Salvador Rueda, supersagarren sortzailea: “zirkulazioan dauden ibilgailuen kopurua % 15 murriztuta, espazioaren % 70 askatzen dugu”
Hirien egungo ereduak erronka handi bati egin behar dio aurre. Hiriak klima-aldaketaren agertoki nagusiak izateaz gain, berotegi-efektuko gasen igorle handiak ere badira. Salvador Rueda hiri-ekologoak, Ecología Urbana y Territorial fundazioko presidente eta zuzendariak, hirigintza ekosistemikoaren kontzeptua diseinatu zuen. Kontzeptu horrek hiriak klima-aldaketaren aurrean agertoki erresiliente bihurtzeko eta espazio publikoa herritarrei itzultzeko diseinatutako eredu integral bat planteatzen du.
Eredu horren adierazpide nagusia “supersagar” kontzeptua da, XXI. mendeko hirietarako diseinatutako hirigintza-eredu berri baten “zelula” edo oinarrizko unitatea. Salvador Ruedak Donostia Sustainability Forumean nabarmendu zuenez, helburua hiria birnaturalizatzea da, bizirauteko eta egokitzeko estrategia gisa, bero-boladak eta uholde-arriskuak arintzeko.
Natura hirira itzultzeko funtsezko gakoa mugikortasun-eredua aldatzea da. Ruedaren arabera, ezinezkoa da egungo egoera lehengoratzea, kaleak gehienbat zirkulatzen ari diren edo aparkatuta dauden ibilgailuek okupatzen badituzte. Supersagarren ereduak mugikortasun-sareak berriz diseinatzea proposatzen du, bide publikoaren ehuneko handiak askatzeko. Hori lortzeko, hiria bi mailatan antolatzen da: supersagar bakoitzeko kanpoko bideak paseko trafikorako, garraio publikorako eta merkantzietarako dira, eta hiriko hainbat puntu lotzen ditu; barruko espazioa, berriz, bertakoentzat eta tokiko zerbitzuentzat da, eta 10 km/h-ko abiadura mugatua du.
Ekologo katalanaren arabera, “supersagarren ereduarekin, guztia modu integralean aldatu dezakegu, ezer aldatu gabe; sareak berriz diseinatuta, hiria goitik behera aldatzen da”. Eredu hori aplikatu den Bartzelonako zonaldeetan, adibidez, oinezkoentzako 2.500 kale sortu, eta 7 milioi metro koadro inguru askatu dira. Ereduaren efizientzia harrigarria dela gaineratu zuen Salvador Ruedak; izan ere, zirkulazioan dauden ibilgailuen % 15 soilik murriztuta, espazio publikoaren % 70eraino aska daiteke. Bartzelonaren kasuan, trafikoa % 25 murriztea lortu da, eta, horri esker, sistema berehala eta modu masiboan ezarri ahal izango da.
Europako agindua
Hiri-ingurunea eraldatzeko premiak nahitaez bete behar den arau-babesa du orain: Europako Parlamentuaren 2024/1991 Erregelamendua, natura lehengoratzeari buruzkoa. Dokumentu horren arabera, 2030eko abenduaren 31rako, hiriek bermatu behar dute espazio berdearen eta zuhaitzezko estalduraren galera garbirik ez dagoela, 2024arekin alderatuta. 2031tik aurrera, arauak goranzko joera izatea eskatzen du adierazle horiei dagokienez, maila egokietara iritsi arte. Ruedaren hirigintza ekosistemikoa eskakizun horiek betetzea ahalbidetuko duten estrategiak diseinatzeko tresna metodologikoa da.
Gasteizen abian jarritako mugikortasun-planaren arduradun gisa, Salvador Ruedak azaldu zuen Gasteiz 47.000 zuhaitz izatetik 80.000 zuhaitz izatera igaro dela. Horrek erakusten digu eraldaketa posible dela, baita arrakastatsua dela ere. Gasteizek erabateko aldaketa egin zuen garraio publikoaren sarean 2009ko urrian; 18 autobus-linea izatetik 7 izatera igaro zen. Birdiseinu horri esker (sare ortogonal efizienteagoa), herritarrek geltoki hurbilagoak eta maiztasun altuagoak dituzte. Ondorioz, erabiltzaile berrien ehunekoa % 100 baino gehiago hazi zen pandemia baino lehen. Gainera, trafikoa murrizteko, galtzadako aparkalekuaren prezioa hirukoiztu, eta, hala, ibilgailuen fluxua modu ordenatuan jaistea lortu zen.
Birnaturalizazioa: estetikatik haratago
Ruedak ohartarazi zuen klima-aldaketara egokitzeko birnaturalizazio eraginkorra egiteko ikuspegi zientifiko eta sistemikoa behar dela, ez soilik bisuala. Natura da “hozteko makinarik” onena, ebapotranspirazioari esker. Ura lurruntzean, energia xurgatzen da ingurunetik, eta modu naturalean hozten da. Hori lortzeko, hirigintza ekosistemikoak hainbat neurri proposatzen ditu, hala nola alfonbra berde bikoitza sortzea (landaredi-geruza bat gainazalean, eta beste bat altueran, biodibertsitatea eta kontrol termikoa maximizatzeko) eta lurzoru iragazkorrak jartzea (sustraiak oxigenatzea eta euri-ura iragaztea ahalbidetzen dute). Horrela, izugarri murrizten da uholde-arriskua, eta akuiferoak berriz bete daitezke, araztegiak saturatu beharrean.
“Oinezkotik” “herritarrera”
Salvador Ruedak azaldu zuenez, toki batetik bestera doan oinezkoa “garraiobidea” da, eta bere hiri-eredua “herritarrarentzat” planteatzen du. Bere ustez, supersagarren barruan dagoen espazio publiko askatua jolasteko, trukatzeko, arteaz gozatzeko edo, besterik gabe, egoteko erabili behar da. Gaineratu zuen ebidentziak erakusten duela esku-hartze horiek eragile ekonomikoak direla: eraldatutako eremuetan, merkataritza-jarduera % 15 eta % 60 artean hazten da.
Osasunean duen eragina
Eredu hori ezartzeak ingurumen-irizpideei ez ezik, osasun publikoko irizpideei ere erantzuten die. Kalkuluen arabera, Bartzelonan supersagarrak ezarrita, urtean ia 700 heriotza goiztiar saihestuko lirateke, baita asma eta bronkitisaren milaka atake ere, eta 1.700 milioi euro aurreztuko lirateke osasun-kostuetan.