2026ko Uda Ikastaroen programa eta matrikula apirilean zabalduko dira
UIK erabat murgilduta dago EHUko 2026ko Uda Ikastaroen prestakuntza prozesuan. Programa osoa apirilaren erdialdean aurkeztuko da, eta aldi berean irekiko da matrikulazio epea.
EHUko Uda Ikastaroak (UIK) udan egiten den prestakuntza-programa zabala da, unibertsitatearen eta gizartearen arteko lotura indartzea xede duena 2026ko Uda Ikastaroak antolatzeko deialdiak, beste behin ere, erantzun oso positiboa izan du, eta guztira 165 proposamen baino gehiago jaso dira. EHUko irakasleengandik ez ezik, enpresa, elkarte eta bestelako gizarte- eta kultura-eragileen eskutik aurkeztu dira proposamenak. Ikuspegi eta eremu aniztasun horrek proiektua aberastu eta unibertsitatearen eta gizartearen arteko lotura sendotzen du. Hori dela eta, UIKk bihotzez eskertu nahi die proposamenak aurkeztu dituzten pertsona eta erakunde guztiei erakundearengan jarritako konfiantza.
Idoia Otaegui UIKko zuzendari akademikoak aditzera eman duenez, EHUko Programa Batzordeak eta azpibatzordeek dagoeneko egin dute proposamenen azterketa eta hautaketa lana. Haien jardun profesional eta konprometituari esker bermatzen dira UIKk antolaturiko Uda Ikastaroen bereizgarri diren kalitatea eta berme akademikoa.
2026ko edizioak, beste urte batez, askotariko programa erakargarria eskainiko du, publiko zabalari zuzenduta eta gaurkotasuneko gaiak ikuspegi anitzetatik jorratuz. Ohikoa den bezala, herritar guztiei irekitako prestakuntza eskaintza izango da eta interesa duen edonork parte hartu ahal izango du.
Apirilaren erdialdetik aurrera programa kontsultatu eta matrikulatzeko aukera izango da. Bitartean, UIKk lanean jarraituko du eduki eta interes handiko edizio berri bat aurkezteko ilusioz.