Aurreiritzi moralek gorputz lodiak gizarteak negatibotzat jotzen dituen balioekin lotzen dituzte
Magdalena Piñeyro Bruschi Filosofian lizentziatua da eta Genero Ikasketetan eta Berdintasun Politiketan Masterra du. Gainera, generoan eta gorputz aniztasunean espezializatutako ikertzaile independentea da. Magdalenarekin izandako solasaldi honetan hainbat gai jorratzen dira, hala nola lodifobia eta honek pertsona guztien egunerokotasunean dituen ondorio arriskutsuak.

Uztailaren 7an, Donostiako Miramar Jauregian egindako ‘Gorputz aniztasuna, elkarbizitzarako gakoa’ TopaGune Ikastaroaren barruan, Piñeyrok gaur egungo kanon estetikoei eta horiek osasunerako dakarten arrisku handiari buruzko bere ikuspegia azaldu zuen.
¿Zer da lodifobia?
Lodifobiaz ari garenean, pertsona lodiak, lodiak izateagatik, baztertu, bortxatu eta nolabait menderatzen dituen zapalkuntza eta diskriminazio sistemaz ari gara. Aurreiritzi moral batzuetan oinarritzen da, eta gorputz lodiak gizarteak negatibotzat hartzen dituen balioekin lotzen ditu, hala nola alferkeria, nagikeria, diziplinarik eza, kontrolik eza eta abar.
Aurreiritzi horiek guztiek sistema ideologiko bat eraiki dute, eta sistema horren ondorioz, pertsona lodi bat ikusten dugun bakoitzean, begirada hutsarekin, pertsona horri buruz dena dakigula iruditzen zaigu automatikoki. Pertsona potolo bat ikusten dugu, eta automatikoki gure burura etortzen dira guztiz barneratuta ditugun aurreiritzi horiek guztiak. Alferkeriarekin lotuta daude, kontrol faltarekin, diziplinarik ezarekin, askotan gezurrarekin ere bai.
¿Nola islatzen da lodifobia medikuaren kontsultan?
Lodifobia medikoaren ondorioz, pertsona bat edozein motatako gaitzekin kontsulta mediko batera iristen denean, medikuak automatikoki esango dio bere arazoa dela gizena dagoela, gizentasuna, ustez, gaixotasun bat dela, eta bere arazo guztiak pisua jaistearekin konponduko direla. Gainera, zuk esaten diozunean zure gaitza mota batekoa edo bestekoa dela edo ahal duzun guztia egin duzula argaltzeko eta ez duzula lortzen, gezurra dela usteko du.
Lodifobia medikoak pertsona gizenen osasuna etengabe urratzea dakar. Ez dituzte pertsona hauen sintomak entzuten, ez artatzen, ez ikertzen. Lodifobia medikoaz hitz egiten dudan bakoitzean, argi utzi nahi dut ez dela pertsona jakin bat edo jarduera zehatz bat seinalatzeko, sistema ideologiko bat baizik, egiturazko sistema bat, eta horrek unibertsitateetan jokabideak eta hezkuntza dakartza. Hau da, inork ez du lodifobikoa izatearen errurik, ezta bere kontsultan lodifobia medikoa praktikatzearen errurik ere, baina praktika horiek apurka-apurka aldatzeko erantzukizuna eskatzen dugu, ikasitakoa deseraikiz joateko erantzukizuna eta pertsona lodiak artatzeko beste modu batzuk eraikitzeko erantzukizuna ere. Batez ere, ondorio negargarriak dituelako guretzat. Hau da, pertsona batzuei ez zaie diagnostikoa egiten lehen kontsulta egin eta denbora asko igaro arte. Gripea izan daiteke, baina baita minbizia ere. Egoera larri samar bati buruz ari gara; denboraren joanak kontra egiten dizu.
Entzun gaitzatela eta iker ditzatela behar dugu. Galdetu dezatela beren buruari zer egingo luketen atea zeharkatzen duen pertsona argala balitz, nahiz eta sintoma berak izan.
Zergatik uste duzu oraindik ere badagoela medikuarengana, fisioterapeutarengana, psikologoarengana joateko eta bakean hiltzeko eskubidea bezalako funtsezko alderdiak etengabe defendatzeko eta argudiatzeko beharra?
Batzuetan konturatzen naiz aspertuta eta nekatuta nagoela (zientifikoki ere) errespetua eta eskubideak merezi ditudala justifikatzeko beharraz. Gaur egungo errealitatea da, eta batez ere mendebaldeko gizartean, pertsona gizenok ez dugula oinarrizko eskubide askorik. Oso denbora gutxi daramagu gai honi heltzen, eta oraindik jende asko ez da ausartzen ozen hitz egitera, ezta salatzera ere. Baina hori egiten duten pertsonak ere badaude; hori guztia gertatzen ari dela salatzen ari gara. Garrantzitsua da horretaz hitz egiten ausartzen diren pertsonak gero eta gehiago izatea, hori baita eskubide horiek onartzea lortzeko modu bakarra. Mediku-kontsultak hobetzea, osasuna lodifobiarik gabe ikertzea, baliabide ekonomikoak, lan-eskubideak eta abar eskura izatea.
