Hiriaz gaindiko erronken gobernantzan jarriko dugu arreta Errenteriako Udalarekin elkarlanean

Gobernantza eredua eta horren inguruko gaiak etengabeko arreta-gune dira Errenteriako Udalarentzat. Hori dela eta, gobernantzaren metropoli ardatza aukeratu du udalak Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak Fundazioarekin batera antolaturiko ikastarorako gai gisa. Ondorioz, ikastaroari honako izenburua jarri diote: Erronka komunak, erantzun partekatuak: udalerriz gaindiko politika publikoen gobernantza lantzen. Bigarren urtez Errenteriako Agustinak Zentroak hartuko du ikastaroa irailaren 5ean.
Udalerria gainditu baina herritarren bizitzan erabateko eragina duten gaietan interesa duten pertsonei zuzenduta dago ikastaroa, bereziki, herriko eragileei zein biztanleei, udalgintza alorreko profesionalei, kargu publikoei eta gai hauekin zerikusia duten diziplinetako ikasleei.
Osagaiak, hausnarketa eta praktika
Elkarren ondoan dauden udalerrien arteko harremanek gero eta garrantzia handiagoa dute herritarren bizitzetan. Izan ere, pertsonak ez ezik gizarte fenomenoak ere ez dira eteten udalerrien mugetan. Hala, arazo komunei erantzun bateratuak ematea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Hori guztia buruan, gobernantza metropolitarra bezalako kontzeptuen inguruko hausnarketari ekin diote ikastaroaren arduradunek, eta galderak zein irtenbideak bilatzeko egun beteko programa zabala atondu dute.
Hasteko, hitzaldi bana eskainiko dute goizean Joan Subirats Humet-ek eta Eva Silván Miracle-k, hurrenez hurren, Tokiko politika publikoetako ikuspegi metropolitanoa eta Ikuspegi metropolitanoa mugaz gaindiko ingurunean izeneko hitzartzeak gauzatuko dituzte. Hausnarketarako osagai teorikoak eta praktikoak mahai gainean jarriko dituzte bi hizlariok.
Horren ondoren, osagai horiek errealitate zehatzetan zein toki duten eta nola konbinatzen diren aztertzeko lana hartuko dute antolatu diren bi mahai ingurutan parte hartuko dutenek. Bi mahai hauek Orkestra Insitutuko Miren Estensorok gidatuko ditu. Lehenengoari Metropolia kontu zehatzetan izena jarri diote, eta bertan hizlari jardungo dute Ricard Gomá Carmona Institut Metrópoliko zuzendariak, Iker Goiria Etxebarria Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugaz gaindiko gaietarako arduradunak eta Idoia Postigo Fuentes Bilbao Metropoli 30eko zuzendari nagusiak.
Praktikari ere helduko diote Udalerriak eta metropolia izeneko mahai inguruan. Kasu honetan, ardatz politikoa aztertuko dute Errenteriako alkate Aizpea Otaegi Mitxelenak, Donostiako alkate Eneko Goia Lasok eta Irungo alkate Cristina Laborda Alboleak. Baionako udaleko ordezkariei ere gonbidapena bidali zaie eta euren parte hartzea konfirmatzeko zai daude antolatzaileak.
Izen ematea, martxan
Dagoeneko irekita dago izen ematerako aukera https://www.uik.eus/eu/jarduera/erronka-komunak-erantzun-partekatuak-udalerriz-gaindiko-politika-publikoen-gobernantza orrialdean.
Gainera, aurreko urteetan egin bezala Errenteriako herritarrek ikastaroan dohainik parte hartzeko aukera izango dute. Antolatzaileek herritarrak eta eragileak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Bihar izan nahi dugun herria elkarrekin pentsatu eta gaurdanik eraikitzen hasteko.
Pentsamendurako abagunea zabaltzea EHUrekin elkarlanean
Laugarren aldia da Errenteriako Udalak EHUren Uda Ikastaroetan parte hartuko duena. Izan ere, aurtengo ikastaroak 2021an hasitako ibilbidea sakondu egingo baitu, oraingo honetan udala eta udalerriak gainditu baina inguruko udalerrien ekarpenik gabe landu ezin daitezkeen gaiak modu kolektiboan jorratuta.
Azkeneko urteetan egin moduan, ikastaroak pentsamenduari tokia eskainiko dio Errenterian, eguneroko praktikaren zurrunbiloa gainditu eta aurrera begira jartzeko.
Errenterian erroldatutakoentzat, doakoa
Matrikula prezioa UIK-ko gainontzeko ikastaroetako bera izango da Errenteriarrak ez diren pertsonentzat. Aldiz, Errenterian erroldatutako herritarrentzat doakoa izango da izen-ematea.
- Errenterian erroldatutakoak: 0€
- Gazteek (ekainaren 30a arte): 25€
- Matrikula orokorra: 48€
- Matrikula murriztu orokorra: 41€
- Matrikula exentzioa: 34€
- ELKAR txarteldunak: 41€
- Euskaltegi eta autoikaskuntza zentro homologatuetako ikasleak: 41€
Ikastaroan presentzialki edo online formatuan parte hartzeko aukera egongo da.
EHUko Uda Ikastaroak, herritar ororentzako prestakuntza-eskaintza
Maider Kortajarena UPV/EHUko Uda Ikastaroetako (UIK) idazkari akademikoaren hitzetan, Errenteriako Udalarentzat bezala, herritarrei hausnarketarako marko lagungarri bat eskaintzea estrategikoa da UIK Fundazioarentzat.
Gizarteko arlo guztietako eragileen eta herritar ororen elkargune dira Uda Ikastaroak eta, horri esker ezagutza mota guztiak gurutzatzea ahalbidetzen da. Akademikoak, zientzialariak, enpresariak, langile profesionalak, administrazioko ordezkari eta beharginak, gizarte eragileak, belaunaldi ezberdinak, guztiak elkartu nahi dira UIKren ezagutzaren plazan eta xede horrekin hartzaile mota guztien intereseko programa osatu da askotariko eragileekin elkarlanean.
Irailaren 5ean Errenterian egingo den Uda Ikastaroan besteak beste etxebizitza, garraioa zein ingurumena aztertuko dira gobernantza metropolitarraren ikuspegitik. Errenteriako Udalean kezka iturri den moduan, kezka unibertsala da, eta, norabide horretan, Ezagutzaren Alde ikuspegi berriak esploratzeko aukera eskaintzen dute EHUko Uda Ikastaroek. Hausnartzea, pentsamenduari tokia eskaintzea, errespetuzko eztabaida eragitea, guzti hori sustatu nahi da Uda Ikastaroen bitartez, gizarteari ekarpen bat egin asmoz.
Lurraldetasunari dagokionez Uda Ikastaroak euskal geografia osora zabaltzea helburu garrantzitsua da UIKrentzat. Uda Ikastaro Ibiltarien programaren bitartez, udalerriek esku artean dituzten erronkei buruzko ezagutzaren transmisioari eta hausnarketei lekua ematen zaie horrela.