Berri guztiak

Teknologia berrien erabilera problematiko eta mendekotasun-sortzaileak beste drogekiko mendekotasuna garatzeko probabilitatea handitzen du

Denok dakigu Internet jendarte ia osoak darabilen erreminta dela egun, eta gazteen artean erabilera ia erabatekoa da. Osasun Ministerioak 2016an egindako ESTUDES inkesta da horren erakusgarri: 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen % 99,8k Internet erabili zuen azkeneko 12 hilabeteetan. Teknologia berrien erabilera altuaren eta gehiegizkoaren arteko aldea maiz nahiko lausoa den arren, gehiegizko erabilera izateko arriskua duten pertsonen prebalentzia baxua dela estimatu dute, hau da, % 4-5ekoa. Halere, 15-24 urte bitarteko banakoen taldea kontuan hartuz gero, prebalentzia 7 aldiz handiagoa da. Gainera, datu asaldagarria zera da, teknologia berrien erabilerak gora egin duela 2014ko inkestatik.

Teknologia berriekiko mendekotasunak sortzen duen arazoaren larritasuna ulertzeko, edozein motatako mendekotasunak dituen oinarriak gogoratu ditu adituak: gaixotasun kroniko eta errepikakorra da, zeinak mendekotasuna sortzen duen ekintza edo substantzia bilatzeko eta kontsumitzeko nahi konpultsiboa eta kontrolaezina sortzen duen.

Mugikorraren eta bestelako gailuen okerreko erabilera mendekotasun-sortzaileak asaldura fisikoak, psikologikoak eta ingurumenari loturikoak sor ditzake.

Ondorio fisiko andana aipa daiteke, hala nola insomnioa edo lo-falta, begietako tentsioa, begiak lehortzea, entzumenean galerak, karpoko tunelaren sindromea (botoien presio etengabeak ehunetan sortzen duten hantura), bibrazio faltsuaren sindromea (mugikorra joka ari dela sinestarazten duena nahiz isilik edo itzalita egon), Text Neck deritzona (gailu mugikor bat erabiltzen dugunean hartzen dugun jarrera artifizialaren ondorioz sortzen diren min zerbikalak), sedentarismoa eta obesitatea.

Ondorio psikologikoei dagokienez, honako hauek dira aipagarrienak: kontsumoa mugatzeko kontrolaren galera, beste mendekotasunetan gertatzen den tolerantziaren fenomenoari jarraiki; gero eta konektatuago egoteko beharra; etengabe kontsumitzeko beharra, aldarte-egoera negatiboa ekidin ahal izateko; egoera basalean suminduta sentitzea; jendartearekiko elkarrekintzan arazoak izatea; eta jokabidearen nahasmenduak izatea. Gainera, beste mendekotasunekin erkaketa bat eginez, irakasleak oinarrizko dilema ekarri du gogora: zer izan zen lehenago, oiloa ala arrautza? Mendekotasunak depresioa eta antsietatea bezalako nahasmenduekin lotuta daude, zehazki jakin gabe zer dagoen jatorrian, nahasmendua ala mendekotasuna.

Ezin ditugu ahaztu inguruarekin loturiko asaldurak, “gehiegizko erabilerak errealitatearekiko isolamendua, beste gaiekiko interes falta eta ikasketa eta lanean errendimendu baxua izatea errazten dituelako”. Osasun Ministerioak egindako azterketak erakutsi zuen Internet era konpultsiboan erabiltzen dutenek aukera bikoitza dutela ez gainditzeko, eskoletara ez joateko eta gurasoekin erlazio txarra edukitzeko .

Hori bai, nola detekta daiteke teknologia berrien gehiegizko erabilera mendekotasun-sortzailea? Hauek dira Calladok azalduriko irizpide diagnostikoak: bizi-ohituretan aldaketa drastikoak burutzea Interneti denbora gehiago eskaintzeko; norberaren osasuna ez zaintzea, loaren zikloak aldatuz, nutrizio-ohitura txarrak hartuz eta ariketa fisikoari esleituriko denbora murriztuz; lagunekiko kontaktuetan ondorio txarrak izatea eta betebehar pertsonaletan edota lanean zabarkeriaz aritzea.

Mendekotasun larri bat duten erabiltzaileen proportzioa baxua den arren, Calladok teknologia berriekiko mendekotasunaren garapenean parte hartzen duten arrisku-faktoreen zerrenda bat aurkeztu du. Ikusi dugu nerabezaroa faktore erabakigarria dela mendekotasuna pairatzeko probabilitatea 7-8 aldiz biderkatzen delako. Elementu asko daude horren atzean: garunaren zatiak oraindik garapen-prozesuan egotea, aldarte emozionalak, pertsonalitatea (herabetasunak, autoestimu baxuak, norbere gorputzarekiko gaitzespenak, identitate faltak eta nortasun faltak erabilera proportzionalki handitzen dute) eta buruko nahasmenduak (NOKa edo nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, ADHNa edo arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua).

