Berri guztiak

Zabalik dago 2024 Uda Ikastaroak antolatzeko proposamenak jasotzeko epea

Datorren urteko Uda Ikastaroen edizioaren antolakuntzari ekin zaio, eta, azaroaren 2tik 30era luzatuko da proposamenak aurkezteko epea. Zuzendari bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du. Formatuari dagokionez, azken edizioetako ildoari jarraituz, aurrez aurre edo online zuzenean edo aldi berean bietara garatu ahal izango dira ikastaroak.

UIKk, Uda Ikastaroak Fundazioak, ezagutzaren aldeko apustua berretsi eta edizio berri baten antolakuntzari ekin dio. Gizartean kezka iturri diren gaiei buruz aritzeko elkargunea da UIK, gizarteko eragileen prestakuntzarako, eztabaidarako eta topaketarako espazioa eta, honenbestez, gizarteko agente guztiei ikastaroen antolakuntzan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi die.

Askotariko erronkak ditu gizarteak egun eta askotariko proposamenetara irekita dago UIKren plaza: jasangarritasuna, hezkuntza, digitalizazioa, gobernantza, osasuna, euskal kultura… Gaurkotasun handiko gaiak landu nahi dira 2024ko edizioan.

Guztientzako topalekua izatea da UIKren borondatea eta agente ezberdinen parte hartzea eta hauen arteko sarea sortzea du helburu. Herritarrak, ikerlariak, akademikoak, enpresariak, erakunde mota ezberdinak eta administrazioko ordezkariak harremanetan jarri nahi dira ezagutzaren plazan. Foro irekia eta inklusiboa da zentzu guztietan: belaunaldi ezberdinak jarri nahi dira harremanetan, gazteei gonbidapen berezia eginez, eta, ikastaro aplikatuen zein esperientziak indartzeko tailerren bitartez parte hartzeko dinamika berritzaileak sustatu nahi dira.

Proposamenak UIKren online plataformaren bidez aurkeztu behar dira. Lotura honetan eskuragarri dira araudia, plataformarako sarbidea zein harremanetarako bideak.