Berri guztiak

“Gehiago pentsatu behar dugu gaixoarengan tumorean baino”

Estatuko iparraldean, gure arbasoengandik jasotako errezeta zaharrak erabiltzeko tradizio handia dago gaixotasunak artatzeko. Garai haietan ez zegoen antibiotikorik; limoia eta eztia ziren anginen aurkako sendagaia, eta eukalipto-lurrunak katarroaren aurkakoak… Egun, medikuntza tradizionala etxeko sendabideekin uztatzen da, baita minbiziaren aurkako tratamenduaren kasuan ere.

Ez dago erremedio “natural” horien eraginkortasuna frogatzen duen lan zientifikorik, baina horrek ez du esan nahi efekturik ez dutenik. Gainera, tratamendu onkologikoei dagokienez, oso garrantzitsua da teknika alternatiboek tradizionalekin duten elkarrekintza aztertzea, botiken eraginkortasuna gutxitu dezaketelako edo haien toxikotasuna handitu.

Gai horri loturiko ezagutza zientifikorik ez dagoenez, profesional askok terapia alternatiboak alde batera uzten dituzte eta, ondorioz, paziente askok gauzak ezkutatzen dizkiote medikuari. “Gure medikuari dena kontatzen ez badiogu, ez du jakingo zergatik dugun era bateko edo besteteko erreakzioa tratamendu baten aurrean”.

Gascónen iritziz, eskola eta profesionalen elkarteek gida bat egin beharko lukete, Medikuntza Integratzailean ohikoak diren produktuak biltzen dituena. “Berrogei (edo gutxienez bost) produktu aztertzeko komisioak egin beharko lirateke, eta beharrezkoa da emaitzak dibulgatzea, profesionalentzat eta pazieentzat lagungarri den oinarri zientifikoa sortzeko. Hala, bi tratamenduetatik bat aukeratzeak sortzen duen antsietatea saihets dezakegu”.

Komunitate zientifikoak eta sare politikoak terapia alternatiboen aurkako kanpaina hasi dute, arrazoi askoren artean, medikuntza konbentzionala uztean minbizidun gaixoaren heriotza ekarri duten sona handiko kasuak izan direlako. Borroka horrek, ordea, zaku berean sartzen ditu terapia guztiak; horien guztien artean, aldiz, batzuk besteak baino eraginkorragoak dira eta batzuk, gainera, “petrikilo eta sasimedikuen lan-tresna dira, zeinek tratamendu onkologikoa alde batera uztea duten nahiago, osasunarekin baino gehiago magiarekin zerikusia duten praktika ezberdinak burutzeko”, adierazi du onkologian adituak.

Iruzurti horiek minbizia senda dezaketela esaten dute batzuetan, eta horrek arriskuan jartzen du gezurra sinisten duen gaixoa. Terapia batzuek tratamenduaren emaitzak hobetzen dituzte edo albo-ondorioak gutxitzen dituzte, zeinek gaixoaren bizi-kalitatea hobetzen duten. Halere, terapia horiek bakarrik EZ dute inolaz ere minbizia sendatzen.

Radioterapia bezalako tratamenduaren ondorioak arintzen dituen terapietako bat akupuntura da. Gurean oraindik zalantzan jartzen den teknika den arren, froga zientifikoek argi utzi dute radioterapiaren albo-ondorioak arintzen dituela. “Halere, ezinbestekoa da ospe handiko profesionalengana jotzea, eta formakuntzarik gabeko sasimedikuei muzin egitea”, azpimarratu du Gascón doktoreak.

Zehaztasun zientifiko osoz aztertu beharko litzatekeen beste elementu bat kalamua da, kimioterapiaren bigarren mailako ondorioak arintzeko ahalmena duela frogatu delako. Kalamua aipatu saski-naski horretatik ateratzeko garaia da, eta merezitako tokia eman behar zaio. “Lehenagotik kalamu-erretzailea zenari kimio-saio baten aurretik eta ondotik porru bat erretzeak laguntzen dion arren, galdera andana sortzen dira: beste pazienteekin zer egin daiteke?; non eros dezakete?; nola kontsumitu behar dute?; zer kantitatetan?... Nahiz eta kalamuaren alternatiba sintetikoa sortu den, gutxitan errezetatzen da profesionalek dituzten oztopo burokratikoen erruz. Gainera, bestelako farmakoek funtzionatzen ez dutela ziurtatu den kasuetan bakarrik errezeta daiteke eta, ordurako, denbora asko pasatzen da tratamendua hasi denetik.

Nork “bere” minbizia du, eta esfortzu guztien arreta bizi-kalitatea hobetzean jarri behar da, hori baita tratamenduaren lehentasuna. Pazientearen bizitza salbatzeko esperantza dagoenean, etikoki bidezkoa da kimioterapia toxikoaren kantitate altu bat jasotzea: “tresnari ahalik eta zuku gehien ateratzea ongi dago xedea sendatzea denean. Indar guztia jokaldi bakarrean kontzentratzea ongi dago, baina lehentasuna pertsona da, ez tumorea”.