Kultura eta Artea
Hezkuntza
Hizkuntzalaritza eta Literatura
Uda ikastaroa
Bikaintasuna euskal ikasketetan XII: Egon eta egin, sustraiak sendotuz aurrera begira

Bikaintasuna euskal ikasketetan XII: Egon eta egin, sustraiak sendotuz aurrera begira

Uzt. 11 - 12. Uzt, 2022 Kod. K07-22

Azalpena

Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 35 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 28 irakasle ari dira lanean. Horiez gain, 9 katedra ere sortu ditu, beste horrenbeste unibertsitatetan. Ikastaro honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du eta, horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo ezberdinetako adituak gonbidatu ditu, aurreko urteetako bide beretik. Hortik “Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XII” izenburua.

Aurtengoan bi norabidetara begira ipintzeko asmoa dugu: atzera eta aurrera.

Gaur egun gauden egoeran egon gaitezen, euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan orain arte egin denaz hausnartzeko astia hartu nahi dugu batetik. Gure sustraietan arreta ipiniz, non eta nola hasi ginen gogoratuko dugu.

Bertan goxo geratu ordez, aurrera begira jarraitu nahi dugu, ordea, eta etorkizunean zein urrats egin beharko ditugun eta erronka berriei aurre nola egin beharko geniekeen pentsatzeko ere tartea hartuko dugu.

Irakurri gehiago

Helburuak

Euskararen irakaskuntzaren oinarriak gogora ekartzea eta alor horretan protagonista aktibo izan direnen esperientzia partekatzea.

 

 

Etxepare Euskal Institutuko irakurletzen hasierako urratsei buruzko hausnarketa egitea gaur egungo begiradatik.

Aurrera begira, euskarak eta euskal kulturak, bai nazioartean, bai mundu digitalean dituen erronka berriei nola aurre egin gogoeta egitea.

Jarduera nori zuzenduta

  • Unibertsitateko ikaslea
  • Unibertsitarioak ez diren ikasleak
  • Irakasleak
  • Profesionalak
  • Publiko orokorra

Kolaboratzaileak

  • Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen Arloko Errektoreordekotza

Programa

2022-07-11

09:15 - 09:25

Jardueraren zuzendaritzaren aurkezpena

  • Garbiñe Iztueta Goizueta | Etxepare Euskal Institutua - Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria
09:30 - 10:30

“Aproximación a la gramática cognitiva: un instrumento eficaz para el aula“

  • Lourdes Miquel López | Escuela Oficial de Idiomas de Barcelona - Catedrática de español como lengua extranjera (Zoom bidez parte hartuko du)
10:30 - 11:30

“On line saioak dinamizatzeko trikimailuak eta tresnak“

  • Amaia Arroyo Sagasta | Alholkularia eraldaketa digitalean
11:30 - 12:00

Atsedena

12:00 - 13:00

“Etxepare Institutuko irakurletzetan euskara irakasteko menuak: osagai gozoak eta gazi-garratzak“

  • Karlos Cid Abasolo | Madrilgo Complutense Unibertsitatea - Irakaslea
13:00 - 13:15

Sintesia

16:00 - 16:45

“Gela iraulia unibertsitate mailako euskara ikastaroetan“

  • Gorka Mercero Altzugarai | University of Liverpool - Irakaslea
16:45 - 17:30

“Atzerrian, lehenengo egunetik euskaraz?“

  • Claramunt Araitz | Helsinkiko Unibertsitatea - Euskara eta euskal kulturako irakurlea

2022-07-12

09:15 - 10:15

“Siboneitik Kubanakanera.“

  • Joseba Sarrionandia Uribelarrea | Habanako Unibertsitatea - Idazlea eta irakaslea
10:15 - 11:15

“Memoriaren garrantzia euskal kulturan.“

  • Aritz Galarraga Lopetegi | Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa - Irakaslea eta idazlea
11:15 - 11:45

Atsedena

11:45 - 12:45

“Eleaniztasuna euskal kulturan“

  • Xabier Payá Ruíz | - - Bertsolaria eta itzultzailea
12:45 - 13:00

Sintesia

16:00 - 16:45

“INGURA, euskara online“

  • Eskarne Lopetegi Zalakain | HABE - Teknikaria
16:45 - 17:30

“Euskal musika eta euskararen harremana.“

  • Amaia Gabantxo Uriagereka | - - Irakaslea eta itzultzailea
17:30 - 17:45

Itxiera

  • Garbiñe Iztueta Goizueta | Etxepare Euskal Institutua - Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria

