Iker Goiria eta Arnaud Fontaine, landa-eremua ongizatearen giltzarri
Baionak garapen sozial eta jasangarriari buruzko Uda Ikastaro transnazional bat hartu zuen
2025eko ekainaren 30ean, Baionako Cité des Arts eraikinean egin zen “Landa-inguruneak pertsonen ongizate integralari egiten dion ekarpena” izeneko ikastaroa, Mugaz gaindiko Uda Ikastaroak ekimenaren baitan. Jardunaldi honek bi aldeetako —Hegoaldeko zein Iparraldeko— adituak, erakunde ordezkariak eta landa-inguruneko eragileak bildu zituen, gaur egungo erronkei irtenbide jasangarri eta humanoak emateko landa-ingurunearen aukerak aztertzeko.
Jardunaldian gai nagusi batzuk landu ziren, hala nola landa-eremuko abandonua, zerbitzu sozialen bideragarritasun ekonomikoa hiri ingurutik kanpoko eremuetan, prestakuntza eta ekintzailetza garapen motor gisa, eta komunitatearen arretari buruzko eredu berriak.
Bideoan Iker Goiria Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabineteko aholkulariak eta Arnaud Fontaine Gizarte kohesioa, prekarietatea, familia osasuna eta kirol ekipamendu komunitarioak sailaren presidenteordeak beren ikuspegiak partekatzen dituzte administrazio publikoek landa-eremuan kalitatezko zerbitzuak bermatzeko duten zereginari buruz.
“Landa-munduak pertsonen ongizaterako egiten duen ekarpena ikusarazi nahi dugu. Egiaztaturik dago landa-eremuak, bere ingurumenagatik eta bizitzeko moduagatik, ekarpen oso positiboak egiten dituela. Baina aldi berean, gero eta jende gehiago hirietara doala ikusten dugu. Horregatik, erakundeetatik tresnak eskaintzen ari gara jendea landa-eremuan gera dadin edo bertara itzul dadin”, azaldu du Iker Goiriak.
Bestalde, Arnaud Fontainek pandemiatik izan den eraldaketa nabarmendu du: “Covid garaitik, landa-eremuak ospea irabazi du. Hiri handietatik itzuli diren pertsona asko bizi-kalitate hobe baten bila joan dira landara. Baina alde batera utzi behar dugu landa-eremua zahartzen ari den eta gainbeheran dagoen gune bat denaren ustea. Zerbitzu sozialen bideragarritasunari buruzko galdera ez litzateke beste zerbitzu publiko batzuen aurrean egiten ez dugun bezala planteatu behar.”
Ikastaroak hausnarketa partekaturako espazioak ez ezik, lankidetza transnazionala sustatzeko zubi ere izan zen, pertsonengan ardaztutako garapen justuago eta jasangarriago baten alde lan egiten duen sare instituzional eta soziala sendotuz.