Berri guztiak

Ana Zubiaga: "Gure osasuna inguratzen gaituen guztiaren osasunaren mende dago"

EHUko Genetikako katedradun eta Jakiundeko presidente Ana Zubiagak irailaren 15ean eman zuen Ricardo Echepare hirugarren hitzaldia Donostiako Miramar jauregian, EHUko Uda Ikastaroen barruan. “Planeta bakarra, osasun bakarra: elkarri lotutako mundu baten biología” izenburupean, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunaren arteko loturak aztertu zituen. One Health ikuspegiaz, osasunaren arloko erronka globalei buruz, genetikaren aurrerapenez eta gero eta diziplinartekoagoa den zientziaren beharraz hitz egin dugu harekin.

Zergatik ezin dugu gizakien osasuna ulertu animalien osasunetik eta ingurumenetik bereizita?

Biologiak ez ditu aintzat hartzen gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunaren artean guk ezarri ditugun mugak. Erakutsi digu beste animalia batzuekin eboluzioa, geneak, funtzio biologikoak eta baita gaixotasunak eta mikroorganismoak ere partekatzen ditugula.

Beraz, eremu horietako batean aldaketaren bat gertatzen denean, normalean besteetan ere eragina izaten du, guztiak elkarren mendekoak eta elkarri lotuak direlako. Ezin dugu gizakien osasuna modu isolatuan hartu. Osasuna, hain zuzen, eremu horien arteko loturatik sortzen da. Gure osasuna inguratzen gaituen guztiaren osasunaren mende dago.

Zein adibidek erakusten du argien zenbateraino gauden biologikoki beste espezie batzuekin lotuta?

Geneak partekatzeak. Eboluzioaren ikuspegitik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta gene gehiago ditugu komunean. Adibidez, txinpantzearekin geneen % 99 inguru partekatzen dugu. Baina urrunago begiratuz gero, arrain edo sagu baten gisako espezieekin, ebolutiboki urrunago egon arren, % 80 inguru partekatzen dugu oraindik. Kalabazarekin ere, ebolutiboki nahiko urrun egon arren, % 50eraino partekatzen dugu.

Baina geneak ez ezik, haien mende dauden funtzio biologikoak ere partekatzen ditugu. Bada bereziki harrigarria iruditzen zaidan adibide bat: gizakiaren PAX6 geneak begiaren garapenean parte hartzen duen proteina bat kodetzen du. Gene hori beste izaki bizidun batean sartzen badugu, esaterako euli batean, geneak duen informazioa interpretatzeko eta begi bat sortzeko gai da. Jakina, euli-begi bat sortzen du, ez baitaki gizaki-begi bat egiten, baina begi bat da. Hau da, beste espezie bateko gene batean kodetutako informazioa interpretatzeko gai da.

Partekatzen dugun beste ezaugarri bat mikroorganismoak dira. Egiaz, ez gara unitate autonomo bat, metaorganismoak baizik: gure barruan gurekin bizi diren mikroorganismoen konstelazio oso bat dugu, eta beste animalia batzuekin edo landareekin ere parteka ditzakegu.

Mikroorganismoak dira, nolabait, planeta osoa lotzen dutenak, izaki bizidun batetik bestera igarotzen baitira. Gauza asko partekatzen ditugu, eta horrek agerian uzten du zenbateraino gauden elkarri lotuta.

One Health ikuspegiarekin lotutako zer mehatxu ari gara gutxiesten, eta zeinek eragin lezake hurrengo osasun-krisi handia?

Ziurrenik osasun-krisi bat eragin lezaketen mehatxu ugari daude, baina bat aukeratu beharko banu, ingurumenaren degradazioa eta kutsadura aukeratuko nituzke.

Izan ere, uste dut kutsadura oraindik ere osasunetik bereizitako ingurumen-arazotzat hartzen dugula, benetan funtsezko osasun-arazoa denean. Kutsatzaileak leku jakin batean sor daitezke, baina ez dira han geratzen. Askatu, hedatu eta hainbat ekosistematan zehar igarotzen dira, airearen, lurzoruaren edo elikagaien bidez, izaki bizidun askorengana iritsi arte.

Gainera, kutsatzaile horiek metatu eta eratorriak sor ditzakete, eta horrek arazoa are gehiago larriagotzen du. Horrela, hasieran tokian tokiko eragina izan zezakeen zerbaitek espezie eta ekosistema askori eragiten die azkenean. One Health ikuspegiaren adibide oso argia da, osasunaren dimentsio guztiak baitaude tartean. Uste dut datozen urteetan aurre egin beharko diegun arazo larrienetako bat dela.

Eta, zientzia-fikzioa dirudien arren, bada kezkatzen nauen beste kontu bat. Etengabe entzuten dugu adimen artifizialari buruz, eta ezin dugu baztertu adimen artifizial aurreratu bat asmo gaiztoekin erabiltzeko aukera; adibidez, patogeno berri bat sortzeko edo lehendik dagoen bat bioterrorismorako aldatzeko.

