Berri guztiak

EiTBk eta Uda Ikastaroak lankidetza harremanak estutu dituzte

EiTBk eta Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak Fundazioak, ostegun honetan (ekainak 1) lankidetza hitzarmena sinatu dute UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak antolatutako XXXVI. Edizioko hainbat uda ikastaro eta ekimen zabaldu eta sustatzeko.

Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Carmen Agoues UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak izenpetutako itunaren bidez, EiTB osatzen duten hedabideek (telebistak, irratiak eta internetek), ekainaren 7an hasi eta irailaren 15ean amaituko diren ikastaroen berri zabala emango dute.

Bai Iturbek eta baita Agousek ere lankidetzaren balorazio positiboa egin dute, euren esanetan, itunak Uda Ikastaroak zabaldu eta hauspotzeko balioko duelako. Iturbek, halaber, ikastaroen izen ona eta euskal kulturari egindako ekarria goraipatu ditu. "Hein berean, eremu ezberdinetako unibertsitate munduko goi-mailako adituak eta ezagutzaren abangoardiara hurbiltzen gaitu EHUren ekimenak", adierazi du.

ETBk albistegi eta gainontzeko aktualitate saioetan ikastaroei egunero eskainiko dien arretaz gainera, Radio Euskadik ordubeteko irratsaioa plazaratuko du egunero 21:00etatik 22:00etara. Euskadi Irratian, orobat, Uda Ikastaroei buruzko hamabost minutuko tartea izango da egunero programazioan. Horrez gainera, eitb.eus web guneko Kosmos atalean Uda Ikastaroek ekoitzitako ikus-entzunezkoak eta irrati eta telebistan gaiaren inguruan eskaintzen diren eduki guztiak bilduko dira.  

'Euskal komunikabideen erronka unibertso multipantailan' ikastaroa

Bestalde, ekainaren 30ean Miramar Jauregian 'Euskal Komunikabideen erronka Unibertso Multipantailan' ikastaroa antolatu eta zuzenduko du EiTBk. Helburua honako hau da: gaur egungo gizarte globalizatuan komunikabide guztiek bizi duten transformazioa nola kudeatu eta etekin handiena lortu euskal nortasuna eta identitatea galdu ez dadin hausnartzea. Ikastaroa Rosa Diez Urrestarazu irakasle eta ETBko kazetariak zuzenduko du eta bertan Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak, Andres Gostin Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak hartuko dute parte.