Berri guztiak

Irizar eta UIK 17 urteko lankidetza “Bizitzaren Bidaia” programaren bidez

Irizarrek beste urte batez babestuko ditu UIKren Uda Ikastaroak, “Bizitzaren Bidaia” programaren baitan. Aurtengo edizioan bi ikastaro eskainiko dira: bata Jose Migel Barandiaranen ondareari buruzkoa, Ataunen; eta bestea heriotzaren pedagogiaren ingurukoa, Donostiako Miramar jauregian.

Irizarrek eta EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK), , lankidetza-harremana sendotzen jarraitzen dute, “Bizitzaren Bidaia” programaren bitartez. Programa horren bidez, Irizarrek 17 urtez babestu ditu UIKk antolatutako Uda Ikastaroak, ezagutza partekatua, hausnarketa eta gizartearen erronka nagusiei buruzko elkarrizketa sustatzeko helburuarekin.

Koldo Telleriak, Irizarren izenean, azpimarratu du enpresarentzat oso garrantzitsua dela mundu akademikoarekin zubiak eraikitzea eta etorkizuneko erronkei elkarrekin begiratzea. “Pertsonen garapena, berrikuntza eta jasangarritasuna gure eguneroko jardunaren oinarrian daude, eta balio horiek guztiz bat datoz UIKren izaerarekin”, adierazi du. Era berean, Irizarreko lantaldeari zein herritar orori Uda Ikastaroetan parte hartzeko gonbidapena luzatu die.

UIKren izenean, Idoia Otaeguik eskerrak eman dizkio Irizarri urte hauetan guztietan Uda Ikastaroekin izandako konpromisoagatik. “Irizarrek UIKk antolatutako ikastaroak babestu ditu 17 urtez ‘Bizitzaren Bidaia’ programaren bitartez, eta biziki eskertu nahi dugu Uda Ikastaroekin duten konpromisoa”, nabarmendu du.

Aurtengo programaren baitan bi ikastaro izango dira. Lehenengoa, “Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta euskal Mitologiara IV”, Ataunen egingo da ekainaren 18an eta 19an. Ikastaroak Barandiaranen bizitzan eta lanetan sakontzea du helburu, haren ekarpenak balioan jarri eta gizarteratzeko. Besteak beste, arkeologia, etnografia, euskal mitologia, metodologia etnografikoa eta azken hamarkadetan arkeologiaren eta genetikaren arloan egin diren aurrerapenak landuko dira.

Bigarren ikastaroa, “Heriotzaren pedagogia: Doluan ez gaudenean, heriotzaz hitz egiteko aukerak sortuz!”, ekainaren 26an egingo da Donostiako Miramar Jauregian. Jarduerak heriotzaren pedagogiari helduko dio, haur eta gazteei bizitzaren aurrean kokatzeko baliabideak eskaintzeko eta heriotzaren inguruko tabua gainditzeko ikuspegitik. Ikastaroak proposamen eta esperientzia praktikoak eskainiko ditu Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan heriotzaz eta bizitzaz gogoeta egiteko.

Bi ikastaroak publiko orokorrari, unibertsitateko ikasleei, irakasleei eta profesional interesdunei zuzenduta daude. Matrikula zabalik dago, eta UIKk herritarrei parte hartzeko deia egin die: ez galdu aukera.