Umeek eta gazteek barruan duten hori atera ahal izateko espazio bat edukitzea eskertzen dute
Maider García De Bikuñak eta Miren Lopez De Arregik (EMAIZE Zentroko sexologoak) sexu heziketa positibista baten garrantzia nabarmendu dute

Uztailaren 14tik 16ra bitartean, Haurtzaro eta nerabezaroko sexu hezkuntza eta ongizate emozionala: erronkak, aukerak eta tresnak izeneko Uda Ikastaroan parte hartu dute. Zehazki, bidelagun onak izateko dinamiketan zentratu dira. Maider García De Bikuña eta Miren Lopez De Arregi, sexologoak izateaz gain, psikologo eta gizarte langileak dira, hurrenez hurren.
Zertan datza Udako Ikastaroa eta zerk eraman zaituzte parte hartu nahi izatera?
Maider Garcia De Bikuña EMAIZEko psikologoa eta sexologoa:
Ikastaro honek haur eta nerabeen ongizate emozionala lantzen ditu. Guk, sexologo moduan, oso kontutan daukagu beti emozioak eta gorputza modu positibo batean landu behar direla. Hori da, hain zuzen, ikastaroan lantzen ari garena, talde oso polit batekin eta profesional interesgarriekin.
Miren Lopez De Arregi EMAIZEko sexologoa eta gizarte langilea:
Guk EMAIZEn egiten dugu lan eta Uda Ikastaroetan parte hartzen dugun hirugarren urtea da. Azken finean, estatu mailan gauden hainbat sexologo profesionalok eta sexu hezkuntzan aritzen grenok talde lan bikaina egiten ari gara. Gainera, Ikastarora irakasleak eta profesionalak etorri dira eta guztion artean, taldean, pila bat ikasten ari gara.
Zein da EMAIZEren eginkizuna eta helburua?
Miren Lopez De Arregi:
EMAIZE Sexologia Zentroa orain dela 30 urte Araban jaio zen proiektu bat da,. Emakumeen mugimendutik eta militantziatik hasia. Bertan hamar bat pertsonek egiten dugu lan. Bakoitzak bere espezialitatea du, hala nola, psikologia edo gizarte langintza, baina guztiak sexologoak gara, sexologiak batzen gaitu.
Orduan, esparru ezberdinetan egiten dugu lan, sexuen hezkuntza pila bat egiten dugu, batez ere hego Euskal Herriko ikastetxeetan zehar. Ikasleekin, irakasleekin eta familiekin egiten dugu lan, begirada guztiak uztartuz, eta sexualitatearen ikuspuntutik ahalik eta laguntzarik hoberena bermatzeko. Formakuntza komunitarioan ere egiten dugu lan eta aholkularitza eta terapia zerbitzua eskaintzen dugu, pertsonek izan ditzaketen kezkak eta arazoak argitzen eta konpontzen laguntzeko.
Maider Garcia De Bikuña:
Biok egiten dugu lan sexu-heziketan, formakuntzan, aholkularitzan, Mirenek terapia egiten du, nik terapiarik ez dut egiten… Bestalde, komunikabideetan ere saiatzen gara ahal duguna zabaltzen. Alde komunitarioan gauza asko egiten ditugu menopausiaren, desioaren, emakumearen, eta horrelakoen inguruan. Sexologiak gauza asko barne- biltzen ditu eta guk horiek lantzen ditugu, beti ikuspuntu positibo batetik, eta ez beldurretatik edo eta arriskuetatik.
Beti tabu izan den gai bat da sexu heziketarena, azken urteetan nolako bilakaera izan du gaiaren trataerak? Gehiago hitz egiten da gaiaren inguruan?
Miren Lopez De Arregi:
Guztiok dugu argi sexualitatea gizakion bizitzaren zati oso garrantzitsua dela eta, azken urteotan, orokorrean, laguntza eskatzeko joera areagotu dela nabaritu dugu. Egia da kasu askotan jendea beldur delako hurbiltzen zaigula; azken urteetan pornografia kezka eta beldurra piztu duen zerbait izan da, adibidez.
Maider Garcia De Bikuña:
Orain “machosfera” pizten ari da. Beti gabiltza, nolabait, horrelako suak itzaltzen. Baina, nahiz eta fokoa beldurretan, arriskuetan eta horrelakoetan jarrita egon, gizartearen zati garrantzitsu bat ari da konturatzen sexudunak garela txikitatik eta sexu heziketa ez dela nerabezaroan edo helduaroan landu beharreko zerbait. Txikitatik landu behar da; lehen hezkuntzan geroz eta lan gehiago egiten dugu eta aldaketa handia egon da.
