Berri guztiak

Lan bat, aukera bat

Eragintzak 35 urte bete ditu osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen laneratzearekin konprometituta, oinarrizko eskubide batean arreta jarriz: kalitatezko enplegua eskuratzeko eskubidean.

Uztailaren 7an, Eragintza Fundazioak 35. urteurrena ospatu zuen Eragintza: 35 urte osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen laneratzearekin konprometituta Uda Ikastaroan. Jardunaldian lanerako eskubideari, enpleguak inklusiorako eta ongizaterako tresna gisa duen balioari eta osasun mentaleko arazoekin lotutako estigmari aurre egiteko beharrari buruz hausnartu zen.

1991n ateak ireki zituenetik, Eragintzak osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen laneratzea sustatzen dihardu Bizkaian. Hiru hamarkada eta erdiko esperientziak erakusten du aukerak, laguntza eta konfiantza daudenean posible dela lan-merkatuan sartzea.

Urteurrena dela eta, Eragintzak Uda Ikastaro bat antolatu du UIKn, Izaskun Landaida Eragintzako zuzendariaren zuzendaritzapean. Ikastaroan, hainbat arlotako profesionalek lanerako eskubidea benetan gauzatzeko oraindik dauden erronkak aztertu zituzten.

Hitzaldietako bat Naiara Rodríguez EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko doktore eta irakasleak eman zuen. Zehazki, osasun mentaleko arazoen ondoriozko desgaitasuna duten pertsonen lanerako eskubidea izan zuen hizpide.

Desgaitasunaren eredu medikotik eredu sozialera

“Desgaitasunaz ari garenean, zertaz ari gara?”. Galdera horrekin aurkeztu zuen Rodríguez Elorrietak bere hitzaldiaren esparru juridikoa.

Hizlariak Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa aipatu zuen. Konbentzio horren arabera, desgaitasuna duten pertsonak dira epe luzera urritasun fisikoak, mentalak, intelektualak edo sentsorialak dituztenak, baldin eta urritasun horiek, hainbat oztoporekin elkarreraginean, gizartean baldintza berdinetan erabat eta benetan parte hartzea mugatu badiezaiekete.

Ikuspegi horrek desgaitasunaren eredu nagusiki medikotik eredu sozialerako bilakaera islatzen du. Arreta ez da soilik pertsonarengan jartzen, haren ingurunean dauden oztopoetara ere bideratzen baita.

Estatu mailan, Rodríguez Elorrietak 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua aipatu zuen, legez desgaitasuna duen pertsonatzat nor hartzen den eta aitortza horrek lan-arloan zer ondorio dituen azaltzeko.

Enplegua, oztopo handienetako bat

Desgaitasun psikosoziala duten pertsonek lan-merkatuan duten egoerak hartu zuen hitzaldiaren zati handi bat.

“Desgaitasun psikosoziala duten pertsonen enplegu-tasa % 19koa da”.

Naiara Rodríguez Elorrieta

Hizlariak azaldu zuenez, desgaitasun psikosoziala duten pertsonen enplegu-tasa % 19koa da; desgaitasuna duten pertsona guztien artean, berriz, % 28,5ekoa. Horrek esan nahi du lan egiteko adinean dauden eta desgaitasun psikosoziala duten pertsonen % 81 ez dagoela lanean.

Lan-merkatuan duten parte-hartze txiki horrek isolamenduaren eta autoestimu baxuaren gurpil zoroa elika dezake, eta, batzuetan, lan-prozesuetan parte hartzeari aldez aurretik uko egitea ere eragin dezake.

Enplegua eskuratzeko zailtasunei genero-desberdintasuna ere gehitzen zaie. Hitzaldian aurkeztutako datuen arabera —Randstad Researchek INEren datuetan oinarrituta egindako Desgaitasuna duten pertsonen lan-merkatuaren erradiografia txostenetik hartutakoak—, desgaitasuna duten emakumeen enplegu-tasa % 29,8koa izan zen 2024an; desgaitasunik gabeko emakumeena, berriz, % 47koa. Gainera, lehen aldiz, desgaitasuna duten pertsonen artean emakumeen enplegu-tasa gizonezkoena baino zertxobait handiagoa izan zen: % 29,8koa eta % 28,2koa, hurrenez hurren.

Rodríguez Elorrietak nabarmendu zuen, halaber, lanpostu bat lortzen duten desgaitasuna duten pertsonek absentismo-maila txikiak dituztela. Hala ere, enpleguari eusteko laguntza-neurriak behar izan daitezke: lanpostua egokitzea, ezintasun-aldien ondoren lanera itzultzeko programak, lan-jardunean laguntza ematea edo arrazoizko doikuntzak deritzenak.

Hizlariak, halaber, garun-paralisia, osasun mentaleko nahasmenduak, adimen-desgaitasuna, autismoaren espektroko nahasmendua eta desgaitasun fisiko edo sentsorial jakin batzuk dituzten pertsonek lan-merkatuan sartzeko dituzten zailtasun bereziak azpimarratu zituen.

Lan-merkatuan sartzeko hiru bide

Rodríguez Elorrietak desgaitasuna duten pertsonen laneratzea sustatzeko hiru bide nagusi bereizi zituen: enplegu arrunta, enplegu babestua eta lan autonomoa.

Enplegu arruntean erreserba-kuota bat dago. Azaldu zuenez, 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak 50 langile edo gehiago dituzten enpresa pribatuak behartzen ditu beren lanpostuen % 2 desgaitasuna duten pertsonentzat gordetzera. Enplegu publikoan, erreserba-kuota % 7koa da.

Bigarren aukera enplegu babestua da. Esparru horretan daude Enplegu Zentro Bereziak eta lan-enklabeak.

