Berri guztiak

Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako ikastaroak zein hezkuntzako profesionalei zuzenduriko programa bereziak Uda Ikastaroetan

  • Uda Ikastaroak antolatzeko eta hezkuntzako profesionalei zuzenduriko programa bereziak sustatzeko akordio markoa sinatu dute Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailak, Hezkuntza Sailak eta UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazioak. 

  • Uztailaren 2an izango den irekiera ofizialean arte historialaria eta Bilboko Guggenheim museoko zuzendari nagusia den Miren Arzallusek eskainiko du Uda Ikastaroen 44. edizioaren irekierako hitzaldia. 

  • Ricardo Echepare konferentzia irailaren bigarren hamabostaldian izango da Jose Antonio Alonso Lozanoren eskutik. Konputazio Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna da UPV/EHUn eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko (BCAM) zuzendari zientifikoa. 

UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailarekin eta Hezkuntza Sailarekin sinatu berri duen akordioaren berri emateko eta akordioak ahalbidetzen dituen programa bereziei buruzko xehetasunak eskaintzeko agerraldia izan da gaur Donostian.

Miramar Jauregian egin den ekitaldian Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak, Juan Ignacio Pérez Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Juana Goizueta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Idoia Otaegui UIKko zuzendari akademikoak hartu dute parte.

Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza zein Hezkuntza Sailen eta UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazioaren arteko hitzarmena

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailarekin eta Hezkuntzako Sailarekin lankidetzak arnas luzeko ibilia du. Joxerramon Bengoetxea UPV/EHUko errektoreak adierazi duenez “1993. urtean Uda Ikastaroak sortu zirenetik bidelagunak izan gara Eusko Jaurlaritza eta UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazioa eta urteen poderioz elkarlana garatuz eta sendotuz joan gara. Zentzu horretan Eusko Jaurlaritzak Uda Ikastaroen antolakuntzan eta sustapenean duen konpromisoa aitortu eta eskertu nahi dugu, eta aurrerantzean ildo beretik jarraitzeko gure prestutasuna erakutsi nahi dugu.”

Uda Ikastaroen bidez ezagutzak sakontzera eta zabaltzera bideratutako prestakuntza-jarduera bultzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, euskal jendarteak etengabe aldatzen ari den gizarte baten inguruan eztabaidatzeko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko topagune bat izan dezan.

Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza saila Uda Ikastaroen Batzorde Antolatzaileko kide den aldetik, edizio bakoitzeko programa orokorra egiten laguntzen du. Bertan, egungo ziklo eta ildoekin batera, Zientzia eta Teknologia sustatu eta gizartean zabaltzeko jarduerak sartzen dira. Hauen helburuak hezkuntza-etapa guztietan hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea, eremu horrekiko bokazioa eta asmo profesionalak inspiratzea, eta euskal herritarren artean dibulgazioa eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea dira.

Norabide horretan abiatu zen iaz Ricardo Echepare konferentzia zikloa Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailari esker, eta aurten segida izango du.

Ricardo Echepare bigarren konferentzia José Antonio Lozano Alonsoren eskutik

José Antonio Lozano Alonsok eskainiko du Ricardo Echepare konferentzia zikloaren bigarren hitzaldia iraileko bigarren hamabostaldian – data laster jakinaraziko da. Konputazio Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna da UPV/EHUn, eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko (BCAM) zuzendari zientifikoa. Adimen artifizialaren eta datu-zientziaren alorrean ekarpen nabarmenak egin ditu eta 2024ko Euskadi Ikerkuntza Saria jaso zuen.

Hezkuntzako profesionalei zuzenduriko programa bereziak Uda Ikastaroetan

Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuak azaldu duenez, UPV/EHUko Uda Ikastaroak tresna estrategikoa dira euskal hezkuntza-sistema hobetzeko bidean. Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak UIKrekin elkarlanean sustatzen ditu “Irakasteko ikasten” programa, hezkuntza-zentroetako irakasleei zuzendua, eta “Ikasiz Hezi” etengabeko prestakuntza-plana, unibertsitatez kanpoko irakasleei zuzendua.