Baliteke oraindik egoera horretatik urrun egotea, baina ez dakigu oso ondo noraino iristen ari den adimen artifiziala. Uste dut gai horiei heldu behar zaiela eta arriskuez jabetu behar dugula.

Niri, pertsonalki, nolabaiteko kezka sortzen dit. Gogoan dut Gerra Hotzaren amaieran bioterrorismoaz hitz egiten genuela, eta gero ia erabat ahaztu genuela gaia. Hala ere, azken egunotan eztabaidara itzuli da, baita adimen artifizialeko enpresetako arduradunen eskutik ere. Horrek zalantzak sortzen ditu, eta garapen horiekin lotutako arriskuak egon daitezkeela pentsarazten digu.

Nola bihur daiteke pertsonengan edo animaliengan antibiotikoak erabiltzea gizarte osoarentzako arazo? Garaiz ari al gara erreakzionatzen?

Mikrobioen aurkako erresistentzia One Health ikuspegia zergatik behar dugun erakusten duen adibide oso argia da.

Bakterioek hainbat modutan lor dezakete erresistentzia. Normalean, antibiotiko batek eragiten duen presioan pentsatzen dugu, eta presio horren ondorioz erresistentziak nola agertzen diren. Baina bakterioek beste mekanismo batzuk ere badituzte. Adibidez, erresistentzia-geneak elkarri transferi diezazkiokete, baita espezie desberdinen artean ere.

Modu batera edo bestera, badakigu erresistentzia-geneak eta mikroorganismo erresistenteak mundu osoan hedatzen ari direla. Batzuetan pentsatu ohi dugu erresistentziak ospitaleetatik datozela, eta hala bada ere, beste bide asko ere badaude.

Horietako bat baserriko animalietan antibiotikoak erabiltzea da; batzuetan kantitate handietan ematen zaizkie, eta horrek erresistentziak agertzea erraztu dezake.

Beraz, erresistentzia-geneak partekatzeko bide ugari daude, eta horrek politika globalak eskatzen ditu. Ez da nahikoa eskualde edo herrialde batek antibiotikoen erabilerari buruzko arau askoz zorrotzagoak ezartzea, aldameneko herrialdeak gauza bera egiten ez badu. Arazoak bere horretan jarraituko du.

Uste dut oraindik ez garela behar bezain kontziente mehatxu hori hazten ari dela, eta ez garela hura geldiarazteko edo, gutxienez, murrizteko behar diren neurriak hartzen ari.

Genetikan lau hamarkadako ibilbidea egin ondoren, gaur egungo zein aurrerapen zientifiko iruditu zitzaizun pentsaezina hasi zinenean?

Egia esan, asko; izan ere, zientzia izugarri aldatu da nire ikerketa-jardueraren azken 20 edo 30 urteetan. Baina bat nabarmendu beharko banu, batez ere nire lanarekin duen loturagatik, genomak sekuentziatzeko gaitasuna izango litzateke.

Azken 20 edo 25 urteetan sekulako iraultza gertatu da arlo horretan. Aurrerapen teknologikoei esker, oso azkar eta kostu nahiko eskuragarrian sekuentzia daitezke genoma ugari.

Baina, aldi berean, garapen konputazional handia ere gertatu da. Izan ere, ez da nahikoa sekuentzia eta datu kopuru ikaragarria sortzea: ondoren aztertu, bateratu eta interpretatu egin behar dira. Eta, hain zuzen, aurrerapen konputazional horri esker eman ahal izan diogu zentzua informazio horri guztiari.

Horrek eskala-aldaketa oso garrantzitsua ekarri du. Nire ikerketa-jardueraren zatirik handiena gene jakin batzuk aztertzera bideratu dut, baina orain zelula bateko gene guztiak aldi berean aztertzeko gai gara.

Ikuspegi askoz globalagoa izan dezakegu, drone batetik begiratuko bagenu bezala, eta gene guztien jarduera modu integratuan aztertu. Horrek zelula edo ehun batean gertatzen ari denari buruzko informazio askoz osoagoa ematen digu.

Aldaketa kualitatibo aparta izan da.

Prest al daude unibertsitateak eta ikerketa-zentroak benetan diziplinarteko moduan lan egiteko?

Nahi genukeena baino gutxiago. Normalean, zientziak egiturek baino azkarrago egiten du aurrera.

Unibertsitateak eta ikerketa-zentroak diziplinen arabera antolatuta daude: biologia, medikuntza, albaitaritza… Eta hori ondo dago, kalitatezko ezagutza sortzeko garrantzitsua den espezializazioa ahalbidetzen duelako.

Baina One Health bezalako ikuspegiak planteatzen hasten garenean, antolaketa hori ez da nahikoa. Arlo horietako guztietako gaitasunak behar ditugu, eta, batez ere, ez da nahikoa horiek elkartzea: ezagutza integratu behar da ikuspegi askoz zabalagoa lortzeko.

Ez baikara sistema bakar bat aztertzen ari, sistema asko aldi berean baizik. Horretarako, mundu mailan oraindik lortzea kostatzen ari zaigun integrazio-maila behar dugu. Sortzen den datu kopuru ikaragarria interpretatzeko garapen konputazional handiagoak ere behar dira.

