Berri guztiak

Mª José Sanz: “Parisko Hitzarmena sinatu eta hamar urtera, COP biltzarretako multilateralismoak bizirik jarraitzen du eta aurrera doa”

Duela gutxi, Alderdien Konferentzia (COP30) egin zen Belémen (Brasil), Parisko Hitzarmenaren 10. urteurrenean. Bertan hartutako erabakiek, nahi bezain anbiziotsuak ez badira ere, klimaren goi-bilera horiek definitzen dituen prozesu multilateralak bere horretan dirauela erakusten dute. Mª José Sanz Klima Aldaketaren Euskal Zentroko (BC3) zuzendari zientifikoak Donostia Sustainability Forumean azaldu zuenez, “polikrisi” globala ezaugarri duen testuinguru geopolitiko izugarri konplexuan, finantzazio klimatikoari eta baso tropikalen babesari buruzko aurrerapenak adostu ziren.

Konferentzian, konpromiso klimatikoak lerrokatu nahi izan ziren, beroketa 1,5 gradutara mugatzeko, finantzazio globaleko estrategia bat hedatzeko, eta egokitzapena eta justizia klimatikoa indartzeko. Amazonian egindako ekitaldian, basoek aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan duten paper erabakigarria azpimarratu zen. Mª José Sanzek nabarmendu zuen, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko ezegonkortasuna eta handitzen doazen Ekialdeko Asiako tentsioak direla-eta, defentsako gastuak gora egin duela eta hori klima-trantsizioko inbertsioaren kalterako izan daitekeela. Gainera, geopolitikari lotutako energia-krisiak erregai fosilen erabilera suspertu du ekonomia batzuetan. Dena den, paradoxikoki, energia berriztagarrien hazkundea ere bultzatu du, energia-segurtasunerako iturri gisa.

Hori gorabehera, COP konferentziaren prozesuak —198 estaturen artean ados jartzean datza— berebiziko garrantzia izaten jarraitzen du, BC3ko zuzendari zientifikoaren arabera. Mekanismoa motela da, eta “Frankenstein” erako testuak sortzeko joera du, non denek zerbait irabazten eta galtzen duten. Hala ere, pisu gutxiago duten ekonomien ahotsa bermatzen du; adibidez, Ozeano Bareko uharte txikiena. Bozketa bidezko prozesu batean baztertuak izango lirateke.

Aurrerapen zehatzak

COP30 biltzarrean, finantzazioa handitzeko eta Parisko Hitzarmenaren ezarpena bizkortzeko neurri-sorta bat adostu zen. Horren barnean dago egokitzapenerako finantzazioa, zeina COP30 biltzarraren arrakasta handienetako bat den. Finantzazio globalaren helburu berriarekin, egokitzapenera 120.000 milioi dolar bideratzea aurreikusten da, alegia, mobilizatzea espero den urteko 300.000 milioi dolarreko helburu osoaren % 50. Horrez gain, aurrera egin zen egokitzapen-neurrien eraginkortasuna ebaluatzeko adierazle neurgarriak definitzeko lan konplexuan.

Baso Tropikaletarako Betirako Funtsaren sorrera ere azpimarratu zuen Mª José Sanzek. Funts hori ez da mekanismo tradizionalen berdina; izan ere, dauden basoen kontserbaziora dago bideratuta esplizituki, ez soilki baso-soiltzea murriztera. Helburua 125 milioi dolar mobilizatzea da, baso tropikalak dituzten eta garapen-bidean dauden 70 herrialde baino gehiagotan 1.000 milioi hektarea baino gehiago babesteko. Hainbat herrialdek, Alemaniak, Norvegiak, Portugalek eta Frantziak barne, ekarpenak egiteko konpromisoa hartu dute jada. Aldi berean, herri indigenek eta tokiko komunitateek lurra edukitzeko dituzten eskubideak indartzeko konpromisoa hartu zuten 14 herrialdek (80 milioi hektarea 2030erako), Horrela, baso-soiltzea eragiten duten arazo nagusietako bati helduko diote, hots, jabe legitimorik ez izateari.

Horrez gain, laguntza teknikoa eta ezagutza-trukea indartzea erabaki zen, trantsizioa bidezkoa izango dela ziurtatzeko, eta nazioarteko merkataritzari buruz eztabaidatu zen, Europar Batasunak mugetan ezarritako doikuntza-politikek bultzatuta. Lan-eremu berri bat abiarazi da, neurri horiek eta merkataritzako beste gai batzuek agenda klimatikoan sortutako tirabirak jorratze aldera.

Halaber, hurrengo 10 urteetarako genero ekintza plan berria lorpen handia dela aipatu zuen Sanzek. Datu banakatuak eta genero-azterketa erabiliko dira erabakiak hartzeko, eta genero-ikuspegia txertatuko da klimaren arloko politika nazionaletan.

Ordaindu gabeko zorrak: erregai fosilak eta NDCak

Aurrerapenak aurrerapen, COP30 konferentzia “porrot” gisa ikusi zuten zenbait hedabidek, erabaki giltzarririk hartu ez zelako. Ez zen erregai fosilak epe jakin batean erabat uzteko konpromiso espliziturik zehaztu, eta hori izan zen desengainurik handiena. Gai hori, “gai tabua”, eztabaidatzeke dago oraindik.

Anbizio klimatikoari dagokionez, nazio mailan zehaztutako ekarpenen (NDC) bigarren txandaren aurkezpenean, ez ziren espektatibak bete. 198 herrialdeetatik 121ek soilik aurkeztu zituzten NDC berriak. Hala, 78 herrialdek ez dute helburu zehatzik. Munduko emisioen laurdena baino gehiago da hori. Munduko baso-soiltzea data jakin batean ezabatzeko ibilbide-orri zehatzik ere ez zen egon.

Klimaren zientzia zalantzan

Fenomeno “nahiko berri” eta kezkagarri bat dugu begien aurrean: eragile batzuk, testuinguru geopolitikoak bultzatuta, ekintza klimatikoa babesten duten ebidentzia zientifikoak ahultzen saiatzen ari dira. Zientzia ahultzeko ahalegin hori agerian geratu da Estatu Batuen kasuan; izan ere, ez da presente egon funtsezko zientzia-paneletan (IPCC) eta bertako ikerketa aplikatuaren zati bat desegin da. Hala, hutsune bat sortu da, “Europa betetzen saiatzen ari dena”, Mª José Sanzen hitzetan.

Komunitate zientifikoak jakin behar du aurkikuntzak zorroztasunez jakinarazi behar dituela; ziurgabetasuna kudeatu behar duela, esajeratzen ari dela leporatu ez diezaioten, eta herritarrengandik hurbilago dauden argudioak bilatu behar dituela, beharrezko elkarrizketa eta konfiantza sortzeko.

Konferentzia osoa