Hitzaldiaren beste zati batean, oro har mendekotasunen mekanismo zerebralak azaldu ditu, alkohola eta kokaina bezalako substantziekiko mendekotasunaren artean antzekotasunak daudelako: “egun, badakigu substantzien mendekotasunaren eta jokabidearen mendekotasunaren artean antzekotasunak daudela; azken horiek teknologia berriekikoak dira, esate baterako.” Teknologia berrien erabilera problematiko eta mendekotasun-sortzaileak beste drogekiko mendekotasuna garatzeko probabilitatea handitzen du.

Teknologia berriekiko mendekotasunean parte hartzen duten mekanismoak hiru taldetan banatu ditu adituak: garunaren funtzioen asaldurak, asaldura neurokimikoak eta asaldura genetikoak.

Lehenengo taldeari dagokionez, esan behar da gehiegizko erabilerak aldaketak sortzen dituela garunaren egitura eta funtzioetan: asaldurak, zeinak drogekiko mendeko diren pertsonengan azaltzen direnen antzekoak diren, garunaren zati frontalean eta prefrontalean izaten dira. Prefrontala da zuhurtasunaz eta portaeraren kontrolaz arduratzen den zatia. Erresonantzia magnetikoek erakutsi dute teknologiekiko mendekoen zati prefrontalaren lodiera txikiagoa dela eta, hortaz, gutxiago funtzionatzen duela. Interneten erabilera bezalako estimuluen aurrean, banakoek glukosa gutxiago izan ohi dute inpultsu horiek geldiarazten dituzten garun-zatietan eta, ondorioz, erabakitzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behera egiten du. Horregatik, mendekoak inpultsiboagoak izan ohi dira, eta ezin ohi dituzte haien inpultsuak kontrolatu. Gainera, nerabeak askoz ere zaurgarriagoak dira haien garuna oraindik garatzen ari delako, eta inpultsuak kontrolatzea zailagoa delako.

Asaldura neurokimikoei dagokienez, ikusi da neurotransmisoreek aldaketa handiak jasaten dituztela mendekoen garunean, eta dopaminaren hartzaile eta garraiatzaile gutxiago izaten dituztela. Online jokoekiko mendekoek, adibidek, hainbesteko aldaketak jasaten dituzte dopamina bezalako neurotransmisoreetan, non egoera basalean edo kontsumorik gabekoan mendekoa ez den pertsona batek baino dopamina gutxiago duten eta “eguneroko gauzak egiterakoan plazer gutxiago sentitzen duten". Jokoan dabiltzanean, dopamina-mailak izugarri egiten du gora eta, hortaz, sariaren eta plazeraren sistema gehiago estimulatzen dute. Plazer hori bilatzea lehentasun bilakatzen da, eta teknologiak gehiegi erabiltzen dituzte hala.

Hirugarrenik, Calladok asaldura genetiko eta inguruari loturikoak aipatu ditu, teknologia berriekiko mendekotasuna garatzeko arriskua handitzen baitute: “kode genetikoa eta posta-kodea dira bi faktore nagusi eta erabakigarriak ”. Bideo-jokoekiko mendeko direnen kasuan, adibidez, COMT entzimaren aktibitatea baxuagoa da, zeina dopamina suntsitzeaz edo lekualdatzeaz arduratzen den. Ondorioz, mendekotasunik ez dutenek baino dopamina gehiago sortzen dute banako horiek. Gainera, serotonina gutxiago izaten dute, depresioarekin gertatzen den bezalaxe. Esan gabe doa, bizitokiak, hezkuntzak, egoera ekonomikoak eta beste elementuek mendekotasunaren garapenean eragin dezaketela.

Zaila da esatea zein den kasu bakoitzean mendekotasun baten jatorriaren faktore erabakigarria, baina hainbat azterketak erakutsi du bi faktoreek antzeko pisua dutela mendekotasuna sortzerako orduan, hau da, % 50eko eragina dutela gutxi gorabehera. Halere, jendarte-talde ezberdinak erkatuz gero, ezberdintasunak ageri dira, nerabe eta emakumeengan inguruari loturiko faktoreek, hau da, bizitokia, hezkuntza eta halakoek garrantzi handiagoa izan dezaketela kasu batzuetan jaiotzatik dituzten ezaugarriek baino.

Mekanismo eta ezaugarri guztien berri izatea ezinbestekoa da Calladoren aburuz, horrela ikus dezakegulako zeintzuk diren mendekotasun baten arrisku-faktoreak eta ondorioak. Halaber, garrantzitsua da teknologia berriekiko mendekotasunaren inguruko azterketak bideratzea prebentzio-politika eraginkorrak eta espezifikoak sortzeko, badirelako, haien ezaugarri genetiko eta inguruari loturikoengatik, teknologien berrien gehiegizko erabilera eta mendekotasuna sortzeko zaurgarriagoak diren taldeak.