko parte-hartzaileen presentzia eta ekarpena ardatz hartuta.

Uda Ikastaroez harago, UIKk urte osoan zehar prestakuntza espezializatua eskaintzen du, eta udan nazioarteko adituak biltzen dituzten jarduera nabarmenak antolatzen dira. Halaber, Baionan egingo den Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen bosgarren edizioak nazioarteko dimentsio hori indartzen du, Akitania Berria–Euskadi–Nafarroa Euroeskualdeko unibertsitate eta erakundeekin elkarlanean. Ekimen honen helburua ezagutza partekatzea, lurraldeen arteko loturak sendotzea eta etorkizuneko erronkei modu bateratuan erantzuteko bide berriak sustatzea da.

Parte-hartzea sustatuz

Ikastaro gehienak aurrez aurreko formatuan eskainiko dira, eta kasu askotan, online zuzenean jarraitzeko aukera ere izango da. Horrez gain, ohiko formatuetatik harago, metodologia parte-hartzaile eta berritzaileak erabiliko dira berrogeita hiru Uda Ikastarotan. Testuinguru horretan, sei ikastaro Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker garatzen den TopaGune proiektuaren baitan kokatzen dira.

Zenbait ikastarotan, gainera, esperientzian oinarritutako ekimenez gozatzeko parada izango da.

Matrikulazio epea zabalik

Matrikulazio epea zabalik da, eta ikastaro bakoitza hasi arte izena-emateko aukera izango dute interesatuek.

  • Epea: apirilaren 23tik ikastaro bakoitza hasi arte.
  • Izen-ematea eta informazio osoa: www.uik.eus

Prezioaren murrizketei dagokionez, ikastaroetan matrikulatzerakoan zein ostatuari dagokionez, kolektibo mota ezberdinei zuzenduriko hainbat motatako beherapenak daude. Informazio orokorraz gain, gomendagarria da ikastaro bakoitzaren jarduera fitxa zehatza kontsultatzea.

Uda Ikastaroetan murgiltzea errazteko, 18 eta 25 urte bitarteko gazteek eskaintza berezia izango dute: ikastaro gehienetan 25 euro baino ez dute ordaindu beharko.