Berri guztiak

UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak ireki egin du 2023ko Uda Ikastaroak aurkezteko epea, abenduaren 2ra arte luzatuko da

Gaurtik aurrera, zabalik dago gure gizartearen erronkei aurre egiteko interesa duten pertsona guztiei zuzendutako proposamenak jasotzeko deialdia. Proposamen horiek gure erronketako batean oinarrituko dira: euskal kultura, berdintasuna, jasangarritasuna, hezkuntza, zahartzea, digitalizazioa, gobernantza eta osasun mentala.

UIKn askotariko programazioa sustatzen jarraitzen dugu formatu berriak bultzatzeko, betiere kontuan harturik gure gizartean azaleratzen diren beharrizanak. Gure ustez, balio sozial handia du ezagutza partekatzeak, eta horrek, ezinbestean, eragin handia du gure komunitateetako eta inguruneko harremanen hobekuntzan; elkartzeko eta hausnartzeko leku gisa, geure burua eskaintzen jarraitu nahi dugu, zeharkakotasunetik aurrera egiteko eta gure gizarte erantzukizuna praktikan jartzeko. Hori guzti hori, herritarrak, ikerkuntza, irakaskuntza, enpresa, erakundea eta administrazioa uztartuz. 

Eta hori gauzatu ahal izateko, gai berritzaileei heltzeko eta gazteek ikastaroetan ikasleen rolean baina baita antolatzailearenean ere parte hartzeko aukera izateko formatu berriak sortu ditugu. Denek dute zeresana, denek dute zer jarri eta zer sustatu, eta guk lankidetza bidezko partaidetzan sinesten dugu harago egiteko eta elkar hobetzeko. Foro irekia eta inklusiboa gara, parte hartzeko dinamikak sustatzeko prest dagoena ikastaro praktikoekin eta tailer espezializatuekin, betiere gizartearekin konektatuta eta gizartea helburu hartuta. 

Uda Ikastaroen modalitatea ikaskuntza eta irakaskuntza forma berrietara egokitzen da, eta beraz, modu presentzialean garatu daiteke, edo online eta zuzenean, edo bietara aldi berean. 

Interesdunak bere proposamena bidali behar du UIKren online plataformaren bidez eta kontuan eduki behar du zuzendari bakoitzeko proposamen bakarra aurkeztu ahal izango duela. Aldez aurretik eskertzen dugu zuen proposamenaren garapenean egingo duzuen ahalegina. 

Eskerrik asko!