Berri guztiak

XXI. mendeko arkeologia zientziaren eta mugaz gaindiko lankidetzaren bidez eraikitzen da

EHUko eta Université Bordeaux Montaigneko ikertzaileek arkeometriak ondarearen ikerketan eta kontserbazioan irekitzen dituen aukera berriak azaldu zituzten Baionako Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroan.

Zer konta diezaguke duela bi mila urte egindako zeramika baten analisi kimiko batek? Nola laguntzen dute teknika hiperespektralek aztarnategi arkeologiko bat hobeto ulertzen? Eta zer ekarpen egiten dute metodologia ez-inbaditzaileek eraikin historikoak edo museoetako bildumak kontserbatzeko?

Galdera horiei eta beste askori erantzuteko antolatu zen "Arkeologia eta Arkeometria garaikideak: kultura materiala, ikerketa-praktikak eta diziplinarteko ikuspegiak" izeneko Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroa, Baionako Cité des Arts gunean. Jardunaldiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Université Bordeaux Montaigne unibertsitateko ikertzaileak bildu zituen, ondare arkeologikoaren azterketan aplikatzen diren metodologia berrien inguruko ezagutza partekatzeko eta lankidetza zientifikoa sendotzeko.

Gero eta diziplinartekoagoa den arkeologia

Ikastaroko zuzendari Javier García Iñañezek (EHU) azaldu zuenez, gaur egungo arkeologiak gero eta gehiago behar ditu hainbat diziplina zientifikoren ekarpenak, iraganeko gizarteei buruzko galdera konplexuei erantzun ahal izateko.

Analisi kimikoek, petrografikoek edo hiperespektralek antzinako materialen ezaugarriak inoiz baino zehaztasun handiagoz ezagutzea ahalbidetzen dute. Horri esker, hobeto uler daitezke objektuen fabrikazio-prozesuak, erabilerak, zirkulazioa edo kontserbazio-egoera, eta, ondorioz, iraganeko komunitateei buruzko interpretazio sendoagoak egin.

Baina ikastaroak erakutsi zuen, halaber, ikerketa zientifikoa aberatsagoa dela lankidetza iraunkorrean oinarritzen denean.

Mugaz gaindiko lankidetza zientifiko sendoa

Ikastaroaren zuzendarikide Rémy Chapouliek (Université Bordeaux Montaigne) nabarmendu zuen Bordele eta Euskal Herriaren arteko hurbiltasun geografikoak aukera paregabea eskaintzen duela bi lurraldeentzat interes komuneko ikerketa-proiektuak garatzeko.

Bi ikerketa-taldeen arteko harremana duela hamar urte baino gehiago hasi zen nazioarteko topaketa zientifikoetan, eta azken urteotan sendotu egin da Euskampusek sustatutako laborategien proiektuari eta Euskampus Fundazioaren babesari esker. Horri esker, urtez urte workshopak, topaketa zientifikoak eta proiektu partekatuak garatu dira, bi unibertsitateen arteko lankidetza egonkorra eraikiz.

Lankidetza horren balio handienetako bat, antolatzaileen esanetan, ikertzaile gazteek bertan duten protagonismoa da. Izan ere, nazioarteko testuinguru batean beren ikerketak aurkezteko, metodologiak partekatzeko eta etorkizuneko lankidetza berriak sortzeko aukera dute.

Ondare arkitektonikotik museoetako bildumetara

Ikastaroan aurkeztutako ikerketek argi erakutsi zuten arkeometriaren aplikazio-eremua oso zabala dela.

Paula Stipanovicek Saint-Émiliongo (Gironda) harkaitzean zulatutako eliza baten kontserbazio-egoera diagnostikatzeko garatzen ari diren metodologia aurkeztu zuen. Dorrearen pisuak eragindako arazo estruktural larriak dituen Erdi Aroko eraikin horretan, materialen azterketak etorkizuneko kontserbazio-irtenbideak diseinatzeko giltzarri bihurtzen dira.

Bestalde, Leticia Da Silva Gondimek ondarearen dokumentazioaren eta ikerketa arkeometrikoaren dimentsio etikoaren garrantzia azpimarratu zuen. Haren ustez, ezinbestekoa da teknika analitikoak ezagutzeaz gain, haien aukerak, mugak eta interpretazio egokia ulertzea.

Musée d'Aquitaine museoko Loud Groscolek, berriz, XIX. mendeko Maison Goupil etxearen estanpa-bilduma baten azterketa aurkeztu zuen. Teknika eramangarri eta ez-inbaditzaileen bidez, paperen, pigmentuen eta koloratzaileen bilakaera aztertzen ari dira, Industria Iraultzaren garaiko ekoizpen-teknikak eta materialen erabilera hobeto ezagutzeko, bilduma zaintzen den bitartean.

Zientzia ondarearen zerbitzura

Jardunaldiak argi utzi zuen arkeometria ezinbesteko tresna bihurtu dela gaur egungo ikerketa arkeologikoan. Zientzia esperimentalak, teknologia analitikoak eta ondarearen ikuspegia uztartuz, kultura-ondarea sakonago ezagutzeko eta etorkizunerako hobeto zaintzeko aukera ematen du.

Aldi berean, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroen balioa ere agerian geratu zen: mugaren bi aldeetako unibertsitateen arteko lankidetza sendotzea, ikerketa-sare iraunkorrak ehuntzea eta ezagutza partekatzeko espazioak sortzea.

Azken batean, XXI. mendeko arkeologia iragana induskatzetik harago doa: zientziaren, teknologiaren eta diziplinarteko lankidetzaren bidez iragana ulertu, interpretatu eta etorkizunerako zaintzea du xede.