Uda Ikastaro hau presentziala da. Baina nahi izanez gero, online bidez nonnahitik zuzenean jarraitzeko eta parte hartzeko aukera egongo da: Horrela egitea nahiago bazenu, mesedez sakatu ONLINE gainean zuzeneko online ikastaroaren fitxara sartzeko.
Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 34 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 29 irakasle ari dira lanean. Horiez gain, 9 katedra ere sortu ditu, beste horrenbeste unibertsitatetan. Ikastaro honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituak gonbidatu ditu, aurreko urteetako bide beretik. Hortik “Bikaintasuna Euskal Ikasketetan X” izenburua.
Aurtengoan aniztasuna izango dugu hizpide eta bizi dugun garai honetan aniztasunak euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan duen eragina eta irakaskuntza horri egin diezaiokeen ekarpena aztertuko dugu. Horretarako hizkuntzaren, zinemaren, literaturaren eta oro har kulturaren esparruan aniztasunak duen tartea izango dugu mintzagai.
Helburuak
Aniztasunaren kontzeptura hurbiltzea.
Euskara eta euskal kulturaren aniztasuna ezagutzea.
Aniztasunak euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan duen eragina eta egin diezaiokeen ekarpena aztertzea.
Aniztasunaren berri ematea nazioartean euskara eta euskal kultura irakasten ari diren edo horretan jardungo duten irakasleei.
Etxepare Euskal Institutuko irakurletza sareko irakurleen jardunaren berri ematea eta esperientziak partekatzea.
Jarduera nori zuzenduta
- Unibertsitateko ikaslea
- Unibertsitarioak ez diren ikasleak
- Irakasleak
- Profesionalak
- Publiko orokorra
Miramar Jauregia
Mirakontxa pasealekua 48, 20007 Donostia
Gipuzkoa
43.3148927,-1.9985911999999644
Miramar Jauregia
Mirakontxa pasealekua 48, 20007 Donostia
Gipuzkoa
Uda Ikastaroaren zuzendaritzak bidalitako ondorioak
BIKAINTASUNA EUSKAL IKASKETETAN X: ANIZTASUNA EUSKAL KULTURAN
Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Egun, 35 irakurletza ditu munduko unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 30 irakasle. Euskara eta euskal kulturak aniztasunari egin dioten ekarpena eta aniztasunak euskara eta euskal kulturan duen tokia aztergai izan ditugu, baita eremu hauek nazioarteko irakaskuntzan nola landu daitezkeen. Horretarako, euskal hizkuntzaren, zinemaren, literaturaren eta oro har kulturaren esparruan aniztasunak duen tartea izan dugu mintzagai.
Ikastaroa sarrera teoriko eta orokorrarekin hasi zen Jakin aldizkariko zuzendari. den Lorea Agirreren eskutik. Euskal kultura nazioarteko jokalekuan egoera diglosikoan egonik, leku mistoan egotearen kontzientzia izatearen garrantzia azpimarratu zuen munduko aniztasuna bermatzeko. Goizeko bigarren ataleko saioek aniztasuna euskarari lotuta izan zuten erdigunean. Andoni Barreñak euskararen biziberritze prozesutik abiatuta, hainbat hizkuntza komunitatetan Garabide elkarteak sustatu eta dinamizatu dituen elkarlan proiektuak azaldu zituen, kulturen eta hizkuntzen aniztasunari egindako ekarpen gisa. Adolfo Arejita euskaltzainak aldiz euskalkien eta euskararen arteko solasa izan zituen hizpide, et euskara baturantzerako ibilbidean hartu ziren erabakiekin aniztasuna nola kudeatu zen azaldu zuen.
Arratsaldeko saioetan nazioartean euskara eta euskal kultura irakasteko orduan aniztasuna lantzeko proposatutako proiektu praktikoak azaldu ziren. Ander Beristainek euskal dialektologia lantzeko bi proposamen luzatu zituen, bata hizkuntzalaritzatik abiatuta eta bestea kulturaren ikuspegitik landuta. Esti Ezkerrak euskal literaturako ikasgaiean “migrazio” gaiaren bidez aniztasuna lantzeko proposamena egin zuen University of California, Santa Barbaran aplikatutako kasu praktikotik abiatuta, izan ere Estatu Batuetako ikasleen bizipenen eta euskal migrazioa Ameriketan gaiaren inguruko literaturako materialen artean elkarrizketa sortuz ezezagunerantz bideratzeko ariketa proposatu baitzuen.
Bigarren egunean euskal kulturako hiru eremu (ikus-entzunezko lanak, literatura eta arte plastikoa) eta nazioartean euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza aniztasunari lotuta aztertu ziren. Goizeko saioan Iratxe Fresnedak euskal ikus-entzunezko lanek aniztasunaren irudikatzean zein ekarpen egiten duten azaldu zuen, aitzindarietatik hasi, Glocal proiektuarekin jarraitu eta hainbat aniztasun mota irudikatzen duten lanak gogoraraziz, esateko aniztasuna sexuan, gatazkaren inguruan, euskarari lotuta,, etab. Itxaro Bordak landu zuen gaia izan zen euskal literaturak bere hastapenetatik, hau da, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae-tik hasita, gaur egun arte aniztasunari egindako ekarpena. Mugarri garrantzitsutzat azpimarratu zituen Etxepareren lana, XVIII eta XIX. mendeko aniztasunaren ukapenaren ondoren XX. mendean Mirande, Txillardegi eta Arestiren hurbilpena, eta hirugarrenik euskara batuaren sorrera eta aldi berean euskal literaturan islatutako euskararen mami anitza. Garazi Ansak bere saioan euskal arteari buruz izan daitekeen ikuspegia deseraikitzen aritu zen euskal artearen aniztasunaren kontzeptua argitzeko. 70, 80 eta 90. hamarkadetan euskal testuinguruan euskal artetzat jotzen zena zalantzan jarri zen eremu akademiko eta Ikerketa ildoetan: zein dira euskal artistak eta historiografiatik at geratu direnak? Zein dira euskal artearen ezaugarriak? Euskal artea arte abstraktua bakarrik da?. Hari horretatik tiraka euskal artearen azken urteotako dimentsio figuratiboa, arte parte-hartzailearen presentzia, gai feministen eta ekologiaren indarra, lengoaia eta gorputz anitzen garrantzia izan zituen hizpide.
Arratsaldeko lehen saio praktikoan Unai Nafarratek UCLA-ko ikasle taldearekin izandako eskarmentutik abiatuta euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzan hitzen dimentsio emozionala lantzeko proposamena egin zuen. Euskal filmetako klipak irakas-baliabide izanik, euskara eta euskal kulturaren ikaskuntzak eskatzen duen inbertsioa instrumentala baino soziokultural eta afektiboa izateko nola landu eredua eskaini zuen.
Azken saioan Monika Madinabeitiak azpimarratu zuen nazioarteko ikasleriarekin euskal kultura lantzeko orduan estereotipoak indartzea ekiditea duela lehentasun, eta baita normalean kanpoko begiradatik euskal errealitatean ikusten ez den hura ikusaraztea. Bere proposamenean hainbat euskal oroimenaren leku, esate baterako euskal gatazka, Gerra Zibila edota martxoak 3ko sarraskia, aniztasunetik nola landu azaldu zuen.