Berri guztiak

Irizar eta UIK, 16 urteko aliantza biziberritua “Bizitzaren bidaia” programaren bidez

Gizarte kritikoago eta parte-hartzaileago baten alde, bi ikastaro eskainiko dira “Bizitzaren bidaia” programaren barruan, Uda Ikastaroen 44. edizioaren baitan.

Irizar enpresaren eta UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren (UIK) arteko lankidetza 2009an hasi zen, Bizitzaren bidaia programa abian jarri zutenean. 16 urte hauetan, aliantza hau erreferentziazko gune bihurtu da gizartearen egungo gai sozialen, kulturalen, ingurumenekoen eta etikoen inguruan hausnartzeko, ikasteko eta elkarrizketarako. Bere helburua argia da: gizarte kritikoago, informatuago eta parte-hartzaileago bat eraikitzea.

“Irizarrentzat funtsezkoa da mundu akademikoarekin elkarlanean aritzea eta etorkizunaz hausnartzea. Pertsonen garapena, berrikuntza eta jasangarritasuna dira gure eguneroko ardatz nagusiak, eta horiek bat datoz UIKrekin”, adierazi du Koldo Telleriak, Irizarreko Pertsonal zuzendariak gaur Miramar Jauregian bi erakundeek egin duten agerraldian.

Bestalde, Idoia Otaegui UIK-ko zuzendari akademikoak azpimarratu duenez: “Bizitzaren bidaia programak pentsamendu kritikoa, eztabaida eta ezagutza kolektiboaren eraikuntza sustatzeko espazioak sortu ditu. Eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiogu Irizarri, urte luzez Uda Ikastaroen alde erakutsitako konpromisoarengatik.”

Hiritar orori zuzenduriko bi ikastaro Bizitzaren bidaia programaren baitan

2025eko edizioan, Bizitzaren bidaia programaren baitan bi ikastaro eskaintzen dira, prestakuntza berezirik gabe edozein herritarrek parte hartu ahal izateko, aurrez aurre zein online formatuan:

Moda eta jasangarritasuna: ekonomia sozialaren eta zirkularraren erronkak ehungintzan
Uztailaren 17 eta 18an · Donostiako Miramar Jauregia
Ehungintzaren sektoreko erronkak ulertzeko, kontsumo-ohiturak birpentsatzeko eta alternatiba etiko eta jasangarriak ezagutzeko aukera paregabea.

“Jose Migel Barandiaranen ekarpena Arkeologia, Etnografia eta Euskal Mitologiara
Irailaren 4 eta 5ean · Ataun
Euskal pentsalari handienetako baten ondarea berriz ezagutzeko aukera, gure kultura-ondarearen aberastasuna gertutik bizitzeko.

Bi ikastaroek 20 orduko balio akademikoa dute eta kolektibo ezberdinei zuzendutako prezio bereziak eskaintzen dira. Matrikulazio-epea irekita dago dagoeneko.

Gonbidatzen zaitugu bidaia honetako parte izatera. Hausnartu, ikasi eta eraldatu. Izan ere, partekatutako ezagutza da gizarte hobe baterako lehen urratsa.