Berri guztiak

Gipuzkoaren erresilientzia sortzeko Plan Estrategikoa

Etorkizuna du jomugan, baina “plan estrategikoa ez da etorkizunean zer gertatuko den asmatzeko erreminta bat”, diote planaren sortzaile diren Victoria de Elizagarate eta David García adituek. Metodoa, izan ere, etorkizunari nola helduko zaion aztertzean datza eta izan daitezkeen aldaketak eta joerak baloratzea du helburu, baita egun ditugun babesak kontuan hartzea eta ikusiriko ahultasunak zuzentzea ere.

Hortaz, lurraldearen puntu zaurgarri ezberdinak aztertu dira. Hondamendi posibleen arriskuen aurrean, zeina ONU-Habitatak aztertu dituen aspektuetako bat den, hainbat ikerketak erakutsi dute garapen sozioekonomikoaren, arazo jakin bati aurre egiteko ahultasunaren, kudeaketa publikoaren defiziten eta hondamendi baten aurrean egon ohi den gaitasun ezaren artean erlazio bat dagoela. Aldi berean, UNISDR (2012) edo Hondamendien Arriskua Gutxitzeko Nazio Batuen Bulegoaren bitartez, lurralde batek jasan ditzakeen zaurgarritasun motak aurkeztu ditu NBEk, eta lau multzotan sailkatu ditu: zaurgarritasun soziala, ekonomikoa, fisikoa eta ingurumen-zaurgarritasuna.

Zaurgarritasun sozialaren prebentzioak faktore ezberdinak hartzen ditu kontuan: populazioaren adina, generoa, etnia, hezkuntza, errenta-maila, lurraldearen azpiegiturak… Gipuzkoan egindako diagnostikoak erakutsi du Gipuzkoak erresilientziarako gaitasuna duela, zaurgarritasun-maila baxua duelako adierazle sozioekonomikoetan, populazioaren maila ekonomikoan, eta osasun-zerbitzuetara, mugikortasun-zerbitzuetara eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiara (IKT) populazioak duen sarbideetan. Hala ere, erresilientzia baxuagoa eta zaurgarritasun altuagoa du adierazle demografikoetan, asko populaturiko territorioa delako, karga demografiko handiarekin.

Zaurgarritasun ekonomikoa barne-produktu gordinaren, enpresa-kopuruaren, populazioaren errentaren eta administrazio publikoaren gaitasun ekonomikoaren araberakoa da. Adierazle horiek hondamendi baten aurrean lurralde batek aurrera jarraitzeko zenbateko gaitasuna  duen zehazten dute. Gipuzkoaren kasuan, azterketak azpimarratzen du eragile ekonomikoen parte-hartzea beharrezkoa dela erresilientzia lortzeko prozesuan, hau da, Foru Aldundiak eta Obra Publikoen eta Ingurugiroaren Sailak garaturiko ekintzetan. Proposaturiko plan estrategikoan ere elkarlanean aritu beharko luketela adierazi dute.

Ingurumen-zaurgarritasunari dagokionez, esan beharra dago baliabide natural asko dituen balio ukiezina dela eta, hortaz, neurtzea zailagoa dela. Haatik, azterketan “lurraldearen artifizializazioaren” inguruan ohartarazten da, zeina Gipuzkoaren geografia menditsuaren eta horrek ekarri duen bailaretako okupazioaren ondorioa den. Horrek guztiak ur-hondamendiak sor ditzake. Bestalde, diagnostikoari ingurumenaren adierazleak falta zaizkio, zeinak Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) bidez lor zitezkeen.

Euskal Herriko Unibertsitateko Victoria de Elizagarate eta David García irakasleek, Obra Publikoetan eta Ingurugiroaren Sailak eskatuta, azterketa bat burutu dute, eta, bertan, plan estrategiko bat proposatu da lurralde historikoaren zaurgarritasun ezberdinak baloratzeko eta gutxitzeko eta, ondorioz, Gipuzkoa erresilienteagoa izateko.

Kluster baten antolatzeko era izan dezake, herritarrak eta eragile ekonomikoak ordezkatu daitezen enpresa-antolakundeen, merkataritza-ganberaren eta bestelako gizarte osaketen bitartez, unibertsitateak kasu.

Planaren baitan, Gipuzkoako udalerri eta eskualdeen erresilientzia eta zaurgarritasunaren diagnostikoa egin nahi da, baita administrazio publikoaren finantza-zaurgarritasunarena ere, herri-mailan zein probintzia-mailan. Halaber, enpresen egitura erresiliente baten alde agertu dira, klima-aldaketaren aurrean tokian tokiko inbestimenduak pizteko.

Planak hiru ardatz estrategiko ditu: antolakuntza eta kudeaketarena, herritarren parte-hartzearena eta komunikazioarena. Lehenak egitura antolatzaile ukiezinak sortzea du helburu, eragile publiko eta pribatuen parte hartzeko forma ezberdinak zehaztuz. Egitura horien balioa banakoen eta erakunde publiko/pribatuen ezagutzaren eta esperientziaren araberako da.

Bigarren ardatzak, herritarren parte-hartzearenak eta eragile ekonomiko eta sozialenak, herri eta eskualdeetako plataformak saretzea du helburu, lan-mahai ezberdinak sortuz. Plataforma horiek bestelako kolektiboak ere har ditzakete beregain: eragile ekonomikoak, beste eragile sozial batzuk, eta enpresariak, zeinen inbertsioak erresilientzia faltaren ondorio direnak.

Bukatzeko, hirugarren ardatza, komunikazioarena, jendarte osoari zuzenduta dago. Komunikazio-plan baten eta erreminta nagusien garapenaren bidez (Internet, sare sozialak, publizitatea…) Gipuzkoaren erresilientziaren sorkuntza sustatuko da.

Helmen handiagoa izan dezan planak, webgune eta informazio-atari bat sortzea aurreikusten da, prebentzio-kultura bat finkatzeko, zeina ikastetxeetan landu daitekeen. Gainera, erlazio publikoen alorreko ekintza ezberdinekin erresilientziaren aldeko jarrera sor daiteke.