Berri guztiak

Deskarbonizazioari aurre egiteko iraganeko erronkak gogoan

ECODESeko zuzendari exekutiboak, Victor Viñualesek, arreta berezia jartzen du epe luzerako (2050) eta epe labur eta ertainerako (2030) begiradan. Gaur egun, berrogeita hamaika mila milioi tona berotegi gas daude munduan, eta 2050erako helburua zero karbono-emisio garbi lortzea da. Beraz, gogorarazi du zientzialariek erritmoak azkartzeko eskatu dutela, eta eragin zuzena duela bidezko trantsizioaren kontzeptuan eta horrek dakarren horretan, legeak, teknologia, ohiturak eta balioak aldatzea. Horri gehitzen dio askotariko talentua ondo kudeatzeko garrantzia eta beharra dugula. Alde horretatik, nabarmendu du gai konplexu bati aurre egin behar diogula aldaera askorekin, eta agenda hirukoitzaren kudeaketa zaila dela, ekonomia, gizartea eta ingurumena ere badituena.

Juan Jose Ibarretxek, lehendakari ohiak, egiaztatu du kolapso-aurreikuspena Rio 1992 baino lehenagokoa dela eta trantsizioa gauzatzeko eskola, hezkuntza behar dela uste du. Horri dagokionez, esan du trebetasunen alde egin dugula, ez sentsibilitatearen alde; eta datozen urteetarako joera hori aldatu egin behar dela. Lehendakari ohiaren hitzetan, “Sentsibilitaterik gabeko trebetasuna krudel bihurtzen da”. Positiboa eta baikorra dela dioen arren, honakoa dio: “Gizateriak asmatzen du bide okerretatik ibili ondoren”, eta interes-gatazkaren ideian sakontzen du, militante gehiago eta sinestun gutxiago batzearen garrantzia nabarmenduz. Lehendakari ohia konfiantza-ereduak sortzeko beharraz mintzatu da.

Sara de la Ricak, UPV/EHUko ekonomiako katedradunak, ziurgabetasun izugarria dagoela azpimarratu du. Gaineratu du aldaketa disruptiboa izango dela eta desberdintasuna areagotu egingo duela: “Gizartea eta lan-merkatua polarizatu egingo dira”. Azpimarratzekoa da denok izan eta jokatu behar dugun papera. Prestakuntzaren esparruan berebiziko arreta jartzen du, etengabeko ikaskuntzan eta enpresetan talentua eta adina ondo kudeatzearen garrantzian eragiten du. Azken batean, herrialdearen gizarte-kapitala zaintzearen garrantzian dago gako handi bat. Lidergo teknologikoa galdu egin dugula uste badu ere, aldaketa sozialaren buru izan gaitezkeela uste du.

Cristina Oyonek, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Iraunkortasun Alorreko zuzendariak, badaki ez garela liderrak digitalizazioan, baina uste du beste alorretan lidertza hori eskuratu dezakegula. Hiru arrakasta-faktoreak (teknologia, berrikuntza eta iraunkortasuna) lantzearen garrantzia azpimarratzen du. Onartzen du Europa ez dela berak nahiko lukeen abiadurara egikaritzen eta kontziente da dinamika bera ez dela idealena. Halere, jakitun da politikak, diskurtsoak eta instrumentuak koordinatzeak dakarren zailtasunaz.

Jose Ignacio Hormaechek, Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Klusterreko zuzendari nagusiak, esan digu enpresa-komunitatea konbentzituta dagoela, gizartea ere itxuraz, baita komunitate zientifikoa ere. Horren aurrean, galdera hau egin du: Zerk huts egin dezake? Erantzun du agian ez garela gai izango behar dugun erritmoan egiteko. Uste du gure lehentasunekin asmatu behar dugula, argi izan behar dugula non jarri ahaleginak. Laburbilduz, gure zereginarekin asmatzea eta ongi jokatzea izanen da gakoa. Bukatzeko, pedagogia sozialeko ahalegin handia egin beharko dela azpimarratzen du.