Itziar Alkorta: "Europako Osasun Datuen Espazioa: osasun-arreta eta ikerketa mugaz gaindikoarentzako aukera bat"
Ekainaren 30ean, Itziar Alkorta Idiakez (UPV/EHU) irakasleak Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen laugarren edizioaren irekiera hitzaldia eskaini zuen Baionako Cité des Arts-en egindako ekitaldian. Ekitaldi honek Bidasoaren bi aldeetako ikastaro asteari hasiera eman zion (ekainaren 30etik uztailaren 4ra).
“Europako Osasun Datuen Espazioa: osasun-arreta eta ikerketa mugaz gaindikoarentzako aukera bat” izenburupean, Alkortaren hitzaldiak Europako Batasunak datu klinikoen erabilera eta partekatzea arautzeko onartu duen arau berria izan zuen hizpide. Araudi horrek osasun-arreta hobetzeko eskaintzen dituen aukerak azpimarratu zituen, baita Europan osasun-produktu propioen ikerketarako eta garapenerako irekitzen dituen aukerak ere.
Alkortaren hitzetan, araudi hau mugarria da, Europako 450 milioi herritarren historia klinikoen interoperabilitatea ahalbidetzen duelako, kontinenteko edozein lekutan osasun-arreta jasotzea erraztuz. Era berean, aurrerapen honek osasun-datu publiko eta pribatuen data-lake handi bat partekatzeko aukera emango du, osasunaren arloan Europako burujabetza teknologikoa sustatuz, Txina eta Estatu Batuen pareko potentzien aurrean.