Berri guztiak

Maren Berzosa: Ez dut uste hizkuntza denik oztopoa; aurreiritziak dira benetako muga”

Abeslariak hizkuntzak musikan duen lekua, euskarazko kantek kanpoan duten harrera eta letrek, hizkuntza-mugetatik harago, entzuleekin sortzen duten konexioa izan ditu hizpide.

Maren Berzosa euskal abeslari, konpositore eta kantautorea da. Oso gaztetatik hasi zen abestiak idazten, eta bere musikaren bidez, bere bizipen eta esperientzien inguruan gertatzen zena adierazteko bide gisa erabili zuen. Alguien Sin Vergüenza lehen EPa argitaratu ondoren, Margaritas y Lavanda lehen diskoa kaleratu zuen, eta horri esker, Euskal Herrian zein estatu mailan kontzertuak eskaintzeko eta bere musika zabaltzeko aukera izan zuen. Berriki, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XVI ikastaroan parte hartu du hizlari gisa, euskararen, musikaren eta nazioartekotzearen arteko harremanari buruzko bere esperientzia eta ikuspegia partekatuz.

Zer harreman daukazu Etxepare Institutuarekin eta Musika Bulegoarekin?

Gutxitan egin dut lan bai Etxepare Institutuarekin, bai Musika Bulegoarekin. Hala ere, nire lehenengo biretan, estatu mailan, Etxepare Institutuak laguntza ematen zidan, euskaraz abesten nuelako, eta horri esker birako gastuei aurre egin ahal izan nien. Musika Bulegoarekin, berriz, hitzaldi batzuetan edo antzeko ekimenetan parte hartu izan dut noizbait.

Etxean euskaraz abesten hasi bazinen ere, profesionalki ingelesez hasi zinen. Nola aldatu da ordutik euskararen, gaztelaniaren eta ingelesaren erabilera zure musikan?

Euskara da nire ama-hizkuntza, eta eta emozionalki gertuen sentitzen dudana. Hasieran, euskaraz eta ingelesez egiten nuen; gero, ingelesera jo nuen, eta gaztelaniaz ere idazten hasi nintzen. Hiru hizkuntzen arteko oreka mantentzen saiatzen naiz, oso zaila den arren. Argi daukat gure hizkuntza babestu, aldarrikatu eta erabili egin behar dugula, batez ere, nire adineko jendearen artean garrantzitsua delako. Aldatzen joan da aukeren eta momentuaren arabera.

Zure ustez euskaraz abesteak zailtasun gehigarriak ekartzen al ditu estatu mailan edo nazioartean bidea egiteko? Nolako pisua dute oraindik hizkuntzaren inguruko aurreiritziek?

Nik ez nuen aldaketa egin pentsatuz honekin arrakasta handia edo txikia izango nuenik, baizik eta momentuan eta lan giroan horrela eman zelako. Baina iruditzen zait orain euskal musikak daukan indarrarekin, sare eta mugimendu asko daudela munduan zehar euskarak leku bat izateko, eta urrunago joan ahal garela euskaraz abesten. Ez dut uste hizkuntza denik oztopoa, baizik eta, zein lekutan dauden aurreiritziak. Baina bestela, esango nuke, denbora pasa ahala euskara gero eta indartsuagoa dela, bai hemen bai kanpoan.

Hizkuntza desberdinetan abesteak, zer nolako harrera sortarazten du Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo?

Oso ondo jasotzen dira, eta kontzertuaren ostean askotan etortzen dira erdaldunak esaten: “euskaraz abestu duzun abesti hau asko gustatu egin zait”, eta beti dira aipagarriak momentu horiek. Gainera, jaialdi handietan euskaraz abestu dugunean, infiltratu moduan sartu izan naiz, horrelako espazioetara zaila delako euskaraz bakarrik heltzea, eta hori jakinda, banekielako, euskaraz abestea aldarrikapen bat eta leku edo eszena hori okupatzeko modu bat zela. Eta horregatik, beti harrera oso polit bat eduki izan dugu.

Zein espaziotan aurkitzen du euskarak bere tokirik naturalena?

Niretzat errazagoa izan da areto txikietan euskaraz aritzea, ez daukagulako denbora-muga zorrotzik. Jaialdietan, berriz, ordutegiaren araberakoa da: normalean, 30 eta 50 minutu artean izaten ditugu, eta gainera, egunez bada, publikoaren arreta txikiagoa izaten da. Horregatik, testuinguru horretan zailagoa da. Jaialdietan errepertorioaren iraupena ondo neurtuta eramaten dugu; aretoetan, gehiago luzatzen gara, eta kontzertu akustikoetan ere berdin gertatzen da.

Nire ustez akustikoetan euskarazko abesti gehiago egoten direla besteetan baino, lekuaren arabera. Euskal Herrian banago, guztiz euskarazko kontzertu bat egin nezakeela esango nuke; noizean behin egiten ditugu euskarazko kontzertuak ere. Kanpora joaten garenean, uste dut posible izango litzatekeela, eta ez dut uste arazorik egongo litzatekeenik. Baina egia da nire ibilbideko abestirik ezagunenak gaztelaniaz izan direla, eta horregatik sortu dela joera hori: jendeak ezagutzen zituen abesti nagusiak gaztelaniazkoak ziren, nahiz eta euskarazko musika ere kaleratu dudan.

Zure ustez, zerk eragiten du zure abestiek entzuleekin konektatzea? Zer pisu du hizkuntzak lotura horretan?

Euskaraz idazten dudanean askoz hurbilagoa naizela esan daiteke, eta idazten dudana hauskorragoa eta pertsonalagoa dela. Gaztelaniaz idazten ikasi behar izan dut, espresatzeko modua ez delako berdina eta gehiago kostatu zaidalako klixeetan ez erortzea. Horregatik iruditzen zait erdaraz idazten dudanean ironia izugarria erabiltzen dudala, eta euskaraz, berriz, kontrakoa gertatzen dela: oso benetakoa izaten dela. Eta orduan, kanpora goazenean eta erdaraz abesten dugunean ere, pentsatzen dut nire egiteko modua hemengoa dela.

Hizkuntzaren kontua alde batera utzita, esan daiteke nire izaera beti dela hemengoa, egiten dudan edozein gauzatan. Denbora luzez pentsatu izan dut, agian aurreiritzi moduko batetik, bakoitzak bere hizkuntzan bakarrik sentituko zuela benetako hurbiltasuna. Baina azken hilabeteetan kaleratu ditugun abestiek kontrakoa erakutsi didate.

Adibidez, Zure zain argitaratu genuenean, gaztelaniazko azpitituluarekin jendeak ulertu ahal izateko eta jende asko erabat hunkituta geratu zen. Mezua ulertzeko ahalegina egin dute, eta erdaldunen aldetik mezu benetan hunkigarriak jaso ditugu. Ez digute hizkuntzagatik idazten, abestiek eragindako emozioagatik baizik: eskerrak emateko, ukitu ditugula esateko. Hor konturatu gara benetako lotura ez dela hizkuntzaren araberakoa; emozioak konektatzen duela, entzuleak hizkuntza hori ezagutu ala ez.