Lodifobia lan esparruan existitzen da eta ez dago diskriminazioen artean jasota. Lodifobia gorroto‑delitua ere bada, ikastetxeetako eskola‑jazarpenaren parte da. Honetaz hitz egin behar dugu gizartea alda dadin. Zorionez, gero eta gehiago gara lodifobiaren aurka ozenago hitz egiten dugunok.
Zer praktikek alda dezakete egoera, eta lodifobiari aurre egin?
Alderdi askotan gure ekarpentxoa egin dezakegu, baina uste dut garrantzitsuena dela ulertzea pertsonok ez ditugula gure gorputzak aukeratzen. Gorputzak testuinguru jakin batzuen eta konplexutasun ekonomiko, biologiko, kultural, politiko… batzuen ondorio dira eta ez dugu inor estigmatizatu behar den bezalakoa izateagatik eta daukan gorputza edukitzeagatik. Ulertu behar dugu etsaia ez dagoela gure barruan, kanpoan baizik.
Diskriminazioa jasaten duen pertsona ez da hori jasatearen erruduna. Askotan honako hau esan digute: “zuk diskriminatzea nahi ez baduzu, argaldu” bezalako zerbait esanez. Ez, nik daukadan gorputza izateko eskubidea daukat eta ezin dut nire nahierara aldatu.
Garrantzitsuena da uler dezagun diskriminazio eta indarkeria testuinguru oso bat dagoela, eta nire osasunean eragiten duela. Jendeak nire osasunaz kezkatzen dela esaten duenean, nik esaten diet nahiago dudala gizarte honen lodifobiarekin amaitzeaz kezkatuko balira.
Beraz, begiratzeko modua alda dezakegu, besteren gorputzak komentatzeari utzi dezakegu, lodifobiaren aurka borrokatu dezakegu eta pertsona aktibista gisa elkartu gaitezke, argaltzea eta dietak sustatzeari utzi diezaiokegu. Lodifobiaz hitz egiten dugunean, oro har, pertsona lodiei eragiten digu batez ere, baina pertsona argalei ere zipriztintzen die. Zenbat jendek (pertsona argalek zein gizenek) izaten du elikadura‑jokabideen nahasmenduren bat (EJN) lodifobiaren ondorioz? Lodifobiaren gaian, hariari zenbat eta gehiago tira egin, orduan eta sakonagoa da. Oraindik asko dago aldatzeko.
Nola izango litzateke lodifobiarik gabeko gizartea?
Hain barneratuta daukagu, non ez garen gai pertsona potoloentzat gauza politak imajinatzeko. Lodifobiarik gabeko mundu batean biziko banintz, antzerkira lasai joateko aukera izango nuke. Ni ez naiz Iruñeko antzoki erdietako eserlekuetan sartzen eta niri izugarri gustatzen zait antzerkira joatea. Zineetan, zenbait garraio publikotan… ere ez naiz oso ongi sartzen. Oso gaizki pasatzen dut hegazkinez bidaiatu behar dudanean. Ni Uruguaikoa naiz eta nire familia ikustera joan nahiko nuke, baina hegazkin batean 11 orduz egotea eserlekuan ia sartu ezinik, ikaragarria da.
Arroparen estiloa ere aldatuko nukeela uste dut. Beti galdetu izan diot neure buruari nolakoa izango litzatekeen mundu batean bizitzea eta nire estiloa aukeratzea. Ni sartzen zaidanarekin janzten naiz, ez amesten dudanarekin.
Medikuarengana lasaitasunez joan ahalko nintzateke ere. Nire bizitza erabat aldatuko litzateke.
Noiz hasten dira haurrak galdetzen ea gorputz batek balio handiagoa edo txikiagoa duen?
Pertsona helduak garen heinean, ardura handia dugu ikusteko zer mezu ari garen transmititzen haurrei. Ni etengabe modu negatiboan nire gorputza komentatzen ari banaiz, nire gorputza dietekin suntsitzen badut, kanon estetiko jakin bat lortzearekin obsesionatzen banaiz… ziurrenik eredu izango naiz nire inguruko adingabeek horrelako portaera eskuratu dezaten. Garrantzitsuena geure burua deseraikitzea da, eta, ondoren, eredu onak emango dituzten jardunbide egokiak sortzea. Ikastetxeek badute erantzukizunik eskola‑jazarpen kasuei heltzeko, bai eta sare sozialetan zein pelikuletan, telesailetan eta gainerakoetan kontsumitzen duten edukian ere, non umiliazio lodifobikoaren erreprodukzio etengabea dagoen. Gizarte bezala ez genuke hori onartu behar eta arautu liteke. Hori guztia mezu etengabea da, eta, mezu horrek 6-7 urteko neskato batzuek EJN bat izatea eragiten du. Helduok haurrek sufritzen dutenaren arduradun gara.