Zuzendariak

Garbiñe Iztueta Goizueta

Etxepare Euskal Institutoa

Garbiñe Iztueta Aleman Filologian eta Ingeles Filologian lizentziatua da, eta Filologia Modernoan doktorea, literatura konparatuan. 2017az geroztik Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria da Etxepare Euskal Institutuan. Aurretik Euskal Herriko Unibertsitatean egin du ibilbide luzea, Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza saileko irakasle gisa (1998-2017), baita Aleman Filologiako koordinatzaile (2014-2017) eta Letren Fakultateko Nazioarteko Harremanetarako eta Mugikortasun Programetarako dekanorde (2007-2011) moduan ere. Honako gaiak izan ditu hizpide eta aztergai bere proiektu eta argitalpenetan: Alemania eta Euskal Herriaren arteko kulturartekotasuna, Euskal Herriaren irudia alemanezko bidaia-deskribapenetan, espazioa, emozioa eta aberria alemaniar literaturan, botere espazioak Herta Müller idazlearen prosan eta identitatea Alemaniar Batasunaren ondorengo literaturan.

Hizlariak

Claramunt Araitz

Araitz Claramunt euskara eta euskal kulturako irakurlea da 2019az geroztik Helsinkiko Unibertsitatean. Suedian bertan, Malmöko Unibertsitatean, Media eta Komunikazio Ikasketen masterra ari da egiten, eta Linköpingeko Unibertsitatean, aldiz, Helduen Ikaskuntzari eta Aldaketa Globalari buruzko masterra. Aurrez, 2018an, Lehen Hezkuntzako Irakasle Gradua eskuratu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Doneztebeko eskolan aritu zen lanean behar bereziak dituzten haurrekin.

Amaia Arroyo Sagasta

HUHEZI - Mondragon Unibertsitatea, Irakaslea eta ikerlaria

Hezkuntza Bereziko Magisteritzan diplomatua (2004), IKTak formazioan aplikatuta masterduna (2006), Komunikazio eta Hezkuntza Sarean masterduna (2012), eta Komunikazioan eta Hezkuntzan doktorea (2017): Konpetentzia Digitala, Norbere Ikas-Alorra (NIA) eta Erakundearen Ikas-Alorra (EIA) dira bere ikerlerroak. Hainbat zereginetan ibili izan da: irakasle, aholkulari, editore, ikasmaterial-egile... baina teknologia digitalaren ikuspegi pedagogikoa da bere interesgunea, eta zeregin guztietan ardatz horri eusten saiatzen da. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea eta ikerlaria da, KoLaborategiko kidea. Gainera, UEUk eta EHUk eskaintzen duten HEZikt graduondokoan irakaslea, koordinatzailea eta Batzorde Akademikoko kidea da.

Karlos Cid Abasolo

Karlos Cid Abasolo (Madril, 1963), Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Filosofia eta Letretan 1986an lizentziatua eta Hizkuntzalaritzan 1994an doktoratua (Tesiaren izena: "Tipología de la relati¬vización en español, checo y euskera: cotejo de las lengua románicas, eslavas y vasca respecto a ciertos fenómenos relativos"). 1987tik 1989ra, euskara irakasle Pragako Karlos Unibertsitatean. 1989tik 2005era, Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara irakasle. 1998tik hona, Euskal Filologiako irakasle Madrilgo Universidad Complutensen (2007tik, irakasle titular gisa). Itzultzaile gisa, txekiar literaturako hainbat lan euskaratu ditu (besteak beste, Milan Kunderaren Izatearen arintasun jasanezina, 2010ean Euskadi sarietan finalista). Euskalari gisa, euskal sintaxi eta onomastika, itzulpengintza eta hizkuntza tipologiari buruzko ikerketa ugari argitaratu dizkiote. Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzordeko kide ohi (2011-2014). 2010etik hona, Euskadi Irratiko Faktoria magazineko kolaboratzaile. Bestalde, bi poema liburu idatzi ditu (Keinu konplizeak, Susa, 2018, eta Laztanak eta aizkorak, Booktegi, 2020).

