Baionako laugarren edizioak Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen erreferentzialtasuna sendotu du
Ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean Baionako Cité des Artsen ospatu den Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen laugarren edizioak arrakasta handia izan du, bai parte-hartzeari bai edukiari dagokienez. Bost egunez, 800 parte-hartzailetik gora elkartu dira bederatzi ikastaroetan, eta horrek espazio hau erreferente bihurtu du Euroeskualdeko lankidetza akademiko eta sozialaren alorrean.
Itziar AlkortaUPV/EHUko Zuzenbideko irakasleak emandako hasierako hitzaldiak Europar Datu Sanitarioen Esparruaren erronkak eta aukerak jorratu zituen, mugaz gaindiko garrantzi handiko gaiak ardatz dituen edizioaren tonua markatuz: migrazioa, hizkuntza-aniztasuna, euskal identitatea, turismo jasangarria eta moneta sozialak, besteak beste.
Itziar AzkueUPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko (UIK) zuzendariorde akademikoak ikastaroen kalitatea eta gaien aniztasuna nabarmendu ditu, baita unibertsitate eta erakunde publikoen arteko lankidetza erabakigarria ere. “100 aditu inguruk eta 800 pertsonek hartu dute parte, eta horrek erakusten du ekimen honek gizartean duen interesa eta beharra”, adierazi du.
Unibertsitate ikuspegitik, Alexandre PéraudBordeleko Montaigne Unibertsitateko errektoreak azpimarratu duenez, ekimen honek “jakintza lurraldearen zerbitzura jartzen” du, eta bereziki goraipatu du unibertsitateen arteko lankidetza, zientziaren aldeko apustu gisa. “Lurralde honek modernitatea eta tradizioa uztartzen ditu, eta dualtasun horrek adimen kolektibo baten oinarria ematen du, gure unibertsitateek zaindu eta garatu behar dutena”.
Bestetik, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Orekaren diputatuak euskararen balio sinbolikoa eta lotura-sortzailea nabarmendu ditu “euskara da gure arteko loturaren bihotza, iparra eta hegoa batzen dituen hizkuntza. Mugaz gaindiko Uda Ikastaroetan laugarren urtez elkartzeak etorkizuna elkarrekin ereiteko beharra erakusten du”.
Ikuspegi akademikoaz harago, ikastaroak laborategi praktiko izan dira hizkuntza-aniztasunaren inguruan. Azkuek adierazi duenez euskara, frantsesa eta gaztelera modu naturalean erabili dira, nahiz bat bateko itzulpena eskaini den. Translanguaging baliabidearen aplikazioak lurraldearen hizkuntza-aniztasuna eta ekimenaren izaera inklusiboa islatu du.
2025eko edizio honek ezagutza-ekonomian oinarritutako eraldaketa-proiektuari eutsi dio, unibertsitatea herritarrengana hurbilduz eta estrategia berritzaileak ikusgarri eginez.
2026ko edizioari begira, Euroeskualdeko bost unibertsitate publikoen arteko lankidetzako esparru hitzarmen bat sinatzea eta ikastarotako edukiak formatu irisgarri eta multimedia bidez argitaratzea dira erronka nagusiak.