Berri guztiak

Euskal ontzien boterea: Deskubritzeke dagoen historia

Xabier Alberdik, kongresuko eta Untzi Museoko zuzendariak, titulu handinahi bat eman zezakeela esaten zigun, ia chauvinista lehen begi-kolpean, baina Mediterraneoko kostaldean, Atlantikoko itsasaldean eta baita Europako zein Amerikako itsasaldean egiten ari garen ikerketekin ikusten dugunak baieztatzen du jada azterlan dokumentalek ur horien itsaso-trafikoan euskal itsasontzien nagusitasunari buruz sumatzen ari zirena.

Dokumentazio ugari dago idatziz, baina asko dago ikertzeko oraindik. Duela urte batzuk gauzatutako ikerketek ere, hala nola, Pierre eta Huguette Chaunu senar-emazteen tesia (itsasontzi, bidai eta abarren azterlan kuantitatiboa) bezalako ikerketek frogatzen dute XVI. mendean zehar Sevillatik Ameriketara nabigatu zuten ontzien %80ak euskal jatorria zutela. Euskal teknologia da, hain zuzen, bi munduen arteko merkataritza trafikoaren ardatza XVI. mendearen hasieratik. Hau ez da egun batean azaltzen, orduan jada tradizio zenaren emaitza da. Bretainia Handian egin diren ikerketek frogatzen dute jada XIV. eta XV. mendeetan britainiar irlen eta iberiar penintsularen arteko merkataritza  trafikoaren %90ak jatorri euskalduna zuela. Atlantikoko itsasaldeko ipar-hego trafikoa ere gure barkuek egiten zuten. Newporten egindako aurkikuntzetako bat “The Newport medieval Ship” izeneko itsasontzi euskaldun bat da; Toby Jonesek hitz egingo digu hontaz.

Xabier Alberdik stand by moduan mantendu den historia hau aldarrikatzen zuen. Agian frankismoaren 40 urteetan euskalduna zenaren ukokeriagatik eta Euskal Herrian egindako ikerlanen tendentzia indigenistagatik izan da hau, herri gisa gure esentzietan gehiegi zentratu dira eta gure lanak. Historiaurrean eta arrazaren jatorrian murgildu ginen, beste errealitate historiko batzuk alde batera utziz, hala nola, gure ontzigintzaren eta merkataritzaren hedapena.

Newport Europan gehien ezagutzen den XV. mendeko itsasontzia da gauzatu diren ikerketa arkeologikoez geroztik. XVI. menderako Nao San Juanek duen garrantzi berdina du beste honek XV. menderako. Ez da kasualitatea gehien ikertu diren eta ezagunenak diren bi itsasontziek jatorri euskalduna edukitzea. Newporta ez zen ikertu jatorri euskalduna zuelako, izan ere, ontzi-hondarraren aurkikuntza eta gero, ikerketaren emaitzekin iritsi ziren ondorio horretara. Jakin badakigu XV. mendearen erdialdean eraiki zela, penintsularen eta irla britainiarren artean nabigatzen zuela, eta ontzia erreparatzen ari zirela, portuan hondoratu zela.

Ontzia eraikitzeko erabili zen egurraren eraztunen handitzearen inguruko ikerlan bat egin zen eta hara non egurra Arabakoa zen. “XV. mendea oinaztar eta ganboatarren arteko gudu bandokidez bakarrik beterik egon zela uste izan dugu orain arte. Gure pentsamolde historizista hori aldaraztea eragin beharko luke datu honek. Tendentzia indigenista honekin ahaztu dugu itsasaldean aldi berean Europatik nabigatzen zuten ontziak eraikitzen zirela Araba barrualdeko egurrarekin”. Izatez, garai hartan, mediterraneoko euskal ontzien nagusitasuna kontu guztiz komertziala zen. Demanda gehien zuen teknologiaren ezaugarriak geneuzkan alde batetik, eta euskal garraiolariek eskaintzen zituzten kalitate eta prezio hobeko zerbitzuak bestetik. Hitz batez, euskal ontziek beren teknologia eta beren logistika aurreratuagatik geroz eta garrantzitsuagoa zen merkatu bat konkistatu zuten. Adibidez, Euskal Herritik Bristolera, handik Lisboara, Lisboatik Sevillara, handik Malagara, eta hala mediterraneora itsasoratzen ziren barkuak dira. Ez dira bere jatorrizko portura iristen diren barkuak, baizik eta edonora iristen direnak.