Amaia Gabantxo Uriagereka

Amaia Gabantxo idazlea, abeslaria eta literatura-itzultzailea da. Euskal literatura ingelesera itzultzen du. Miren Agur Meabe, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Alaine Agirre, Gabriel Aresti, Lourdes Oñederra eta Unai Elorriagaren lanak itzuli ditu, beste askoren artean. Irlandako eta Ingalaterrako unibertsitateetan egin zituen literatura eta itzulpengintza ikasketak. University of East Anglia, University of Chicago eta School of the Art Institute of Chicagon literatura, itzulpengintza, literatur sorkuntza eta euskal hizkuntzako irakaslea izan da. Hainbat literatura aldizkarietan argitaratu dira bere idatziak. Musika arloan, Bilboko Goi Mailako Kontserbatorioan ikasi eta gero, musika klasikoa eta flamenko kantatzen ibili da Ingalaterran eta Estatu Batuetan, talde ezberdinetan. 1931 izeneko musika albuma atera zuen 2019an, Chicagon sortu zuen KANTUZ laukotearekin. Musika klasikoa, poesia, flamenkoa, jazza eta euskal kantuak nahasten dira albumean. Pandemiaren eraginez Euskal Herrira itzuli eta gero, bai musika elektronikoa eta bai soundscape formatua landu ditu, naturako soinu eta ahotsekin esperimentatzen. 2021ean, Galeseko Pererdinod Festibalarentzat Transhumantzia soinu paisaia sortu zuen Oihana Iguaran bertsolariarekin.

Aritz Galarraga Lopetegi

(Hondarribia, 1980) Universitat Autònoma de Barcelona, Universitat de Barcelona eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle gisa lan egin du. Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuan lizentzia eta Literatura Konparatua: Ikasketa Literarioak eta Kulturalak masterra eginak ditu UABn. Doktore da UAB eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatetik, “Katalanera itzulitako euskal literatura (1982-2020)” tesiarekin. Salvador Espriu, Joan Vinyoli eta Gabriel Ferrater idazle katalanen poemak euskaratzeaz gain, ipuin katalan garaikideen antologia bat prestatu du (Hobe kontatzen ez badidazu, Pasazaite, 2014). Joxemari Iturralde (Kaleidoskopioa, Pamiela, 2012) eta Joxemiel Bidador (Klasiko bitxi, arront klasiko, Pamiela, 2016) idazleen prentsarako artikuluen edizio lana ere egin du. Euskal prentsako ohiko kolaboratzailea da, Argia, Berria, Deia, Erlea, Euskadi Irratia, The Balde eta abarretan. Estralanak lanean (Booktegi, 2017) bildu dizkiote prentsarako idatzi dituen testu esanguratsuenetako batzuk. Posteritatea izenekoan (Booktegi, 2020), aldiz, hamar urtez idatzitako nobedade ez diren liburuen iruzkinak. Argitaratu duen azken liburua Gogoan dut oroitzapen bilduma da (Pamiela, 2021).

Eskarne Lopetegi Zalakain

HABE

Eskarne Lopetegi Zalakain (Donostia, 1964). Euskal filologian lizentziatua (Deustuko unibertsitatea, 1982-87). HABEren Didaktika zerbitzuko teknikaria eta ikas-material egilea. 2010az geroztik HABEren Metodologia eta Edukiak arloko burua. Egitasmo hauen sortzaile eta partaidea. Egun arduraduna: Ikasbil ataria, Primeran euskara ikasteko metodoa (2011-2024) eta Ingura euskara online (2021-2025) ikas-plataforma.

