Berri guztiak

Dieta orekatua dieta funtzionala da

Irakasleak elikagai funtzionalak definitzen hasi du bere ekarpena: “gure organismoaren funtzio bati edo gehiagori onurak ematen dieten mantenugaiak dira. Batzuetan gaixotasunen prebentziozko funtzioa betetzen dute eta bereziki aipagarriak dira aberastutako elikagaiak”. Ondoren, elikagai hauen garapena ulertzeko gizadiaren azken mendeko garapenaz mintzatu da, esanez 1900-1950 aldian Katalunian bizi itxaropena 39 urtekoa zela, bereziki gerrak zirela medio, eta hortik aurrera, industrializazioaren garaiko antibiotikoen popularizazioarekin etab. bizi itxaropena luzatzen joan zela gogorarazi digu.

Lehen aldi horretan agertu zen lehen elikagai funtzionala: gatz iodatua, 1924an hain zuzen. Hala ere, “Europan 2010. urtean 270 milioi pertsonek ez zituzten euren mantenugai honen beharrak asetzen”. Bereziki itsasoko inguruetan aurkitzen dugu (arrainean zein algetan) eta bere gabezia txikitatik atzerapen mentalak gertatzearen erantzule da. Guzti hau Japonian aspalditik izaten ari dira kontuan, non 1980tik jada mundu-mailan elikagai funtzional gehien ekoizten ziren. Zergatik gailendu zen herrialde hau bereziki? Rosselló-ren esanetan, “bizi itxaropen luzeagoa zeukaten, beraz gaixotasunek itxaropen hori moz ez dezaten, kaltzioa bezalako nahiko mantenugai lortzeaz arduratzen ziren. Baina betiere euren elikaduraren oinarri tradizionala galdu gabe”.

Hemen azkenaldian geroz eta gehiago arduratzen ari gara gure elikaduraz, bizi itxaropenaren gorakadaren ondorioz. Baina baita elikadura-ohituren aldaketek etxetik kanpo maizago bazkaltzea eta eskura elikagai gehiago izatea dakartzatelako, eta horrek arriskuan jartzen du behar ditugun mantenugai guztiak hartzea. Fenomenoaren garrantzia dela eta, Europar Batasun bera ari da esku hartzen ahora eramaten ditugun produktuak beharrezko mantenugaiak izan ditzaten, “AEBn gertatzen den ez bezala”.

Ondoren, elikagai funtzional naturalek (tomatea, arraina eta mariskoa, jogurta, hainbat barazki) zein artifizialek (iodoa, burdina eta kaltzioa, bitaminak edo omega 3 gehitzen dituztenak zein koipeak, laktosa edo kolesterola kentzen dituztenak) gure urdail-hesteetako osasunean jokatzen duten rola azaldu digu adituak: “elikagai probiotikoek, kefirra edo barazki hartzituak bezala, heste-flora birsor ditzakete, beharrezko neurrian hartuz gero”. Prebiotiko eta nutrazeutikoen onurez ere mintzatu da Rosselló, betiere elikagai hauen guztien helburua gogoraraziz: “bizi kalitate hobea lortzea eta sufrimendua saihestea”.

Azkenik, hainbat mantenugaien faltaren eraginak ekarri ditu gogora: “dieta orekatua dieta funtzionala da, eta edozer mantenugairen falta gaixotasunaren eragile da eta gure bizi kalitatea okertuko du”. Dieta planifikatzea eta kontrolatzea gomendatu du gabezia edo gehiegikeriarik ez gertatzeko eta, horrela, gure gorputzean harmonia lortzeko. “Gazteak konturatu behar dira elikatze-ohitura onak izatearen garrantziaz, haiek egindakoak etorkizuneko belaunaldikoen bizitzak baldintzatuko baititu”.