Aurten, “Irakasteko ikasten” programaren 25. urteurrenean, 16 ikastaro eskainiko dira programa horren baitan, eta beste 10 “Ikasiz Hezi” planaren barruan. Eskaintza honek Sailaren egungo lehentasunei erantzuten die, hala nola ebaluazioa hobetzea, irakasleen prestakuntza-ereduak garatzea, aniztasunari arreta jartzea eta ikasleen ongizate sozioemozionala sustatzea. Gainera, Berritzegune Nagusiarekin elkarlanean diseinatzen dira, berrikuntza pedagogikoko laguntza-zerbitzu gisa.

Ikastaroetako edukiek hezkuntza-zentroek beraiek abiarazitako esperientzia errealetan dute oinarria, eta hezkuntza-komunitateari hausnarketa eta ikaskuntza praktikorako guneak eskaintzen dizkiete, hezkuntza-eredu inklusiboago, berritzaileago eta hobekuntzan oinarrituago baterantz aurrera egiteko. Sailburuak azpimarratu du, halaber, programa horiek Hezkuntza Sailaren konpromisoa indartzen dutela bizialdi osoko ikaskuntzarekin, euskal hezkuntza-sistemaren kalitatea eta ekitatea sustatzeko oinarri gisa.

Uda Ikastaroetan izena emateko epea, zabalik

Idoia Otaegui Uda Ikastaroetako zuzendari akademikoak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailak eta Hezkuntzako Sailak Uda Ikastaroekiko duten etengabeko konpromisoa eskertu du eta Irakasteko Ikasten eta Ikasiz Hezi programek hezkuntza profesionalen eskutik eragiten duten inpaktu soziala azpimarratu du: “norbanako bezala ezagutzan sakontzean inguruan eragiten dugun inpaktua azpimarratu nahi dugu eta hezkuntzako profesionalei ez ezik, herritar orori Uda Ikastaroetara hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi diegu. Informazio objektibo, erreal eta kritikoaren aldeko pausoa emateko gonbidapena egin nahi dugu, kontuan hartuz ezagutzaren alde norbanakook egiten ditugun apustu pertsonalek kolektibo osoan eragiten dutela”.

Uda Ikastaroak jada abian dira eta irailaren amaiera bitartean 152 Uda Ikastaro eta 14 workshop programatu dira. Eskaintza kopuruaren araberako hurrenkeran, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan izango da jarduera multzorik handiena. Hirietatik harago, Uda Ikastaroak lurraldean zehar ibiltari izateko helburua oinarri, Ataun, Auritz-Burguete, Azkoitia, Beasain, Elgoibar, Gernika-Lumo, Ispaster, Miñao Gutxia, Lekeitio, Lesaka, Oñati, Zerain eta Zubietara hedatuko da eskaintza.

Garaiko desafioak oinarri harturik, askotariko gaiak izango dira hizpide Uda Ikastaroetan. Ziklo estrategikotan ardaztu dira ikastaroak, eta aurtengo eskaintzan bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari loturiko ikastaroak, hala nola Gizartea, Osasuna, Hezkuntza, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa zein Zientzia eta Teknologiari dagozkionak.

Bizi dugun garai geopolitikoaren isla, zehar lerroan edo modu nabarmenduan elkarbizitza, demokrazia, parte-hartzea, kolektibitatea eta talde lanaren balioak nabarmenduko dira, oro har, 2025eko Uda Ikastaroetako edukietan. Era berean iraunkortasunak eta Adimen Artifizialak gogoeta eta eztabaida gai garrantzitsu izaten jarraituko dute.

Idoia Otaegui UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aditzera eman duenez “zabalik dago Uda Ikastaroetan izena emateko epea. Gizarte kolektibo ezberdinentzat prezio bereziak eskaintzen dira. 25 urte arteko gazteei zuzenduriko eskaintza bereziari esker, adibidez, ekainaren 30a baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango ikastaro bakoitzeko”.

Miren Arzallusek eskainiko du Uda Ikastaroen 44. edizioaren irekierako hitzaldia

Ikastaroak abian diren arren uztailaren 2an egingo da irekiera ofiziala eta arte historialaria eta Bilboko Guggenheim museoko zuzendari nagusia den Miren Arzallusek Mugarik gabeko artea. Mugak gaindituz, lengoaiak arakatuz hitzaldia eskainiko du. Miramar jauregian izango da, uztailaren 2an, arratsaldeko 17:00etan.