Berri guztiak

45. edizioak UIK ezagutza eta eragile anitzen arteko elkargune dela berretsi du

  • 169 jardueratan, 14.981 lagunek hartu dute parte; Zientzia eta Teknologia, Gizartea, Zuzenbidea, Osasuna eta Jasangarritasuna izan dira parte-hartze handiena bildu duten arloak.

  • 279 kolaboratzaileren sareak, dinamika parte-hartzaileek eta diziplinen arteko elkarrizketak UIKren lankidetza-eredua indartu dute.

Gaur, Donostiako Miramar Jauregian, EHUko Uda Ikastaroen 45. edizioaren balantzea aurkeztu dute Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak eta Idoia Otaegui EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko (UIK) zuzendari akademikoak. 2026ko edizioak, “Pentsatzen duzulako gara” lelopean, ezagutza partekatzea izan du ardatz, eta uda osoan askotariko jakintzak, erakundeak, profesionalak eta herritarrak elkartu ditu.

Edizioak 169 jarduera bildu ditu guztira: 117 Uda Ikastaro —horietatik 8 Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak—, 33 workshop, 18 jarduera ireki —horien baitan Donostia Sustainability Forumeko 13 saio— eta iraupen luzeko online Uda Ikastaro bat. Jarduerek 14.981 parte-hartzaile izan dituzte: 13.016 ikasle eta 1.965 hizlari eta zuzendaritza-kide.

Programak lurralde-presentzia zabala izan du, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Baiona gune nagusi izanik. Era berean, Uda Ikastaroak herrietara hurbiltzeko eta ezagutza lurralde osoan zabaltzeko bokazioari jarraiki, eskaintza beste hainbat udalerritara ere iritsi da: Aramaio, Ataun, Baigorri, Beasain, Bermeo, Gernika-Lumo, Irun, Lesaka, Oñati, Ordizia eta Zaldibiara. Aurrez aurreko eskaintzarekin batera, hainbat jarduera online zuzenean jarraitzeko aukera ere izan da.

Kopuruez harago: elkarrizketak eta ezagutza gurutzatuak

Balantzeak erakusten du Uda Ikastaroen ekarpena ez dela jarduera- eta parte-hartzaile-kopuruetara mugatzen. Ikastaroak ikerketen emaitzak aurkezteko eta kontrastatzeko, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak aurrez aurre jartzeko eta arlo desberdinetako esperientziak elkarrekin lotzeko plaza izan dira. Etxebizitza-politikatik sinesmen-aniztasunera, datuen babesetik zahartzeari buruzko azterlan longitudinaletara, hainbat lan eta ikerketa gizarteratu eta eztabaidatu dira.

Ikuspegi multidiziplinarrak presentzia nabarmena izan du. Espezializatutako jakintzen arteko loturak gero eta beharrezkoagoak diren testuinguruan, UIKk lotura horiek esperimentatzeko aukera ematen du: akademia, administrazio publikoa, profesionalak, gizarte-eragileak eta herritarrak mahai beraren inguruan jarriz, galdera berriak sortzeko eta erantzunak elkarrekin eraikitzeko.

Zerk piztu du interesa 2026an?

Parte-hartzearen datuek argazki esanguratsua uzten dute. Zientzia eta Teknologia izan da parte-hartze handiena bildu duen arloa, 3.462 lagunekin; ondoren etorri dira Gizartea (2.101), Zuzenbidea (1.856), Osasuna (1.527) eta Jasangarritasuna (1.497). Jarduera jendetsuenen artean egon dira, besteak beste, hiri-drainatze jasangarriei, industria eraldatzeko fiskalitateari, giza eskubideei, euskal autogobernuari, zahartzearen erronkei eta segurtasun integralari buruzko ikastaroak.

Gizartearen kezken behatoki eta, aldi berean, arnas gune

UIKren behatoki izaerak kopuruen atzean zer dagoen irakurtzeko aukera ere ematen du. Ikasgeletan gertatutakoak eta atsedenaldietako elkarrizketek erakutsi dute gizarte gaiek, hala nola, indarkeria matxistak, inklusioak, feminismoak, komunitateak eta bizikidetzak arreta handia pizten jarraitzen dutela. Osasunaren arloan, berrikuntzarekin batera, osasun mentala, emozioak, dolua eta zaintza jorratu dituzten proposamenek erantzun handia izan dute. Ingurumenari lotutako gaiek ere interesa piztu dute, besteak beste, baso-suteek, uraren kudeaketak eta klima-komunikazioak.

Bizi dugun testuinguru konplexu eta bizkorrean Uda Ikastaroek beste erritmo bat proposatzen dute eta zentzu horretan arnas gune dira: denbora hartu, aurrez aurre elkartu eta ohiko zirkuluetatik kanpoko pertsonekin hitz egiteko aukera.