Amerikaren aurkikuntzak euskal itsasontziak andaluziar kostan, Cadizen eta Sevillan, jada oso finkatuta harrapatzen ditu; eta hiri hauek bi munduak lotzen dituzten ateak dira. Cadiz euskaldunek mediterraneorantz nahiz Ameriketarantz nabigatzeko erabiliko duten sarbidea izango da. Kontinente berrira joateko ontziez gain, marinelak ere behar dira eta ez da harritzekoa Amerikako merkataritza monopolizatzeko koroak sortu zuen Kontratazio Etxean euskal marinelak buruan egon izana. Berriki egindako aurkikuntza historiografikoetako bat, ezer gutxi ikertu dena mediterraneoko euskal marinelen ingurukoa da: Cadizeko pilotu bizkaitarren eskolari buruzkoa (euskaldunei orokorrean bizkaitar deitzen zitzaien). 1500. urtean bere ordenantzetan ezartzen da itsasartetik pasa behar diren ontzietako pilotu guztiek eskola horretako kide izan behar direla.

1504ean sortu zen Sevillako Kontratazio Etxea baino lehenago sortzen den izugarrizko monopolioa da Cadizeko bizkaitarren eskola.  Bere sortzailea, Sanchez de Matienzo, Sevillako katedraleko kalonjea, Bizkaiarekin hertsiki loturik zegoen familia batetik zetorren ere . Jatorriz Burgoseko Mena Haranakoa, Carranzarekin loturikoa. Hala, Elkanoren urteak iristen dira (1510) eta baita Rekalde bezalako izen ospe handiko beste marinel batzuenak ere. Kontratazio Etxeko agintzaile gorenenak jatorri euskalduna dute edo Euskal Herriari oso loturik daude. Puntu horretan, bi kontinenteen arteko trafikoan euskaldunak nagusi dira.

Ez da ezustekoa Ipar Amerikan eta Kanadan aurkitutako itsasontzi nagusien hondakinek jatorri euskalduna izatea, izan ere, Sevillako monopolioa alde batera utzirik, hau da, Espainiar Koroaren Indietako monopolioa alde batera utzirik, geroz eta handiagoa zen kontinente baterantz hedatu zen nabigazioa. Tordesillasko Itunak Portugal eta Espainiaren arteko lurren banaketa bat ezarri zuen. Ez batak ez besteak ez zuten interesik izan Ternuako lurretan, bertan ez zegoelako ez urre, ez zilar, ez perlarik. Bakailaoa eta baleak zeuden, eta hain zuzen hori interesatu zitzaien euskal, bretoi, frantziar, irlandar eta orokorrean europar atlantikoko itsasaldeko marinelei. Gehienak bakailao bila iristen ziren, baina euskaldunak iritsi zirenean, ordura arte belearen ehizan jarduten ziren bakarrak, itzelezko altxorra aurkitu zuten han. Bere koipearen urre likidoa. Bertan aurkituko dute Nao San Juan ontzia, Kanadako Labrador penintsulan.

Kongresuan Nao San Juanaren inguruan ikerketa honetan 20 urte igaro dituen itsasoko arkeologo nagusietako batek hitz egingo du, Brad Lowenek. Bere aurkikuntza, urpeko arkeologiaren egitekoak, pieza guztiak gainaldera ateratzea, planoak ateratzea, berriz ere uretan ipintzea… Emaitzak mundu-mailan erreferentzia dira eta 6 liburuki hartzen dituzte. Albaolaren berreraikitzea posible da ikerketa honi esker. Ikerketa fede-emailea, piezaz pieza. Pieza horien lanketaren informazio osoa dugu; nolakoa zen material originala, bere aldez aurreko tratamendua nolakoa izan zen. Euskal Herriko ontzien berreraikitze nolakoa zen jakiteko ikuspegi guztiz zabala dugu, ez bakarrik ontziena, baizik eta erabiltzen zen teknologiarena ere. Basogintza, erabilitako burdinaren lanketa, ontzigintzaren sistemak, dena. Baina… Nongoa zen Nao San Juaneko egurra? Ez dakigu. 1978ko aurkikuntzak ez zuen ikerketa ahalbidetu. Xabier Alberdik zioen bezala,ordea, hau jakitea posible izango litzake.