Euroeskualdeko unibertsitateek Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen inguruko aliantza indartu dute
Akordioak bost urte bete dituen proiektu bat sendotu du, unibertsitate arteko lankidetza, eleaniztasuna eta ezagutzaren transferentzia Euroeskualdeko erreferente bihurtuz
Baionako Cité des Arts guneak gaur hartu du Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen Unibertsitate Arteko Lankidetzarako Hitzarmen Esparruaren sinadura-ekitaldia. Hitzarmenak Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak bultzatzen dituzten unibertsitateen konpromisoa formalizatu du, eta, sortu zenetik bost urte igaro direnean, Euroeskualdeko unibertsitate arteko lankidetzaren erreferente bihurtu den proiektu akademiko partekatua sendotu du.
Akordioa Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), l'Université de Pau et des Pays de l'Adour-ek (UPPA), l'Université Bordeaux Montaigne-k (UBM), l'Université de Bordeaux-k (UB) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) sinatu dute, ekainaren 29tik uztailaren 3ra Baionan egiten ari den Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen bosgarren edizioari hasiera emanez.
Irekiera instituzionalean, EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak adierazi du hitzarmen hau "urrats bat gehiago" dela azken bost urteotan mugak topagune eta lankidetza-eremu bihur daitezkeela erakutsi duen elkarlanaren baitan. Ildo horretan, unibertsitate publikoek gizarte-kohesioarekin, jasangarritasunarekin eta ezagutzaren transferentziarekin duten konpromisoa nabarmendu du, eta azpimarratu du bikaintasun akademikoak beti izan behar duela gizartearekiko erantzukizunarekin bat.
Era berean, gogorarazi du Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak zientzia, lurraldea eta gizartea lotzeko helburuarekin sortu zirela, eta bost urte eskasean Euroeskualdeko erreferentziazko topagune bihurtu direla, bi aldeetako unibertsitate eta erakunde publikoen elkarlanari esker. Halaber, programaren bi ezaugarri nagusi azpimarratu ditu: prestakuntza-eskaintza osoaren doakotasuna eta euskara, frantsesa, gaztelania eta ingelesa naturaltasunez elkarrekin bizitzea, lurraldearen aberastasun kulturalaren adierazgarri gisa.
Konfiantzaren gainean eraikitako proiektua
Parte hartzen duten unibertsitateetako ordezkariek ideia bera partekatu dute beren hitzaldietan: hitzarmenaren sinadurak ez du lankidetza berri baten hasiera adierazten, baizik eta urte hauetan guztietan konfiantzaren, elkarlanaren eta unibertsitatea lurraldearen garapenaren eragile gisa ulertzeko ikuspegi partekatuaren gainean eraiki den aliantza sendotzen du.
Laurent Bordes, l'Université de Pau et des Pays de l'Adour-eko presidenteak, nabarmendu du Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak Europako unibertsitateen ereduaren adibide zehatza direla, non lankidetza akademikoak onura zuzena sortzen dien ikasleei, herritarrei eta lurraldeei. Haren ustez, azken bost urteetako esperientziak erakutsi du hizkuntza-, kultura- eta erakunde-aniztasuna indargunea dela, eta ez oztopoa, proiektu partekatuak eraikitzeko.
Bestalde, Dominique Rebière, l'Université de Bordeaux-ko errektoreordeak, unibertsitateek beren lurraldeen garapen ekonomiko eta sozialean duten eginkizuna azpimarratu du. Adierazi du erakunde akademikoen eta eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza ezinbestekoa dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko, eta Mugaz gaindiko Uda Ikastaroek ezagutza unibertsitatetik gizartera eramatea ahalbidetzen dutela, proiektu partekatuen bidez.
Anne-Laure Metzger, l'Université Bordeaux Montaigne-ko Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak, eleaniztasuna eta kulturartekotasuna aldarrikatu ditu proiektuaren oinarri nagusi gisa. Bere hitzetan, euskara, frantsesa, gaztelania eta ingelesa elkarrekin bizitzeak Euroeskualdearen errealitatea islatzeaz gain, ezinbesteko tresna eskaintzen du ezagutza partekatua sortzeko eta aniztasunetik abiatutako pentsamendu kritikoa sustatzeko.
Azkenik, Jorge Elso, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordeak, adierazi du hitzarmenak hizkuntza, araudi eta unibertsitate-sistema desberdinak dituzten erakundeen artean eraikitako lankidetzaren heldutasuna sinbolizatzen duela. Halaber, azpimarratu du Mugaz gaindiko Uda Ikastaroek nazioartekotzea ulertzeko modu berritzailea ordezkatzen dutela, haren onurak komunitate akademikotik harago, herritar guztiengana hurbilduz.
Bost urte mugaz gaindiko lankidetza akademikoa sendotzen
Hitzarmen Esparruaren sinadura Mugaz gaindiko Uda Ikastaroen bosgarren edizioaren hasierarekin batera egin da. Bi aldeetako unibertsitateek eta erakunde publikoek sustatutako programa honek ezagutzaren trukerako, elkarrizketarako eta Euroeskualdeko erronka partekatuei buruzko hausnarketarako erreferentziazko gune bihurtzea lortu du.
Uztailaren 3ra arte, Baionako Cité des Arts guneak zortzi ikastaro hartuko ditu. Bertan, besteak beste, arkeologia garaikidea, migrazioak, STEM arloko dibulgazio zientifiko inklusiboa, hizkuntza gutxiagotuak eta adimen artifiziala, Eurohiriaren gobernantza, hizkuntza-biziberritzea, didaktika eleanitza eta euskal pilotaren ondare kulturala izango dira hizpide.
Programak mugaz gaindiko lankidetza, eleaniztasuna, diziplinartekotasuna eta ezagutzaren gizarteratzea ditu ardatz estrategiko. Gainera, jarduera guztiak doakoak dira, herritar guztiek ezagutzarako sarbidea izan dezaten eta unibertsitatearen eta gizartearen arteko lotura sendotzeko.
Hitzarmen Esparru hau sinatuta, parte hartzen duten bost unibertsitateek berritu egin dute gero eta integratuagoa, irekiagoa eta nazioartekoagoa izango den mugaz gaindiko unibertsitate-eremua eraikitzen jarraitzeko konpromisoa, Euroeskualdeak partekatzen dituen erronka zientifiko, sozial eta kulturalei elkarrekin erantzuteko.