Lehen, bigarren hezkuntzan bakarrik egiten genuen lan eta ikasleen artean arazo edo arrisku bat zegoela ikusten zutelako soilik eskatzen ziguten laguntza. Beraz, nik uste dut aldaketa bat ematen ari dela, nahiz eta betidanik egon diren gauza horiek oraindik hor jarraitzen duten eta tabua mantentzen den. Baina, espazio berriak sortzen ari dira eta bidea irekitzen duten ekintzak ematen ari dira.
Zer nolako garrantzia dauka ikasleek ez ezik, irakasleek eta familiek ere formakuntza jasotzeak?
Maider Garcia De Bikuña:
Berebiziko garrantzia dauka, funtsezkoa da. Hori da, hain zuzen, ikastaro honetan egiten duguna; ume eta gazteekin dauden pertsonekin lan egiten dugu, izan profesionalak, izan gurasoak… Era horretan, pertsona hauek prest egongo dira ume eta gazteei laguntza on bat emateko. Gainera, heldu askok ez dute formakuntzarik jaso gazteak zirenean, edo jaso dutena ez da izan modu egoki edo positibo batean.
Beraz, garrantzitsua da ume eta gazteekin dauden pertsona horiek hezitzea. Ikastaroan egindako dinamiketan nola jokatzen dugun eta gure motxilan zer daukagun ikasi dugu, izan ere, gero hori transmititzen diegu umeei. Ez dago errezeta magikorik, baina bai lagungarriak diren dinamikak.
Miren Lopez De Arregi:
Azken finean, askok ez dugu eredu on bat izan eta gogo handia dugu gauzak beste modu batera egiteko, baina ez dakigu oso ongi nola egin. Izan ere, beldurrak daude; zerbaiten inguruan azkarregi edo gehiegi hitz egiten hasten bagara, badirudi bultzatzen ari garela praktikara eramatera. Orduan, askotan, pertsona helduek gure kezkak, beldurrak, gogoak edo dena delakoak partekatzeko tarte bat behar dugu. Beti ere egunerokotasunean gure gazteak laguntzeko gai izateko eta haien bidelagun izateko helburuarekin.
Pertsona guztiok, eta are gehiago txikiak garenean, norbait eduki behar dugu harengana jotzeko. Heldu bat edo jakitun bat ez daukagunean Internetera jotzen dugu, aukera on bat da hori ere, begirada kritiko batekin eginez gero, noski. Baina, ez daukagunean heldu bat, lasaitasunetik lagunduko diguna, galduta gaude. Helduek ardura hori daukagu eta ardura hori hartu behar dugu.
Maider Garcia De Bikuña:
Askotan, helduek uste dugu dena kontrolpean daukagula eta momentu oro zer egin behar den dakigula. Ikastaro hau bezalako espazio batean, ordea, zerbait mugitzen zaigu barruan; konturatzen gara bizi izan dugunaz, barruan daukagunaz eta, agian, gauza batzuk landu egin behar ditugula bide-laguntza hobeago bat eskaini ahal izateko.
Eskoletan egon zaretenean, ikasleetan zer ohiko gabezia edo falta somatu duzue haien sexu heziketari dagokionez?
Maider Garcia De Bikuña:
Somatu dugun zerbait lehen esandakoa da, erreferente helduen falta; izan helduak ez daudelako prest edo izan gazteek ez dituztelako hurbil sentitzen edo ez dutelako uste ulertuak izango direnik, izan ere, helduen begirada askotan oso kritiko bezala ikusten dute. Nire ustez, gazteek eta umeek espazio bat edukitzea eskertzen dute, gordeta dituzten eta atera nahi dituzten gauza horiek kanporatu ahal izateko.
Beraz, nik uste dut erreferenteen falta dela gehien somatzen dena. Askotan gu joaten gara eskoletara, saioetara, eta eskerrak ematen dizkigute sexuaren inguruan hitz egiteagatik edo haien galderei erantzuteagatik. Horrek minimo bat izan beharko luke. Gainera, uste dut eskoletara gu bezalako profesionalak saioak eskaintzera joatea garrantzitsua dela, baina, ordu gutxi izaten direnez, ezinbestekoa da umeen eta gazteen ingurukoak ondo hornituak egotea. Espero dut egunen batean oso ondo hornituta egotea eta gu beharrezkoak ez izatea.
Zerbait gehitu nahi zenukete?
Maider Garcia De Bikuña:
Ikastaroan eduki dugun interbentzioa hiru ardatz ezberdinetatik planteatu dugula; gorputzaren garrantzian, aniztasunean eta gure barnearekin konektatzean. Hori guztia oso garrantzitsua da sexu heziketarako, erabakiak hartzeko, desioa sentitzeko, helmugak jartzeko edota proposamenak egiteko.
Miren Lopez De Arregi:
Ardatzak horiek dira, baina gero hortik gauza pila bat landu daitezke.