Uste dut ahaleginak egiten ari direla eta ekimen interesgarriak badaudela. Adibidez, One Health Euskal Nodoan parte hartzen dut, eta eragile ugari biltzen ditu. Batez ere EHUko PiE-EHU eta EHU-iBio unibertsitate-zentroek koordinatzen dute, eta Basque Centre for Climate Change (BC3), AZTI, NEIKER, BIO-GIPUZKOA eta EHUko hainbat taldek ere parte hartzen dute.

Asmoa, hain zuzen, hori da: elkarrekin eta modu integratuan lanean hastea, osasun bakarraren inguruko erronkei heltzeko.

Zergatik da hain zaila ezagutza zientifikoa erabaki politiko eta sozial bihurtzea, eta zer eginkizun izan behar dute zientzialariek?

Behin eta berriz agertzen den arazoa da. Ezagutza zientifikoa sortzen da, baina askotan zailtasunak ditu gizartera iristeko edo erabaki politiko bihurtzeko. Seguruenik arrazoi asko daude, besteak beste, prozesuen moteltasuna eta koordinazio falta.

Adibide oso argia klima-aldaketa da. Ebidentzia zientifikoak erabatekoak dira, eta uste dut herritar gehienek hala ulertzen dutela. Hala ere, oraindik ez gara gai izan arazo horri benetan eraginkortasunez heltzeko politika globalak zehazteko. Aspalditik ari gara horretaz hitz egiten, eta oraindik ez dugu behar adina aurreratu.

Zientzialari gisa, gure erantzukizuna ezagutza zorrotza sortzea da. Dakiguna azaldu behar dugu, baina baita ez dakiguna ere. Gainera, ezagutza hori gizarteari modu ulergarrian helarazi behar diogu.

Uste dut eztabaida publikoan parte hartzeko erantzukizuna ere badugula. Hori da guri dagokigun zatia.

Ezagutza zientifikoa gizartera eta espazio publikora eramaten dugunean, beste erabaki-mekanismo batzuk sartzen dira jokoan. Baina espero dut ezagutza hori gizartean zein erakundeetan egiten diren eztabaiden parte izatea.

Biologia aztertzen lau hamarkada baino gehiago eman ondoren, bizitzari buruzko zein galdera handik pizten dizu oraindik jakin-mina?

Urte hauen guztien ondoren, erantzunak baino askoz zalantza gehiago pilatu ditut. Uste dut hori zientzialari guztioi gertatzen zaigula eta, oro har, bizitzak nola funtzionatzen duen ulertzen saiatzen den edonori.

Bada bereziki interesgarria iruditzen zaidan gai bat, azken urteotan ikasi dugunarekin lotuta dagoena. Asko aurreratu dugu zelulek eta ehunek, osotasunean hartuta, nola funtzionatzen duten gero eta eskala zabalagoan ulertzeko gaitasunean.

Baina uste dut hurrengo erronka handia loturetan dagoela. Hori da hitz gakoa: loturak.

Oraindik ere organismo bat modu independentean funtzionatzen dutela diruditen sistemen batura gisa ulertzeko joera dugu. Nerbio-sistema aztertzen duenak asko daki hartaz, baina batzuetan sistema hori hestetik, bihotzetik edo immunitate-sistematik bereizita balego bezala jokatzen dugu.

Badakigu ez dela horrela. Kontua da oraindik ez ditugula lotura horiek aztertzeko behar diren tresna guztiak, eta funtsezkoak dira. Organismo batek funtzionatzen du bere sistema guztiak elkarrekin komunikatuta daudelako, eta harreman horietan aldaketaren bat gertatzen denean behar bezala funtzionatzeari utz diezaioke.

Immunitate-sistema nerbio-sistemarekin nola lotzen den ulertzea, edo sistema endokrinoa, nerbio-sistema eta immunitate-sistema nola erlazionatzen diren ulertzea, aurrean ditugun erronka handietako bat da.

Horri heltzeko, askoz analisi globalagoak beharko ditugu, hala nola analisi genomikoak eta proteomikoak, baita adimen artifizialeko tresnak ere.

Eta organismo baten eskalan planteatzen dugun gauza bera ekosistemetara ere eraman dezakegu. Oso gutxi dakigu izaki bizidunen artean sortzen diren loturei buruz. Gure organismoaren barruan bertan ere oso gutxi ezagutzen ditugu gurekin bizi diren mikroorganismoen eta gure zelulen arteko harremanak.

Mundu hori esploratzen hasi besterik ez gara egin. Izugarri konplexua da, eta askoz tresna gehiago beharko ditugu. Espero dut horietako batzuk adimen artifizial onaren eskutik etortzea eta elkarreragin horiek guztiak hobeto ulertzen laguntzea.

Azken batean, lotura horiek ulertzeak osasun bakarra delako horrek benetan zer esan nahi duen askoz hobeto ulertzen ere lagunduko digu.

Entzuleek zure hitzalditik ideia bakar bat gorde beharko balute, zein izatea nahiko zenuke?

Esaldi oso labur bat: gure osasuna inguratzen gaituen guztiaren osasunaren mende dago.