Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak 2026, ikastaro-proposamenak jasotzeko epea zabalik
⁎ Edizio berria osatzeko proposamenak 2025eko abenduaren 1etik 2026ko urtarrilaren 18a bitartean aurkeztu ahal izango dira.
⁎ 2026ko Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak ekainaren 29tik uztailaren 3ra bitartean ospatuko dira, Baionan.
⁎ Antolakuntza taldeak interesa izan dezakeen orori ikastaro-proposamenak aurkezteko gonbidapena luzatzen die.
Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen bosgarren edizioaren antolakuntza abian da. 2022an, hainbat unibertsitateren eskutik eta mugaz gaindiko erakundeen babesarekin, abiatutako proiektua askotariko eragile eta ikaslerentzat topagune aberasgarria bilakatu da eta 2026an ere segida izango du.
Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroek unibertsitate eta erakunde zientifikoetan sortutako ezagutza zabaltzea dute xede eta mugaz gaindiko herritarrei, ikaslegoari eta mundu akademikoari zuzendurikoak dira.
Bosgarren edizioa, 2026ko ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko da, Baionan, eta edizio berria osatzeko proposamenak jasotzeko epea zabalik da jada.
Proposamenak aurkezterakoan kontuan hartzeko baldintzak
Proposamenak lantzerakoan, aintzat hartu beharko da, gutxienez, mugaz gaindiko eskualdeetako bi erakunde publiko edo pribaturen partaidetza izan beharko dutela, eta horietako bik estatu desberdinetakoak izan beharko dutela. Era berean, zuzendari bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du.
Ikastaroetan landuko diren gaiei dagokionez, interes sozial edo zientifiko ezberdinen ingurukoak izan daiteke, beti ere mugaz gaindiko ikuspegia txertatuz. Hauek dira iradokitako gaietako batzuk: arkitektura eta hirigintza, kultura eta artea, hezkuntza, osasuna, ekonomia, nutrizioa eta gastronomia, zientzia eta teknologia, klima-aldaketa eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH).
Ikastaroak publiko orokorrari zuzenduak izango dira, baina baita akademikoei, ikasleei eta profesionalei begira antolaturikoak ere. Bereziki baloratuko da publiko gazteenaren partaidetza sustatzea. Gazteen parte-hartzea sustatzeko eta haien intereseko gaietara hurbiltzeko, proposamenek prestakuntzan doktoreak, profesionalak edo gizarte-eragile gazteak sartzeko aukera kontuan hartzea iradokitzen da.
Araudian jasotzen den bezala, egindako ikastaroen edukiak sarbide irekiko argitalpen batean plazaratu ahal izango dira, obra kolektibo modura, Presses Universitaires de l'UPPA (PUPPA) argitaletxearen «Schola» bilduman.
Iraupena, metodologia eta formatua
Metodologiari eta formatuari erreparatuz, partaidetza sustatzeko metodologiak baliatuko dira eta amaierako mahai-inguru bat izango dute, gutxienez. Ikastaroak aurrez aurre eman beharko dira baina online parte hartzeko aukera egongo da. Iraupenari dagokionez, egun bakarreko ikastaroak sustatuko dira.
Hizkuntzak
Ikastaroak Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euro eskualdeko edozein hizkuntza ofizialetan egin ahalko dira, euskaraz, gazteleraz zein frantsesez, alegia, eta, ikastaro bakoitzaren premietara aldi bereko itzulpena egokituko da.
Proposamenak nola aurkeztu
Proposamenak lantzerakoan kontuan hartu beharreko irizpideak araudian dira eskuragarri eta EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren (UIK) plataformaren bitartez aurkeztu beharko dira.
Euroeskualdeko unibertsitate eta erakunde publikoen lankidetza
Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak 2022an sortu ziren, Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euro eskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker, eta mugaz gaindiko tokiko agintarien laguntzarekin.
Egitasmoa erakunde guzti hauen lankidetzaren emaitza da:
- l’Université de Bordeaux (UB)
- Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)
- EHUko Uda Ikastaroak Fundazioa
- L’Université Bordeaux Montaigne (UBM)
- L’Université de Pau et des Pays de L´Adour (UPPA)
- Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA/NUP)
- Euskampus Fundazioa
- CNRS/IKER zentroa
- Maison des Sciences de Humaines de Bordeaux (MSH Bx).
Halaber, mugaz gaindiko tokiko erakundeen babesa dute: Gipuzkoako Foru Aldundia, Communauté d’Agglomération Pays Basque eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearena.
Erakunde guzti hauen ordezkaritzaz osatutako antolakuntza taldeak interesa izan dezakeen orori ikastaro-proposamenak aurkezteko gonbidapena luzatzen die.