“Enplegu Zentro Berezi honek desgaitasuna duten pertsonak enplegu arruntera igarotzeko tranpolina izan behar du”.

Naiara Rodríguez Elorrieta

Enplegu Zentro Berezietan, langileen % 70ek gutxienez desgaitasuna duten pertsonak izan behar dute. Zentro horien helburuetako bat, ahal den guztietan, lan-merkatu arrunterako trantsizioa erraztea da. Euskadin, Rodríguez Elorrietak EHLABEn (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea) integratutako gizarte-ekimeneko zentroen garrantzia nabarmendu zuen.

Lan-enklabeak enplegu babestuaren barruko beste formula bat dira. Horietan, Enplegu Zentro Berezi bateko langileek aldi baterako egiten dute beren lana enpresa arrunt batean, elkarren arteko ezagutza sustatuz eta, ondoren, enpresa horretan sartzeko aukera erraztuz.

Hirugarren bidea lan autonomoa da. Modalitate hori aukeratzen duten desgaitasuna duten pertsonek araudian jasotako zenbait hobari, murrizketa eta pizgarri jaso ditzakete.

Aukera-berdintasuna bermatzeko arrazoizko doikuntzak

Rodríguez Elorrietak arreta berezia jarri zuen arrazoizko doikuntzetan: desgaitasuna duen pertsona baten beharrei erantzuteko eta aukera-berdintasuna bermatzeko lanpostuan egin beharreko egokitzapenetan.

Doikuntza horiek aplikatzeko, kasu bakoitzaren inguruabarrak hartzen dira kontuan, baita enpresaren tamaina, eskuragarri dauden laguntza publikoak edo egokitzapenaren kostua bezalako faktoreak ere. Gainera, ez dute zertan aldaketa handiak izan. Neurri errazak edo eskuragarri dagoen denborarekin, laguntzarekin edo irisgarritasunarekin lotutako egokitzapenak izan daitezke.

Hitzaldian aurkeztutako datuen arabera, desgaitasun psikosoziala duten pertsonen % 44,4k aitortzen du nolabaiteko egokitzapena behar duela. Hala ere, Rodríguez Elorrietak adierazi zuen % 7k bakarrik lortzen duela bere eskaera onartzea, eta % 29,2k, doikuntza horiek behar izan arren, ez duela eskatzera ausartzen estigmaren beldurrez edo desgaitasunarekin lotutako aurreiritziak indartzeko beldurrez.

Prestakuntza handiagoak ez du beti lan-baldintza hobeak esan nahi

Prestakuntza izan zen jardunaldian landutako beste gaietako bat. Rodríguez Elorrietak azaldu zuenez, desgaitasun psikosoziala duten hiru pertsonatik bik amaitu dituzte bigarren mailako ikasketak, eta goi-mailako ikasketei, unibertsitate-ikasketei edo Lanbide Heziketari dagozkien datuak desgaitasuna duten pertsona guztienak baino handiagoak dira.

Hizlariak generoaren araberako aldeak ere nabarmendu zituen. Desgaitasuna duten emakumeek gizonek baino prestakuntza-maila handiagoa dute: % 24k goi-mailako ikasketak ditu; desgaitasuna duten gizonen artean, berriz, % 15,7k.

Hala ere, prestakuntza handiagoak ez dakar nahitaez baldintza ekonomiko hoberik. Rodríguez Elorrietak azaldu zuenez, desgaitasun psikosoziala duten pertsonak, adimen-desgaitasuna dutenekin batera, soldata baxuenak jasotzen dituztenen artean daude; desgaitasun fisikoa eta sentsoriala duten pertsonek, berriz, soldata altuenak jasotzen dituzte.

Jarduera-sektoreei dagokienez, adierazi zuen ez dagoela desgaitasun psikosoziala duten pertsonei buruzko datu espezifikorik. Oro har, desgaitasuna duten pertsonak zerbitzuen sektorean biltzen dira nagusiki, batez ere ostalaritzako jardueretan, zerbitzu pertsonaletan, babes-zerbitzuetan, salmentetan eta oinarrizko lanbideetan.

Laguntzadun enplegua: programatik zerbitzura

Hitzaldiaren azken zatian Rodríguez Elorrietaren ustez oraindik gutxi ezagutzen den metodologia bat izan zen ardatz: laguntzadun enplegua.

Lan-merkatu arruntean garatzen da, eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei laneratze-prozesuan eta lan-jardunean lagunduko dieten profesionalak izatea ahalbidetzen die. Lan-prestatzaile horiek enpresei ere aholkularitza eta informazioa ematen diete langileen beharrei eta beharrezkoak izan daitezkeen egokitzapen-prozesuei buruz.

Rodríguez Elorrietak 870/2007 Errege Dekretua hartu zuen erreferentziatzat. Dekretu horrek laguntzadun enpleguko programa bat arautzen du, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei zuzendua. Programa enplegu-zerbitzu publikoek kudeatutako deialdi publikoei lotuta dago eta dirulaguntza-erregimena du.

Hizlariak, ordea, funtsezko auzi bat planteatu zuen: laguntzadun enplegua deialdien eta dirulaguntzen mende dagoen programa gisa ulertzearen eta zerbitzu gisa aitortzearen arteko aldea.

Aldea ez da auzi juridiko hutsa. Laguntzadun enplegua deialdien eta dirulaguntzen mende badago, haren eskuragarritasuna ere horien mende geratzen da. Zerbitzu gisa ulertzeak, aldiz, eskubide gisa aitortzeko bidean aurrera egitea ekarriko luke.

Jardunaldian aurkeztutako datuek erakusten dute oraindik ere badagoela tartea lanerako eskubidea aitortzearen eta eskubide hori benetan gauzatzearen artean.