Gorka Mercero Altzugarai

Gorka Mercero Euskara eta Euskal Ikasketen irakasle titularra da University of Liverpool-en 2014tik. Hori baino lehen, Etxepare Euskal Institutuko irakurlea izan zen bi urtez University of Birmingham-en eta euskal Hizkuntza eta literaturako irakasle Nafarroako Bigarren Hezkuntzako institutuetan sei urtez. Euskal Filologian lizentziatua da, eta euskal literaturan doktorea 2012az geroztik, honako tesiarekin: ‘Oroimena eta postmodernismoa euskal literatura garaikidean: errealitatea, norbanakoa eta nazioaren auziak’. Teoria Kritiko eta Kulturaleko masterra ere egin zuen 2004an Cardiff University-n. Erresuma Batuko Unibertsitate Irakaskuntza Elkarteko kide ere bada (FHEA, 2022). Hiru argitalpen ere baditu kaleratuta: ‘The world literary system and planetarity in Bernardo Atxaga’s Obabakoak’, Journal of Romance Studies (2021); Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera (Bilbao: Amorebieta-Etxanoko Udala & Labayru, 2017); 'Learning to Think Otherness: Towards a Typology of World Views in Contemporary Basque Fiction', Bulletin Of Hispanic Studies 93 (2016).

Lourdes Miquel López

Lourdes Miquel Hizkuntza Eskola Ofizialetako atzerritarrentzako gaztelaniako (ELE) katedraduna da eta gaztelania atzerriko hizkuntza gisa irakatsi du hainbat hezkuntza testuingurutan (Frantzian eta Italian). Etorkinen irakaskuntzarekin zerikusia duten hainbat GKErekin aritzen da elkarlanean, eta gaztelania atzerriko hizkuntza gisa irakatsiko duten irakasleak (Espainiakoak nahiz atzerrikoak) prestatzen ere aritzen da, baita katalana atzerriko hizkuntza gisa irakatsiko dutenak prestatzen ere. Hainbat master eta graduondokotan ematen ditu eskolak, gramatikaren irakaskuntzaren inguruan. Gaztelania irakasteko eskuliburuen egilea da, baita mailakako irakurketarako bildumen egilea ere. Gramática Básica del estudiante de español (azken edizioa 2021eko urrian) liburuaren egileetako bat da. Hizkuntza eta kulturaren arteko harremanei, etorkinei gaztelania irakasteari eta gramatikaren irakaskuntza eta praktikari buruzko artikulu teorikoak idatzi ditu. Idazle gisa, nobelaren Jaén saria irabazi du.

Xabier Payá Ruíz

(Bilbo, 1982) Itzulpengintzan eta interpretazioan lizentziaduna. Hiru master ditu honako arloetan: Komunikazio multimedia, Europako Kultura Modernoak, eta Enpresa Zuzendaritza eta Administrazioa. Ingelesetik, frantsesetik eta gaztelaniatik euskaratu ditu hainbat lan: Desio izeneko tranbia, Peter Pan eta jaka eskarlata, Maite nuen, Herria, Bizitza amets... Artikulugintzan urte ugari jardundakoa da, bai irratian, bai prentsa idatzian: Euskadi Irratian, Bizkaie.biz agerkari digitalean, Gaur8-n eta Berria-n

Joseba Sarrionandia Uribelarrea

Joseba Sarrionandia Uribelarrea, idazlea (Iurreta, 1958). Euskal Filologian lizentziatu zen Bilboko Deustuko Unibertsitatean, eta euskara irakasle lan egin zuen. Bergarako UNEDen fonetika irakasle izan zen eta Habanako Unibertsitatean ere irakasle aritu zen. Zeruko Argia, Anaitasuna, Jakin eta Oh! Euzkadi aldizkarietan eman zituen argitara bere lehen lanak, eta Pott Bandako kideetako bat izan zen. Euskaltzain urgazlea, Ibaizabal aldizkariaren sortzaileetako bat ere izan zen. 1980an gatibu hartu zuten, eta 1985ean Martuteneko espetxetik ihes egin zuen. Kuban ia lau hamarkada luzeko erbestealdiaren ostean, 2021. urteko udaberrian itzuli zen Euskal Herrira. Sarrionandiaren ibilbide literarioa biziki oparoa da. Hamarkadaz hamarkada hainbat literatur sariketetan sarituak izan dira haren lanak. Eta haren hainbat liburu, Izuen gordelekuetan barrena (1981), Narrazioak (1983), Ni ez naiz hemengoa (1985), Marginalia (1988), Kartzelako poemak (1992), Hnuy illa nyha majah yahoo (1995), Lagun izoztua (2001), Kolosala izango da (2003), edota Moroak gara behelaino artean? (2010), besteak beste, euskal literatura garaikidearen baitako libururik irakurrienetakoak dira.

Laburpena

Uda Ikastaroaren zuzendaritzak bidalitako ondorioak