Parte-hartzea, lankidetza eta kalitatea

UIKren jarduna lankidetzan oinarritzen da. 2026ko edizioan 279 kolaboratzaile zenbatu dira. Parte-hartze aktiboa sustatzeko metodologiek ere presentzia sendoa izan dute: 35 ikastarok dinamika parte-hartzaileak erabili dituzte; horietako 5 TopaGune izan dira, UIK-k Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan parte-hartzea sustatzeko garatzen duen formatuan. TopaGuneek 315 parte-hartzaile bildu dituzte, eta dinamika parte-hartzaileak baliatu dituzten 35 ikastaroek, guztira, 2.346.

Balorazioek ere edizioaren kalitatea berretsi dute: ikasleen, hizlarien eta zuzendarien asebetetze-indizea 9,23/10ekoa da. Adin eta genero aniztasunak, berriz, Uda Ikastaroek publiko zabalari irekita egoteko duten bokazioa islatu du.

Mugaz gaindiko eta nazioarteko dimentsioa

Nazioarteko dimentsioak presentzia nabarmena izan du 2026ko edizioan, bai parte-hartzaileen jatorrian, bai programazioan eta baita hizlarien profilean ere. Guztira, 1.593 nazioarteko ikaslek hartu dute parte Uda Ikastaroetan, eta jatorri nagusien artean Frantzia, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Italia, Erresuma Batua eta Suitza daude.

Nazioarteko begirada programazioan ere islatu da, migrazioei, Europar Batasunaren erronkei, Europa eta Hego Globalaren arteko harremanei, osasun digitalari, merkatu digitalen lehiari, nazioarteko zuzenbideari eta herritartasunari buruzko ikastaro eta topaketen bidez. Nazioarteko eta lurralde arteko bokazio horren adierazle nagusietako bat Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen 5. edizioa izan da. Ekainaren 29tik uztailaren 3ra 8 ikastaro izan dira, eta guztira 490 ikaslek hartu dute parte —209 aurrez aurre eta 281 online zuzenean—. Horrez gain, Espainia, Frantzia eta Europako beste herrialde batzuetako 112 hizlari bildu dira.

Edizio osoan, bertako, estatuko eta nazioarteko erreferentziazko ahots ugari izan dira, tartean, besteak beste, Agustin Fuentes, Ana Zubiaga, Antonio Vitorino, Carlos de Hita Moreno, Cristina Fallarás, Daniel Innerarity, Duncan Haldane, Eneko Sagardoy, María Elósegui, María José Segarra Crespo, Ramon Agirre, Teresa Ribera eta Yayo Herrero. Haien ekarpenek, beste hainbat hizlarirenekin batera, gaur egungo erronkei jakintza, esperientzia eta begirada askotatik heltzeko aukera eman dute.

45 urteko ibilbidea, etorkizunari begira

2026ko edizioak hasieran planteatutako ideia berretsi du: ezagutza partekatzen denean hazi eta eraldatu egiten da. Ikasgeletan ikusi da gizartearen erronken aurrean pertsona eta erakunde asko lanean ari direla, sarritan isilean, eta UIK aukeratzen dutela beren esperientziak, galderak eta ikerketak partekatzeko. Edizioan zehar behin eta berriz agertu den ideia itxaropenarena izan da: erronkak handiak diren arren, badago haiei erantzuteko ezagutza, konpromisoa eta lankidetza-sarea.

45 urteko ibilbideak aurrera begirako norabidea ere marrazten du: jakintza-arloen arteko loturak eta parte-hartze metodologiak sustatzea, eta UIK gizartearen kezka eta eraldaketen elkargune eta arnas gune ireki gisa garatzen jarraitzea.

«Uda Ikastaroak ez dira soilik prestakuntza-eskaintza bat; ezagutza partekatzeko
ekosistema bat dira. Bertan, akademiak, erakundeek, profesionalek eta herritarrek
elkarri entzuteko, eztabaidatzeko eta ikuspegi berriak eraikitzeko aukera dute».

UIKk eskerrak eman dizkie 45. edizioa posible egin duten guztiei: antolakuntza batzordeari -BBVA Fundazioa, Eusko Jaurlaritza-ren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala-, erakunde babesleei eta kolaboratzaileei, programa eta ikastaroetako zuzendaritzei, hizlariei, ikasleei eta parte-hartzaileei, komunikazio arloko profesionalei eta Uda Ikastaroetako edukiak gizarteratzen lagundu duten hedabideei.

Edizioa amaituta, UIKk laster ekingo dio 2027ko Uda Ikastaroen prestaketari. Gaiak eta ikastaro-proposamenak aurkezteko epea azaroaren 1etik 30era egongo da zabalik, eta UIKk ezagutza partekatu eta elkarrizketa berriak sortu nahi dituzten pertsona eta erakundeak parte hartzera gonbidatzen ditu.

Ikusi hemen EHUko Uda Ikastaroen 2026ko edizioko irudi batzuk.