Berri guztiak

Europan suizidioa da nerabeen artean heriotza gehien eragiten dituen kausa

Landu diren gaiekin hau lortu nahi izan da funtsean:

  • Euskal Autonomia Elkartean suizidioaren gaiaren inguruan lan egiten duten elkarteen egoera ezagutzea.
  • Suizidioaren prebentziorako planen ildo nagusiak aurkeztea.  
  • Suizidioaren prebentziorako oinarriak azaltzea.
  • Buru osasunaren eta suizidioaren arteko harremana aztertzea.
  • Suizidioaren osteko doluaren problematika aztertzea hezkuntzan.
  • Hedabideek suizidioa nola tratatzen duten aztertzea.

Eva Bilbao Bizirauneko lehendakariak elkartea aurkeztu du, haren helburu nagusiak zehaztu ditu eta horien artean azpimarratu ditu maite duten norbaiten suizidioak mindutako pertsonei harrera egiteko prozesua eta elkarri laguntzeko talde baten eraketa segurtasun eta terapia gune gisa.

Elkarteak espero du abiatutako bidea lagungarria izatea, suizidioak familietan uzten dituen ondorioak arintzeko; izan ere, adituek adierazten duten moduan, dolurik zail eta sentikorrenetako bat da, eta korapilatzeko joera izan dezake behar den laguntza jasotzen ez bada.

Kontuan hartzen bada 2016an 3.569 pertsona suizidatu zirela estatuan eta suizidio bakoitzak 6 pertsonarengan izaten duela eragina batez beste, esan daiteke maite duten norbaiten suizidioak mindutako 20.000 pertsonatik gora egoten direla urtean. Kopuru handia denez, garrantzitsua da euskarri terapeutiko on bat izatea, norbanakoei nahiz taldeei begira.

Biziraunen sortzaileetako bat izan zen Agustin Erkiziak, bestalde, duela urtebete baino gehixeago elkartea sortu zenetik egin diren jardueren errepaso labur bat egin du, eta bereziki azpimarratu du hedabideekiko kolaborazioa, hedabideak funtsezko eragileak direlako suizidioaren inguruko sentsibilizazio prozesuan.

Cristina Blanco Aidatuko lehendakariak elkartearen hiru helburuen laburpena egin du: lehenik, azterketaren eta ikerketaren bidez suizidioari buruzko jakintza eskuratzea eta sortzea; bigarrenik, suizidioaren inguruan dauden jakintza eta baliabideak gizartean ezagutzera ematea; eta hirugarrenik, sozialki eta politikoki eragitea erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean.

Andoni Anseán-ek autonomia erkidego guztietako suizidioaren prebentzio plangintzen berrikuspena egin du, eta adierazi du zer erkidegok dituzten estrategia espezifikoak, zeintzuk estrategiak plan handiagoen (buru osasuneko planak, adibidez) baitan, eta zeintzuk egiten dituzten esperientzia puntualak edo ez duten inolako prebentzio jarduerarik egiten. Estatuko Osasun Sisteman suizidioaren prebentziorako estrategia bat izatearen garrantzia azpimarratu du (gaur egun ez dago halakorik), eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituta ezar litezkeen ildo eta jarduera nagusiak azpimarratu ditu: erakundeen arteko koordinazioa, ikerkuntza eta alerta epidemiologikoa, profesionalen (ez soilik osasun arlokoak) trebakuntza, sentsibilizazio soziala, jardueren protokolizazioa, edo bizirik atera direnen arreta. Edukitik haratago, suizidioaren prebentziorako plan bat egiteko faseak deskribatu ditu, eta adibide gisa jarri ditu Galizian eta Euskadin egindako plangintzak buru nahasmenduen eta suizidioaren prebentziorako Salud Mental España fundazioaren parte-hartze aktiboarekin.

Jon Gartzia, bere hitzaldian, frogetan oinarritutako medikuntzak baieztatu moduan suizidioaren prebentziorako eraginkorrak diren ekintzetako batzuk aurkezten saiatu da: gizarte eta hezkuntza eragileen eta osasun arloko profesionalen gaikuntza, depresioaren eta beste buru nahasmendu batzuen tratamendu farmakologikoa eta psikoterapeutikoa, posbentzioa, oso hilgarriak diren metodoak eskuragarri ez izateko neurri unibertsalak (sendagai batzuen kantitatea eta toxikotasuna kontrolatzea edo suizidio asko gertatzen diren lekuetan neurriak hartzea), eta gazteen artean erresilientzia eta buru osasuna sustatzea heziketa programa espezifikoen bidez.

Andoni Anseánek, bere bigarren hitzaldian, Interneteko plataforma nagusien bidez (sare sozialak, webguneak eta kanalak) suizidioaren prebentziorako hartutako neurrien errepasoa egin du: Facebook, Instagram, Google, Youtube, Twitter eta Whatsapp. Ondorio gisa adierazi duenez, jokabide suizida eta nork bere buruari mina ematea sustatzen edo jokabide horien dibulgazioa egiten duten edukiak badauden arren, gehienak prebentziora bideratuta daude. Zentzu horretan, plataforma guztiek prebentziorako politika eta mekanismo proaktiboak garatzen dituzte edo arriskuan egon daitezkeen erabiltzaileak laguntza eta babes baliabideetara bideratzen dituzten laguntza guneak dauzkate. Horrela, Andoni Anseánek lortu du Interneteko gune nagusien inguruan egoten diren susmo txarrak uxatzea, bereziki azpimarratuz jokabide suizidaren inguruan egiten ari den prebentzio lana eta ematen ari den laguntza.

Iñaki Kerexetaren esanetan, Europan suizidioa da nerabeen artean heriotza gehien eragiten dituen kausa, eta Asiako hegoaldean bigarren kausa. Suizidioaren ideia adin talde guztietan agertzen da, baina sarriago afektibitate nahasmendu larriak dituzten haurrengan eta nerabeengan. Suizidatuta hiltzen direnen % 50ek baino gehiagok suizidatzeko asmoa duela adierazten du hil aurreko 24 orduetan.

Patxi Eizaguirreren iritziz, suizidioaren osteko dolua inklusioaren bidez tratatu behar da hezkuntza, ez da saihestu beharreko gai bat. Hala ez egitea kaltegarria litzateke komunitaterako. Suizidioaren osteko doluaren ezaugarriak dira obsesioa, etengabe pentsatzea ez sufritzeko, eta konpultsioa, etengabe gauzak egitea ez sentitzeko. Gainera, erruduntasun sentimendua ere agertzen da. Ongi sentitzeagatik gaizki sentitzea. Suizidioaren arrazoiak frustrazioan bilatu behar dira, eta ez horrenbeste psikopatologian. Frustrazioari buruz hitz egitea lagungarria da hura itxaropenez jasateko. Ez gara gure ametsetako erraldoia, ez eta gure konplexuetako ipotxa ere. Pertsona duinak gara eta garen bezala estimatuak izatea merezi dugu.

Ikastaroari amaiera emateko mahai inguru bat egin da, hiru kazetarirekin: Ane Urdangarín (El Diario Vasco), Sonia Hernando (Radio Euskadi) eta Alfre Elgezabal (Bizkaia Irratia). Interes komuneko hainbat gai landu dituzte (berria nola eman, suizidioaren arazoari nola ekin, informazio iturri fidagarririk eza, nola eman herritarrei laguntzeko informazioa, estilo liburuetan atal espezifikoak badauden ala ez, gaiaren inguruan duten iritzi pertsonala...), eta bertaratuek ere parte hartu dute.